Gabirondo, Euskal Herriko Sega txapeldun bosgarren aldiz

Aiurri 2022ko uzt. 18a, 12:24
Pardo, Gabirondo, Lizartza eta Otegi segalariak, antolatzaileekin (Argazkia, Ibon Errazu, Karkara aldizkaria)

Julen Gabirondok bosgarren aldiz eskuratu du Euskal Herriko segalarien txapela, Pardok, Lizartzak, Otegik eta lauek Aiako belardietan atzo jokatu zuten txapelketa irabazi eta gero. Modu tradizionalean, ordu beteko saioan nork belar gehiago ebaki alegia, jokatu zuten, eta Gabirondok 105 kiloko aldea atera zion bigarrenari, Iban Pardori.

Hona azken sailkapena:

  1. Julen Gabirondo. 2.092 kg.
  2. Iban Pardo. 1.967 Kg.
  3. Mikel Lizartza 1.902 Kg.
  4. Jon Otegi 1.770 kg.

Txapelketa Aiako Andatza auzoan, igande eguardian jokatu zen, eta ETB1k saio osoa gabean diferituan eman zuen. EITB.eus-en ikusgai dago (15. minututik aurrera).

Julen Gabirondok bosgarren txapela eskuratu du, eta beraz, Bixente Mitxelena oiartzuarraren marka ondu du: iaz, gauza berbera egin zuen Jose Gabirondo osabak zeukan lau txapelen markarekin.

Juanan Legorburu ETBko kazetariaren galderei erantzunez, Gabirondok adierazi zuen lehenbiziko bi helburuak bete dituela, Gipuzkoako eta Euskal Herriko segako txapelak, eta hemendik aurrera aizkorari eta harriari helduko diela. Hain zuzen, uztailaren 26an Gipuzkoako aizkora txapelketan hartuko du parte, eta ondoren, Euskal Herriko Pentatloi txapelketan.  

Eskaintzaren atalean, zerrenda luzea aipatu zuen Gabirondok: “etxetik hasi, eta segituz biltzaile kuadrillari, Andoni lehengusuari, aste honetan joan den Aierdiko Angela Garmendia 95 urteko bizilagunari -txapelketa izaten zen aldiro nire aldeko kandela pizten zuelako eta gaur ere haren indarra sentitu dudalako-, eta azkenik, Mikel Garaialde lagun minari bihotzean daukagulako”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!