Gozotik ibili ohi da Mafalda Saloio aktorea eta zuzendari artistikoa oholtzaren bueltan lan egiten duen bakoitzean. Aktore gisa zenbaitetan, fokuen atzean, beste hainbestetan, eskarmentu luzea du antzerkigintzan.
Lisboan, jaioterrian hasi zuen ibilbidea, eta orain hamaika urte ailegatu zen Euskal Herrira, beste herrialde batzuetan izan ostean. Egunotan, Saroben dabil, izan ere, “Itsasotik” operaren –Donostiako Musika Hamabostaldiaren ekoizpena– zuzendari artistikoa da.
Lisboatarra zara jaiotzez, baina Parisera eraman zintuen antzerkiarekiko zaletasunak: Jacques Lecoq Nazioarteko Antzerki Eskolan formatu zinen, zehatz mehatz. Nola oroitzen duzu jauzi hori?
Kazetaritza ikasi nuen unibertsitatean, Lisboan. Bien bitartean, antzerkia ere egiten nuen konpainia batekin, alegia, banuen jada harremana oholtzarekin eta neure burua kazetaritzan baino, bertan kokatzen nuen gehiago. Gauzak horrela, lagun batek Parisera jo zuen Jacques Lecoq eskolan ikasteko. Hari horri tira egin eta haren atzetik joan nintzen ni beranduago: oso proposamen interesgarria da, gustuko dudalako beren lengoaia, antzerki fisikoa. Era berean, makina bat jatorrirekin lan egiten duen eskola da, nahasketa aberasgarria. Inprobisaketari bide ematen zitzaion, adibidez, eta nork bere jatorriko hizkuntzan antzez zezakeen. Elementu asko elkar gurutzatzen diren bidaia ederra da. Garrantzi handia ematen zaio bertan taldean lan egiteari.
Antzerki zalea al da Lisboa?
Nire ustez, bai. Nahasketa polita ematen da antzoki konbentzionalen eta bizirik dauden espazio alternatiboen artean. Azken horietako askok, gainera, komunitatearekin egiten dute lan; hiritarrekin antzerkia jorratzen da. Oso ekimen interesgarria dago, adibidez, Intendente auzoan, bizilagun guztiak mugitu ditu antzerki-dantzak. Tamalez, turismoa medio, beste toki batera aldatu behar izan dira.
Zure hastapenetan, hortaz, Lisboatik Parisera egin zenuen salto, antzerkigintzan sakonago murgiltzeko. Bertigoa eman al zizun jauzi horrek?
Unibertsitate-ikasketen bigarren mailan, Lisboako espazio alternatiboetan antzerkia egitea helburu zuen konpainia bat sortu nuen bizpahiru lagunekin, Lugar Vagon (1998-2005). Oso talde zoroa ginen. Zenbait proiektu egin genituen, hala nola, Lisboako Docapesca-n obra bat muntatu genuen, bi urtean, Rio Sabor itsasontzian, Vou Vai Ando. Antzerkigintzan murgiltzen jarraitu nahi nuela sentitu nuen une horretan, baita behin kazetaritza-ikasketak amaituta, klaseak ematen nituenean ere. Lagungarria egin zait gertukoek eman didaten babesa, erabakia hartzean. Jakin banekien lanbide prekarioa dela, baina motibazioek eta gogoek beti izan dute bertigoak baino pisu handiagoa.
Horrela, behin Pariseko ikasketak amaituta, etxera itzuli nintzen animaziora bideratutako antzerkia lantzen duen konpainia batekin lan egitera Caldas da Rainhara. Halaber, Lugar Vagon konpainiarekin ere egitasmoak egiten jarraitu nuen.
Brasilera ere eraman zaitu antzerkiak.
Birritan joan naiz. Jada gure artean ez den lagun handi bat, Maria Gabriella Llansol; idazlea zen, eta Belo Horizonteko unibertsitatean lan handia egiten dute autorearen obrarekin. Ondorioz, bi urte ezberdinetan, hilabete inguruko erresidentzia egiten izan naiz, testua mugimendua eta kantua lantzeko.
Hara eta honako joan-etorrian Euskal Herriarekin egin zenuen topo. Nola?
Maitasunak ekarri ninduen, orain 11 urte hona. Ez nuen Euskal Herria ezagutzen. Gogoan dut nola izan nintzen duela urte dezente Donostiako geltokian interraila egiten ari nintzela. Tren geldialdi hori zen hona bizitzera etorri baino lehen Euskal Herriarekin neukan harreman bakarra. Etxean sentitzen naiz, eta nire euskara zorrozten ari naiz apurka-apurka.
Zaila izan al da hemengo antzerki-testuinguruan txoko bat izatea?
Proiektu asko nituen eraikita garai hartan Portugalen. Euskal Herrira bizitzera etorri aurretik zenbait bisitaldi egin nituen, hemen gutxieneko lana bermatu ahal izateko. Kulturgune batean klaseak emateko aukera suertatzean etorri nintzen. Arlo horretan, workshop delakoetan neure bidea egiten ari naiz harrezkero.
Oholtzako lanari dagokionez, zailagoa egin zait, batez ere, lehen bostpasei urteetan. Konpainia arrakastatsu batekin nenbilen Portugalen, eta hori hemen programatzea, esate baterako, ez da lan makala izan. Programatzaileek oso gutxi arriskatzen dutelakoan nago, baina hori ez da soilik hemengo arazoa, hots, Portugalen ere asko gertatzen da.
Komunikazio berbalak taula gainean pisua izanik, nolakoa da zuretzat ama hizkuntza ez den beste hizkuntza batean lan egitea?
Ez dut erraztasun handirik hizkuntzak zorrotz ikasteko; neurera egokitzen ditut, eta, hortik abiatuta, komunikatzen, transmititzen ahalegintzen naiz. Portugalen nagoenean, proiektu baten ideiari eusteko zehar-zehar lan egiten dudala ohartu nahiz, hau da, bide bat baino gehiago eraikitzen dut muinera ailegatzeko. Aldiz, Euskal Herriak zuzenago lan egiten erakutsi dit, hemen nagoenean sentitzen dudan energiagatik.
Zailagoa da berezkoa ez duzun hizkuntza batean lan egitea. Halere, nahiz eta guztiz ongi ez jakin, ez gaztelera, ez euskara, eroso sentitzen naiz komunikazioan. Aldi berean, proiektu askotan, Turak konpainia frantsesean adibidez, hutsetik asmatutako hizkuntza batekin egiten dugu lan. Formatu horrekin ere oso eroso sentitzen naiz.
Hitzari erreparatzeaz gainera, gorputzari pisua ematen diozu eszenan. Horretarako, antzerkia, dantza eta musika uztartzen dituzu, maiz.
Eszenan jende askorekin lan egitea dut gogokoen: begiko dut pertsona bakoitzak modu indibidualean duen energia ikustea, eta baita, modu berean, energia horiek guztiak, masa organiko batean mugitzen direnean, sortzen den indarra sentitzea ere.
Diziplina anitzekoa da oholtzan gorputzaren agerpena. Esaterako, orain aurki estreinatuko dugun obra honetan, “Itsasotik”, ahotsak eta pianoak garrantzi berezia dute. Nola sartu, hortaz, pianoaren melodia gorputzean? Inprobisaziotik abiatzen naiz sortzeko; mugimendu batetik, egoera batetik ideia jakin batetik.
Aktore aritu ez ezik, fokuen atzean ere eskarmentua daukazu. Urrutira jo gabe, “Itsasotik” operako zuzendari artistikoa zara. Zer duzu nahiago, publikoaren atzeko ala aurreko lana?
Biak edo biak ditut gustuko, eta bakoitzak berea ematen dit. Egia da duela urte eta erditik ez dudala taula zapaltzen, eta morriña sartu ohi zait. Laster, abuztuaren 14an, bakarka arituko naiz Portugalen. Oso gogotsu nago!
Antzerkigintzan, oraindik ere nekez ikusten ditugu emakumeak erabaki-postuetan.
Oholtza pixkanaka hartzen ari garen arren, bide luzea dago aurretik. Oraindik ere emakumeoi kosta egiten zaigu geure txokoa aurkitzea, fikzioaren sorkuntzaz ari garenean. Gaur gaurkoz, bestelako kolorea duten espazioak falta dira, munduaren beste irakurketa bat egiteko.
2000. urtetik aurrera, antzerkitik abiatuta, komunitatearekin esku-hartze sozialeko lanaren aldeko apustuan zabiltza buru-belarri. Zer ekarpen egin diezaioke diziplina horrek gizarteari eta haren garapenerari?
Gauza asko eraldatzeko gai da antzerkia. Madalena Vitorino koreografo portugaldarrarekin asko ikasi nuen horri buruz. Oso nire sentitzen dut antzerkia eta komunitatea uztartzen diren espazioa.
Testuinguru diferenteak bizi dituzten kolektiboekin lan egitea gustatzen zait. Errealitatetik hurbil dagoen fikzioa da; errealitatea bera desitxuratuta, finean. Oso emaitza ederrak ateratzen dira; besteak beste, gai sozialak irudikatzen ditugu antzerkiak ematen dituen baliabideekin. Kolektibotasuna sortzen du horrek, talde-izaera, aldarrikapenerako, zer pentsatua emateko, ideiak indartzeko…
Ideia horri tiraka, Saroben, hilaren 31n aurrestreinatuko duzuen obran, “Itsasotik”, Emaus fundazioarekin elkarlanean ariko zarete, atrezzoa lantzen.
2018an, Easo Gazte Abesbatzaren operaren eszenografia Emausekin egin genuen. Bertara joan ginen guztiak, eta bertakoekin sortu genuen atrezzoa, material berrerabilgarriarekin. Bestalde, beraiek ere parte hartu izan dute obraren hasieran.
Orain, Easo Eskolaniarekin batera ariko dira lanean Easoko Gazte Abesbatzako kideak eta Emausekin harremana berreskuratuko dugu obra honetarako. Modu horretan, obra baten altxamenduaren prozesua gertutik bizitzeko eta bertan parte hartzeko aukera izango dute gaztetxoek. Balio handiagoa ematen dio horrek ikuskizunari. Gainera, hilaren 31n ikusteko aukera egongo den azken emaitzaren atzean lan-talde handi bat dago.
Zerekin egingo dute topo ikus-entzuleek?
Irudietatik abiatutako istorioa da “Itsasotik”, mugimendua ahotsa eta musikaren nahasketa. Neskatila baten istorioa kontatzen du, arrain batek irensten duenean hasten duen bidaia. Horren bitartez, hiri gris bat ezagutzen du, baita bertako biztanleak ere. Itsasoari buruzko hausnarketa ere bada, are gehiago, egun, itsasoa arazo askoren mugalde izanik.
Bi koro elkar gurutzatzen dituen obra da “Itsasotik”, eta, musikaren laguntzaz, publikoa istorioan murgilduko da, begien bistan hain ikusgarriak ez diren elementuekin bat egiteko.