Basabizi gunea zabaldu dute Arizmendin

Aiurri 2022ko uzt. 28a, 12:18

Foru Aldundiak Basabizi aurkeztu zuen atzokoan Arizmendin, Gipuzkoako basafauna berreskuratzeko eta naturara berriz itzultzeko zentroa izatera bideratu dutena.

Atzokoan Markel Olano diputatu nagusia, Arantxa Ariztimuño Mendietako eta Natura Inguruneko zuzendaria eta Basa Animalien eta Landareen Zerbitzuko teknikariak instalazioak aurkeztera hurbildu ziren Urnietara. Markel Olanok azaldu duenez, “Aldundiak hamarkadak daramatza lanean Gipuzkoan ditugun habitatak eta flora- eta fauna-espezieak zaindu eta berreskuratzeko hainbat proiektutan. Basabizik aukera emango digu desagertzeko arriskuan edo mehatxupean dagoen basafauna berreskuratzeko, kokapen aproposa duen instalazio batean”.

Lantaldea eta instalakuntzak

Aldundiak emandako datuen arabera, lau lagunez osatutako talde bat –albaitari bat, albaitaritzako bi laguntzaile kliniko eta langile bat– ariko da lanean, Basa Animalien eta Landareen Foru Zerbitzuak koordinatuta eta gainbegiratuta. 5.000 metro koadroko instalazioek honako hauek barne hartzen dituzte: harrerako modulu bat, modulu kliniko-administratibo bat, X izpiak, inkubagailuak, eta operazioak nahiz analisiak egiteko ebakuntza gela; bulegoa eta biltegia”.

Gaur egun, 22 animalia artatzen ari dira zentroan, tartean honako espezietakoak: bi zapelaitz, gabirai bat, belatz bat, hontz zuri bat, hiru apoarmatu korrontezale edo sei sorbeltz.

Animalia zauritu batekin topo eginez gero, zer?

Hauxe Aldundiaren aholkua: "Gomendatzen da ez ukitzea eta/edo manipulatzea, eta lehenbailehen horren berri ematea Mendietako eta Natura Inguruneko Zuzendaritzako irratiaren 943 000 420 telefonoan, Zaintza zerbitzuak jaso eta zentrora eraman dezan, berreskuratu eta ahalik eta lasterren bere ingurune naturalera itzuli ahal izateko".

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!