Sanmielak 2022

Iraila, ekitaldiz beteriko hilabetea Urnietan

Alba Cabrera Jauregi 2022ko ira. 2a, 07:00

Etxeberri plazako ospakizunak

Uda amaierak urtero iragartzen die urnietarrei jai-giroan sartzeko unea dela. Hala, bi urteko parentesi pandemikoaren ondorenean, inoiz baino gogotsuago hartuko dute herritarrek irailaren amaiera, zapia lepoan jantzi eta festez gozatzeko prest.

Udako ospakizunekin nahikoa ez, eta irribarre handi batekin egiten diote urnietarrek ongietorria beti irailari. Izan ere, hilabete amaierako asteburuan herriko festa garrantzitsuenak ospatuko dituzte. Ez da hori jai giroan murgiltzeko aitzakia bakarra izango, ordea: lehenago, Etxeberriko jaiak eta Oianumeko bertso-afaria izango dira.Etxeberri auzoko jaiekin batera hasiko dira kontuak eta kantuak Urnietan. Hori horrela, egitarau oparoa antolatu dute auzokideek, irailaren 16tik 18ra bitarteko asteburuan.  Txupinazotik aurrera, hamaika ekintzako agenda izango da herrian: musika-emanaldiak, herri-bazkaria, adin guztiei begirako ginkana, zirko-ikuskizuna eta beste makina bat hitzordu bilduko dira Etxeberri plazaren bueltan egun horietan.

Bertso afaria, hilaren 23an

Hariari tira eginez etorriko da, irailaren 23an, usadio luzeko jaien bezperako bertso-afaria, Poxta Zahar gazte kuadrillen elkartearen zein Aiurriren elkarlanaren ondorio. Amaia Agirreren gidaritzapean, errimen nahiz doinuen bueltan izango dira Maialen Lujanbio Zugasti eta Amets Arzallus Antia bertsolariak kantari, Euskal Herriko Bertso Txapelketa Nagusiko finarelako bi hilabete pasatxoren faltan. Oianumeko sagardotegiko kupelen artean izango da saioa, eta hilaren ipiniko dira sarrerak salgai 30 euroko kostuan: Urnietan, Matxo, Kantoi eta Oianumen; eta, Andoainen, aldiz, Ernaitza liburu-dendan nahiz Aiurrin bertan.

Sanmielak ate-joka

Alabaina, bi asteburu horien ajeen ostean iritsiko dira herritarrek grin handiz itxaron dituzten festak: Sanmielak. Asteazkenarekin emango zaio hasiera jai-giroari, hilaren 28an, San Miel egunean, hain zuzen ere. Hortik aurrera, eta, igandera bitarte, adin eta gustu guztiei begirako ekintzez gozatzeko  aukera izango dute, bai bertakoek, bai inguruetatik gerturatzen diren parrandazaleek. Horretarako, burubelarri dabiltza lanean askotariko antolatzaileak, Urnietari zer gozatua emateko. Hortaz, ez da aspertzeko tarterik izango herrian. 

HIRU HITZORDU AIPAGARRI

  • Jaiak Etxeberri Plazan Irailaren 16an hasi eta asteburu osoan ospakizunak izango dira Urnietako auzunean. Herri bazkaria egingo dute irailaren 17an eta txartela erosteko azken eguna irailaren 14a izango da.
  • Bertso afaria Oianumen IÒistorrak antolatzen zuen bertso afaria, eta aurtengoan Poxta Zahar gazte taldeak eta Aiurrik hartu dute bere gain antolaketa lana. Lujanbio eta Arzallus ariko dira kantari, irailaren 23an. Txartelak irailaren 7an salgai jarriko dira.
  • Sanmielak Urnietan Irailaren 28a asteazkena da, San Miguel egunaren bezpera. Arratsaldean ekingo diote jaiari, Mielaren jaitsierarekin eta txupinazoarekin. Txosnen irekiera ere egun horretan egingo dute.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!