Udalak Iraupen luzeko zaintza izango duten sei etxebizitza berri jarriko ditu martxan

Aiurri 2022ko ira. 14a, 14:04

Urnietako Udalak menpekotasuna duten eta familiaren laguntza ez duten 65 urtetik gorakoentzako etxebizitza zerbitzua hobetuko du, Akan 9, Errekalde 12 eta 14 solairuarteko kokagunean.

Udal-baliabide hau 65 urtetik gorako pertsonei dago zuzenduta, beren kabuz moldatu ezin direnei eta eguneroko zereginetan (janaria prestatzea, higiene pertsonala, etxea garbitzea…) familiaren laguntzarik ez dutenei. Sei apartamentuz osatutako ekipamendua udal-baliabidea izango da, eta etxe-funtzioa izango du, laguntzeko edota zaintzeko zerbitzu eta prestazioekin batera.

Etxebizitzekin batera, igogailua
Sei apartamentuak egokitzeko obrak urtea amaitu baino lehen hasi eta datorren urtean amaituko dira. Horrekin batera, igogailu bat ere egingo da, udalaren esanetan, herritar guztiei begira, "Idiazabal eta Errekalde kaleak lotuko dituena eta etorkizuneko etxeetarako irisgarritasuna bermatuko duena."

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!