“Giro ona eta festarako gogoa bilduko dira Etxeberri plazan”

Alba Cabrera Jauregi 2022ko ira. 15a, 11:18

Haurretatik hasi eta adinekoetara bitarte, Etxeberri plazara gerturatzeko aitzakia  izango dute herritarrek asteburuan: badatoz berriro ere Etxeberriko festak.

Hiru urteko parentesiaren ostean, bueltan dira Etxeberri plazako festak. Asteburu batez, hilaren 16tik 18ra bitartean, jaigiroan murgiltzeko gonbita luzatu dute auzokideek, antolatzaileek, hain zuzen ere, Etxeberri elkarteko kideek.

Ate joka dira Etxeberriko festak, baina zuek aspalditik zabiltzate buru-belarri lanean. Nolakoa izan da berriro ere antolakuntza lanei martxa hartzea?

Estela Cuevas: Azkenak 2019. urtean ospatu genituen. Gogo biziz gaude, baina egia da apur bat kosta egin zaigula prestaketa lanetan abiatzea. Gainera, aurten, berrikuntzak txertatu dizkiogu egitarauari, esate baterako, lehen, ostirala eta larunbata izaten ziren; orain, ostera, igandea ere batu zaio festari.

Fran Bravo: Hiru urte pasa ondoren, bada, pentsa zein nolako gogoak ditugun. Harremana mantendu dugu hiru urteotan, eta, noizbehinka, elkartu egiten gara; ondorioz, jarraipena eman diogu taldeari eta dinamikari. Estelak esan duen bezala, pixkanaka-pixkanaka egin dugu, ondo funtzionatu duten hitzorduak mantentzen eta proposamen berriak bermatzen.

Gainerako hilabeteetan, Etxeberri elkarteko kideak geldi egoten ez bazarete ere, datorren asteburua da zuentzat antolatzen duzuen hitzordu inportanteena.

E.C.: Oso gogotsu nago. Jendeak Etxeberriko jaiengatik galdetu digu azken boladan eta antolatuko diren gauzengatik. Gaiera, herriko ospakizunei irikiera ematen diote Etxeberriko jaiek, ondoren, Sanmielak zein Xoxokako festak baitatoz.

Cesar Sanchez: Pandemia garaiko urteetan, zenbait ekimen antolatu ditugu, utzi diguten beste. Biziki gogotsu gaude antolaketa lanetan gabiltzanok! Herri osoa dago gonbidatuta etortzera, baita ingurukoak ere.

Nori zuzendutako jaiak dira Etxeberri festak?

F.B.: Guztiontzat egindako jaiak dira Etxeberriko festak, eta hortik doa gure proposamena ere: adin guztiei begira aritu gara lanean, haurretatik hasi eta adinekoetara bitarte.

E.C.: Aurreko urteetan, 15-30 urte bitarteko publikoa kanpo gelditu delakoan naiz. Bada, horri ere erantzun diogu, eta, gainera, herriko jendeak parte hartuko du plaza girotzen.

Zerekin egingo dute topo plazara gerturatzen direnek?

C.S.: Giro ezin hobearekin egingo dute topo herritarrek, gozatzeko eta ondo pasatzeko gogoz dabilen jendearekin. Giro ona eta festarako gogoa bilduko dira Etxeberri plazan.

E.C.: Etxean bezala sentitzekoak eta sentiaraztekoak gara; ez zaigu zertan guztia hamarreko atera; inprobisatzen ere badakigu.

F.B.: Alegia, egitaraua prest badugu ere, unean unekoari ere erantzuten badakigu. Jendea oso gustura dago antolatzen dugunarekin.

Berrikuntzekin zatoztela aipatu duzue. Adibidez?

E.C.: Super H-ren elkarlana dugu aurtengo festetan. Normalean, beren festa propioa ospatu ohi dute irailean, eta, aurten, gurera batuko dira. Igandea ere, esan dugun moduan, proposamen berria da. Arratsaldeko zirko-ikuskizunari lotura emateko, umeei begirako plastiko irristagarria jarriko dugu.

Festak iragartzeko kartelean babesle asko ageri dira, tokiko komertzioak.

C:B.: Dirutan lagun ezin badute ere, nork beretik ematen du, jaiak osatzeko, eta asko eskertzen da, garesti irtetzen delako horrelako ekintzak antolatzea.

Jai giroa Urnietako beste espazio batzuetara zabaldu duzue.

E.C.: Jaiak antolatzen ditugun laugarren aldia dugu aurten. Polita litzateke auzoek beren jaiak berreskuratzea. Lehen, adibidez, Urrakan ere izaten zen zer ospatua. Hasi ginenetik, Udalak ere gure plazan ekintzak antolatzeko pausua eman du.

C.S.: Lan handia eskatzen du antolaketak. Baina gogoz egiten dugu, gozamenetik. Horregatik, inork batu nahiko balu, izan auzokidea ala ez izan, gure ateak beti irekita izango dira.

F.B.: Lana da, baina asko gogobetetzen du. Auzoko festak gertukoak dira, zure betiko espazioetatik irten eta elkarren artean ezagutzeko aukera aproposa, jai giroan murgilduta.

Hortaz, giro polita biltzea aurreikusten duzue plazaren bueltan datorren asteburu honetan.

C.S.: Gurera etortzeko gonbidapena luzatu nahi diogu jendeari. Animatu daitezela!

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!