Sinesten zaila da, baina bueltan da Jokin Lizeaga

Andoni Urbistondo 2022ko ira. 16a, 09:00

Urnietarrak dortsala jarri eta mendi lasterketa bat osatu ahal izan du istripua izan eta bost urtera; oinazerik gabe korritu ahal izatea plazer izan omen da berarentzat, baina zuhurra da, mantso joan nahi du. Ubidestroi proban bigarren sailkatu zen.

Bost urte, urte asko dira. Batez ere gai beraren inguruan bueltaka aritzeko. Zer esanik ez gai hori arantzatsua bada, norberaren sentimenduengan eragin zuzena baldin badu. Jokin Lizeagari bizitza aldatu zitzaion bost urte atzera, jakina da hori. Jakina da, era berean, gutxi-asko, Asturiasko proba hartan izandako erorketa larriak oinaze asko utzi dizkiola; mila osasun arazo, ziurgabetasun franko eta zalantza piloa. Ibiltzeko komeriak, eta gehien maite duena egiteko ezina. Mendian korrika egitea izan da urnietarraren ihesbidea azken hamarkada eta erdian, eta hori egiteko aukerarik gabe umezurtz sentitu da azken bost urtekoan.

Jokin bera ernegatu antzean zebilen sarri, jendearen betiko galderari betiko erantzun etsigarria eman beste erremediorik ez: ‘Zer moduz habil? Hobeto? Mendian korrika egiten hasi al haiz?’. Eta jendea, gu, edonor, betiko galdera egiteko prestu. Eta Jokin bera, adeitsu, denei erantzuten, tabako makinen pare, esker mezua ematen bezeroak tabakoa erosi ostean. Hitz hauen egileak aspaldi utzi zion galdetzeari. Galdetzeak deseroso sentiarazten baitzuen Jokin. Nobedaderen bat izatekotan, etorriko zen, eta kontatuko zuen.
Urteko lehen zortzi hilabetetan dozena bat solasaldi izango nituen Jokinekin. Umeak ikastolara zeramatzala, kale bueltaren batean, beste batzuetan watsap mezuren bat… Bere osasun egoeraz gauza gutxi. Galdera bat, erantzun bat eta kito. Asteak pasa egiten dira, hilabeteak, oporrak han eta hemen… Udan jendearen arrastoa galtzen da. Ikasturte hasieran, bat-batean, mezu bat herriko mendi korrikalarien taldean. Ainhoa Jauregiren mezua, Ubiden zegoen mahai-inguru batean parte hartu behar zuela Jokinek, eta gero bertako Ubidestroi lasterketa korritu. Hara hurbiltzeko gonbitea egin zuen Jokinen bikoteak.

Pasa den astean kalean topatu nintzen Jokinekin. Elkarrizketatxoan bota nion, txantxetan: “Irabazi egingo duk, agian?”. Berak, ironiaz: “Bukatzen baldin badiat nahiko!”. Horrelaxe geratu zen kontua. Pasa den larunbatean, irratian lanean, beste watsap bat mendi korrikalarien taldean, argazki batekin. ‘Jokin Lizeaga bigarren iritsi da Ubideko proban’, zioen watsap-ak. Aho bete hortz geratu nintzen. Nagusiari esan nion, eta Jokini berari audio bat eskatu ziola, arratseko Hiru Erregeen Mahaian sartzeko. Elkarrizketa egingo niola esan nion nagusiari, eta han erantzun zuen Jokinek, beti bezain adeitsu.

Bigarren postuan helmugaratu zelako pozik ote zegoen galdetu, eta baiezkoa bota zuen, noski, baina garrantzitsuena ez zela postua bera, podiumera igo izana, berriro lehiakideekin elkartzea eta mendi lasterketen saltsa bizitzea baizik. Lasterketa bezperako astea gogorra izan zela onartu zuen Jokinek, hango eta hemengo min batzuk izan zituela, baina lasai atera zela, atzetik aurrera egiteko asmoz. Helmugan Hassan Ait Chaou laguna eta garailea besarkatu eta gustura sentitu zen: “Hezur guztiak bere lekuan, giharretako mina bakarrik, baina ondo, horiek pasako dira”.

Maiatzean oinez ibili ezinik zen

Bost urte dortsalik jarri ezinik, oinazeak jota, eta parte hartzen duen lehen mendi lasterketan, bigarren postua. Akaso ez da izango Euskal Herriko lasterketa entzutetsuena, Ubidekoa, baina jakina da edozein probetan bigarren sailkatzea aski zaila dela, zer esanik ez bost urte lehiatu ezinik egin eta gero. Hotzean, hausnarketa zintzo hau egin zuen irratian Jokinek: “Maiatzean ibili ezinik nenbilen, minez jota. Tratamendu bat hasi nuen, eta nonbait hezurrak bere onera itzuli dira. Minik gabe, orain bost urte neukan bizitza zoriontsu hartara, bete hartara bueltatzea izan dut buruan, obsesio bilakatu arte. Dortsalarekin korrika egin nahi nuen berriro, kosta ahala kosta, eta lortu dut. Bukatzear den uda aspaldiko onena izan da, olatu ona hartu dut eta gustura nago”.

Behin hasita, hasitakoa jarraipena eman nahi lioke Lizeagak, baina kontziente da mantso eta pausoz pauso egin behar duela: “Gaur ondo nago, baina bihar ondo izango ote naizen ezin jakin. Ez daukat batere bermerik, eta bihar akaso hezurretako arazoak, oinazeak bueltatzen dira, eta herrenka ibili behar dut. Minik ez daukadan bitartean herriko mendietan barrena ibili nahi nuke berriz. Buruntza, Adarran barrena, lasai, gozatzen, eta ahal izanez gero beste probaren bat korritu, udazkenean mendiak zuritu aurretik. Noski, irabazteko aukera baldin badut, are hobeto. Motibazioa biderkatu egingo da”.

Lizeagak ez dio erreparatu proben egitarauari, non korritzeko aukera izango duen hurrengo hilabetean, baina egutegia begiratu gabe ere badaki non aritu nai lukeen: Galdeanoko Basajaun lasterketa, Nafarroan. Lasterketa hori Sergio Aramendia korrikalariak antolatzen du, Asturiasko istripuan Jokini laguntza, babesa eta epeltasuna eman zion korrikalariak urtero galdetu omen izan dio Jokini, Basajaun lasterketa korritzera animatuko ote zen, probari distira pixka bat emate aldera, eta beti ezezkoa: “Beti erantzuten ezin nuela, herrenka nenbilelako, edo oinazeak jota. Zorretan egon eta zorrak kitatu ezin egotea gogorra da, eta aurten zor horiek kitatzea espero dut”.

Duela hamar egun idatzi zion Lizeagak Aramendiari: ‘Aurten korrika nabil, Sergio, ea urrira arte irauten dudan’, bota zion. Beti bezain zuhur, hilabete eta erdi epe luzea baita Lizeagak adina sufritu duen kirolariarentzat. Egun asko, bere osasun egoera ez txartzeko esperantzarekin. Ahal badu, egingo du, bost urtetan ez badu etsi, ez duelako hilabete eta erdian etsiko. Sinesten zaila da, bana Jokin Lizeaga bueltan da. Ea luzerako den!!!

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!