"Ekarpentxoa egin nahi diogu euskalgintzari"

Alba Cabrera Jauregi 2022ko ira. 19a, 09:22

Kantu bazkaria antolatu du Kantazaunek Sanmielei begira urriaren 2an. Sarrerak eskuragarri daude jada, irailaren 27ra bitarte.

Sanmielen azken txanpan, urriaren 2an, aurreko egunetako ospakizunen ajea kentzeko proposamena du Kantazaun ekimenak: igandearekin, kantu bazkaria antolatu du, txosnagunean, eguerdiko 14:00tan.  

Ospakizunari amaiera emateko, kantu bazkaria antolatu duzue jaien azken egunean. Nondik dator proposamena?

Pandemia aurretik hasi ginen lanean, nolabait, herrian euskal giroaren apaltasuna ikusita. Gutxienez, euskal kulturan tradizionalki kantuari izan diogun abegikortasun hori dela eta, kantuzaleak garen batzuek elkarri begiratu genion eta… “Zergatik ez gara kantuan kalera ateratzen? Zeren zain gaude? Norbaitek esan behar al digu?”. Horrelaxe abiatu ginen, baina pandemia etorri zitzaigun gainera. Halere, itzuleran, egoera baretzean, berriro ekin genion, formalitate pixka batekin. Eta, orain, ikasturtearen hasiera medio, egokia iruditu zitzaigun Sanmieletan zerbait berezixeagoa egitea: ondorioz, bazkari bat antolatzea pentsatu genuen kantuaren laguntzarekin, baina, batez ere, herrriko euskaltzaleek batzeko, oso egoera dispertso eta sakabanatuan gaudelako Urnietan, euskaldunok kohesionatuko gaituen bitartekorik edota tresnarik gabe.

Hutsune horri erantzuteko asmoz dator zuen proposamena, kantu bazkaria.

Ekarpentxoa egin nahi diogu euskalgintzari. Badakigu adineko jendea garela, gazte jendearen proposamena ez baitoa euskal kantagintza tradizionalaren bidetik. Baina, tira, guri hori gustatzen zaigu, euskaldunak gara eta euskal kulturaren ekarpen hori bizirik mantendu nahi dugu. Gozatu egiten dugu guk, eta horrelaxe jarraitu nahi dugu, euskaraz egindako zerbaitekin.

Zure ustez, gazte belaunaldia ere gerturatuko al da bazkarira?

Zail xamarra ikusten dut hori. Uste dut  errealistak izan behar garela eta ulertu belaunaldi bakoitzak bere ekarpenak egingo dizkiola euskalgintzari. Gure aurrekoekin alderatuta, beste urrats bat eman genuen guk, eztabaidekin. Belaunaldi gazteak beste egoera batean ikusten ditut; hobea? Okerragoa? ez dakit, “ezberdina” esango nuke gehiago. Horrek gu nolabait lainotutako egoera batean bezala jarri gaitu: euskaldunak gara eta, momentu batean, ez dakigu non gauden, eta ez dakigu ia nora goazen ere. Horren harira, gure kulturan kolektiboan funtzionatzea izan dugu ohituratzat, alegia, komunitate kohesio bat derrigorrezkoa dugu. Herrian gaudenok urrats hori emateko nahia dugu. Horrenbestez, gazteak bazkarira datozela? Etor ditezela! Beste proposamen bat dutela? Gu oso gustura joango gara! Ez goaz gazte jendeari esatera “hau da egin behar duzuena”. Elkarguneak bilatuko ditugu nork bere proposamenetik.

Hain justu ere, kohesioari heltzeko modua musikatik eta kantutik egingo duzue urriaren 2an.

Herritarrekin batera, zein bertsolari eta musikari izango dira?

Aitor Mendiluze eta Nerea Elustondo bertsolariak izango dira gurean, eta, aldiz, musikan, Aitor Atxega eta Imanol Kamio.

Zein kantu-zerrenda abesteko aukera izango du bazkarira gerturatzen denak?

Kantazaun gisa, bere garaian, argitara atera genuen liburuxkako 30 bat abesti izango dira. Horren bueltan arituko gara, gutxi gorabehera: euskal kantagintza tradizionala, garaikideagoak diren beste zenbait kanturekin nahastuta.

Interesa duenak zer egin behar du zuen hitzordura joateko?

Telefonoz deitu daiteke (661 009 516 eta 686 065 113) erreserba egiteko, edo, bestela, Bikain kafetegian zuzenean txartela eskuratu dezake, 28 euroren truke, hilaren 27ra bitarte. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!