“Lagun beltz asko” aurrestreinatuko du Ados Teatroa konpainiak Saroben

Beste behin, geldialdia egin du Ados Teatroak Saroben, “Lagun beltz asko” ikuskizuna prestatu eta jendaurrean erakusteko. Horrela, urriaren 7an aurrrestreinaldia egingo du konpainiak,arratsaldeko 19:00tan.

Sarrerak 5 euroko kostua izango du, baina, adi, betiko moduan, 2 sarrerako 4 sorta zozkatuko dira, irailaren 19tik 25era arte izena ematen duten urnietarren artean. Zozketa irailaren 26an egingo da.

Zozketan parte hartzeko egin klik ondorengo estekan. Saroben jarritako kutxatilan ere izena eman daiteke zozketan parte hartzeko.

Sinopsia

Hemen ez gara arrazistak. Hemen denok ditugu lagun beltz asko. Eta gauza asko entzuten da, gero eta delinkuentzia gehiago dagoela, jende horrek lana kenduko digula entzuten da.

Berandu da. Kalean ez dabil inor. Ixtear doan taberna arrunt batean gertatzen da istorioa. Barruan, tabernako jabea eta bere lagun hoberena azkena hartzen ari dira. Oso lagun dirudite baina sekretuak eta traizioak ezkutatzen dizkiote batak besteari. Bat-batean, galduta dagoen migratzaile batek atea jotzen du eta mugikorra kargatzen uztea eskatzen die, Londresen dagoen alabarekin hitz egin ahal izateko. Mugikorrik gabe ezin du ez alabarekin hitz egin ezta bere bidaiarekin jarraitu ere.

Gaua luzatzen da eta “bertakoek” hain urrunetik datorrenari lagundu egin nahi diote nola edo hala. Ezin elkar ulertu ordea. Istorio hau, taberna batera bizirik sartu eta bertatik bizirik gabe aterako den atzerritar baten istorioa da, nahigabean, isilpeko sekretuak nahastu baititu. Gauaren bukaeran, gorpu geldo bat tabernako zoruan. Poliziari kontatuko dioten bertsioa, berriz, klasikoa: ez zuen paperik, indarrean sartu zen, lapurtu egin nahi zien. Ikusi bestela, lekuko frogak eta markak. Beraiek lagundu besterik ez zuten egin nahi baina arazoa da ez ziotela ezertxo ere ulertzen. Agian zerbait ulertu izan baliote, han ez zen ezer gertatu izango.

Fitxa artistikoa eta teknikoa

  • Antzezleak: Ramon Ibarra, Asier Hormaza eta Josu Ormaetxe
  • Gidoia eta zuzendaria: Garbi Losada
  • Jatorrizko istorioa eta ekoizpen exekutiboa: Jose Antonio Vitoria
  • Argiztapenaren diseinua: Xabier Lozano
  • Jatorrizko musika eta soinu espazioa: Javier Asin
  • Eszenografiaren eta jantzien diseinua: Ikerne Gimenez

 

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!