Webgune berria dauka Sarobek, komunitatean kultur sareak ehuntzeko

Aiurri 2022ko ira. 23a, 09:26

Webgune berria aurkeztu du Sarobe arte eszenikoen guneak. Urnietarrek kultura eskura izatea xede, askotariko berritasunek hornitzen dute orrialde digitala. Ekitaldien berri emateaz gain, Sarobeko tripak ezaguteko aukera ematen du proposamenak, euskaraz zein gazteleraz. 

Guztiei begirako webgunea du Sarobek, ikus-entzuleetatik hasi eta oholtzaren atzean lanean dihardutenetara bitarte. Ohiko agenda ez ezik, udal ikastaroek eta tailerrek ere beren tokia izango dute atari digitalean. Bestalde, konpainiek Fabrika espazioaren erreserba egiteko aukera izango dute: horrela, orain arte bezala, taldeek beren proposamen eszenikoak asmatzeko, esperimentatzeko eta gauzatzeko, Sarobeko espazio, azpiegitura eta baliabide profesionalak baliatu ditzakete. Herri ekoizpenek Urnietan duten garrantzia aitortuta, horiei zuzendutako atala bat dauka, baita blog bat ere, kulturari lotutako ekimenak ezagutarazteko.

Arte eszenikoen elkartrukea errazten duen espazioa da Sarobe, eta helburu horixe bera bete nahi du mundu digitalean ere. Horretarako sortu da webgunea, herritarrek kultura klik bakarrera izan dezaten. 

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!