Gurutze Iantzi gogoan hartu, eta egia eta justizia eskatu dute

Aiurri 2022ko ira. 23a, 21:14

Gurutze Iantziren memoria bizirik mantentzen dute Urnietan urtez urte, eta gaur hura gogoan hartzearekin batera egia eta justizia eskatu dute kontsejupeko ekitaldian parte hartu duten herritarrek. Iantziren omenezko hitzak, aurreskua, txalaparta, bertsoak eta lore eskaintza argazki-bildumaren eta bideoaren eskutik, ikusgai:

Ekitaldian adierazi dutenez, "29 urte hauetan gertatutakoaren aitortza eskatu dugu; herritik bizirik eraman, torturatu, hil eta beste hainbat euskal herritar bezala gorpu itzuli zutela aitortzeko; herritar guztioi dagokiguna aitortzeko, guardia zibilak hil zuela aitortzeko; ez zela heriotza naturala izan aitortzeko".

Eta honako salaketa egin dute, "29 urteren ondoren, instituzioentzako Gurutzerena heriotza naturala izan zen. Ez zuten abertzalea zelako atxilotu, torturatu eta hil; naturala izan omen zen. Oraindik ez du ez aitortzarik ez egiarik jaso inongo instituzio ofizialetatik, ezta Urnietako udaletxetik ere. Eusko Jaurlaritzarentzako ere "argitzeko" omen dago zer gertatu zen. 29 urte ondoren ez dago egiarik Gurutzerentzat".

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!