Bi urnietar Herri Kirolen Olinpoan

Andoni Urbistondo 2022ko ira. 26a, 18:48

©Uztarria

Nerea Arrutik irabazi zuen txapela, bere lehen parte hartzean, eta bigarren postuarekin konformatu zen Julen Gabirondo.

Urnieta Herri Kirolen Olinpoan sartu da bi kirolari handiren kemenari esker. Julen Gabirondok aspaldi pasa zuen Olinpo horren atea, segako Euskal Herriko bost txapelketa jantzita, apustuak irabazita, eta Pentatloian aurkariak beldurtuta. Nerea Arrutik egindako balentria itzela da, Gabirondo beraren tamainan edo garrantzitsuagoa. Izan ere, Pentatloiko finalean parte hartzen duen lehen aukeran irabazi zuen txapela Lekun baserriko gazteak, eta nagusitasun handiarekin, gainera.

Txapelketa ikusgarria da Pentatloia, herri kiroletako lau diziplina eta korrika saioa batzen dituena. Erresistentzia handia eskatzen duen lehiaketa da, eta oso gogorra, ez baitu apenas atsedena hartzeko tarterik eskaintzen. Harri jasotzea, aurrena, giza proba gero, aizkora ondoren, txinga garraioa hurrena, eta korrika saio nekosoa bukatzeko. Arrutik 21 minutu pasatxotan osatu zuen lana, garaipena ospatzeko astiarekin bukaeran.

Antolatzaileek lan bikaina egin zuten, aurkezpenak AEBetako ikuskizun handien kutsua hartu baitzuen. Kirolariak izar handiak bailiran aurkeztu zituzten, banaka-banaka, musika abesti ezagunekin eta pelikuletako gezurrezko ke efektuekin. Zinemaldiko Itxiera Gala bukatu berritan zen Donostian, eta hango izarren pare egin zituzten atarikoak Azpeitiko zezen plazan.

1.000 lagun inguru elkartu ziren, soinutsuenak Mallabiko koadrila handia, Gisasolatarrak animatzeko. Nerea Arrutiren aldeko pankarta ere erakutsi zuten bere jarraitzaileek. Arrutik urduri antzean ekin zion harri-jasotze lanei. Epaileak altxaldi bat baliogabetzat eman zion, eta Karmele Gisasolak eta Lucia Orbek aurretik bukatu zuten. Giza-proban ere komeriak izan zituen urnietarrak, irrist egin baitzuen sarri 250 kiloko harriari tiraka. Zilipurdika ere ibili zen, tarteka, Nerea, harritzarrari neurria hartu ezinik.

Bi bizkaitarrek minutu erdi eskaseko alde txikiarekin ekin zioten aizkora lanari. Diziplina guztietan luzeena. Arrutik orduan eman zuen bere onena, eta eraginkortasun handiarekin, 45 ontzako lehen enborra erdibitzerako aurretik baitzen. Bigarrenean ere antzera jarraitu zuen, egurrean, eta Orbe eta Gisasola lehiakideak, aldiz, bete antzean. Minutu eta erdiko aldearekin ekin zion txinga jardunari, eta errenta zertxobait handitu. Korrika hasi zenerako bi minutuko aldea zeukan Karmele Gisasolarekiko, hiru itzuli pasa, eta Arrutik aise eutsi zion lidergoari. Azken itzulia Azpeitira bertaratu ziren zaleei eskerrak emateko baliatu zuen urnietarrak.

Gabirondo txapeldunorde

Gizonen lehiaketa hasterako gaueko 11k gertu ziren. Bi txanda egin zituzten. Bigarrenean abiatu zen Julen Gabirondo Mozotegi etxeko semea, alboan Andoni Iruretagoiena eta Xabier Zaldua zituela. Iruretagoiena aiarra zen faborito nagusia, irailaren 3ko finalerdian ikusitakoa gogoan, baina esperantza bazen urnietarren artean. Izan ere, Gabirondok handiak egin ditu azken urtetan, mutil indartsua da, atleta bikaina, eta ezin hura bazterrean utzi, lehia bukatu arte.

Harri-jasotzean bi altxaldiko txandak egin zituen Gabirondok, Beñat Telleriak lagunduta. Iruretagoiena, aldiz, hirunaka ari zen, eta minutu erdi pasatxoko errenta kendu zion Urnietakoari giza proba hasterako. Zaldua ere aurretik zuen, artean, Mozotegikoak. Aizkora saioari azkena ekin zion Julenek, baino bigarren enborra bukatzerako (kanaerdiko hiru moztu behar zituzten) Zaldua atzetik zeukan. Ez horrela Izeta VI., Aiakoak aldeari eusten baitzion.

Gabirondoren zaleok itxaropentsu ginen, txinga saioan txapeldunari denbora apur bat jango ziolako, eta esperantza irabazi korrika saiorako. Izeta VI., baina, nagusi aritu zen. Txinga saioa txingak zoruan utzi gabe egin zituen bakarra izan zen, eta horrek erakusten du zergatik zen txapeldun izateko faborito nagusia. Korrikako zatian zaila da sailkapenean aldaketak egotea. Lehena doanak kontrolpean izaten ditu aurkariak, eta jazarpenean datozenak ere ezin sobera arriskatu, pott ez egiteko.

Egoera horretan ikusi zuen bere burua Gabirondok. Bi itzuli eta erdiko abantaila zeukan Izeta VI.-k korrika saioa hasterakoan, eta Zaldua hirugarren sailkatua itzuli erdira zuen, 20-25 segundo baino ez. Saiatu zen Gabirondo estutzen, baina bete samar sumatu zitzaion harmailetatik. Zaldua bera ere egurrean hasi zen, txapelduna bera aurreratuz eta Gabirondo gero eta gertuago. Urnietarrak txapela ahaztu, eta bigarren postua babestu behar izan zuen azken itzulietan. Bitxia izan zen itzuliak zenbatzen ari zen lagunari kargu hartu ziola, itzuliren bat kontatu ez ziolako. Alegia, burua argi zuela bukatu zituela lanak. Mozotegikoak Izeta VI. txapelduna baino 1.07 gehiago behar izan zuen bere lana bukatzeko, baina bien arteko distantzia erreala handixeagoa izan zen, Iruretagoienak lasai antzean egin baitzituen azken bi itzuliak, garaipena ospatzen.

Bukaerako ekitaldia polita izan zen, kirolari guztiak batera plaza erdian, sari banaketa dotorean. Eta jendea pozik, mila lagun pasa. Pentatloia geratzeko etorri delako.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!