Zer da The Roristak?
Eneko Bustillo: 2019an Urnietan Gazte Asanblada bat zegoen. Bertako sinergiak eta gogoa ikusita, Sanmieletan kontzertu bat eskaini genuen Mikaelaeneako kanpoaldean festen aldarrikapena egiteko. Esperimentua ondo irten zen eta herritarak gustura egoteaz gain parte hartzera animatu zirela ikusi genuen. Horiek horrela, aukera polita sortu zen talde aske eta herrikoi bat sortzeko. Egun, auzoko zein herriko ekitaldietan parte hartzeko prest gauden galdetzen digute, eta gu, pozik.
Diego Carballeda: Azken finean, ondo pasatzeko aitzakia bat da. Nahi dugun musika jotzeko aukera dugu inongo presiorik eduki gabe.
Zenbak kide zarete taldean?
D.C.: Talde irekia denez, ez dago taldekide kopuru zehatz bat, baina, zerbait esatearren, WhatsApp taldean 20tik gora kide gaude. Entseguetan, berriz, askoz ere gutxiago egoten gara. Gainera, kontzertuan bertan norbait taula gainera igotzera animatuz gero ongi etorria izango da.
Musika mota asko jotzen al dituzue?
E.B.: Hemendik At, Huntza, Eskorbuto, Metallica eta Des-Kontrol bezalako taldeen estiloko musika jotzen dugu. Baita 80. hamarkadako Hit Techno Euro Dance ere –kar, kar, kar–.
D.C.: Musika mota nagusia rocka dela esango nuke, baina hesiak gainditzen saiatzen ari gara.
Nolakoak izaten dira taldeko entseguak?
E.B.: Ez gara taldekide asko agertzen entseguetara, esan bezala. Badakizu, lana, ikasketak eta eginbeharrak... Batzuetan nahiko kaotikoa izaten da, baina ondo moldatzen gara.
D.C.: Ausazkoak izaten dira. Hasieran ez ziren horrenbeste entsegu egiten. Lehen kontzertuetarako bakarra egin eta nahikoa izaten zen. Egun, berriz, apur bat perfekzionista nahizenez gero, entsegu gehiago egiten hasi gara. Izan ere, abesti berriak jotzen hastea lanketa handiagoa eskatzen dute. Aurreko kontzerturako lau entsegu egin genituen eta Sanmieletako beste bi.
Herriko talde finkoa bilakatzeko bidean zaudetela dirudi...
D.C.: Agian profesionalizatzen hasi beharko dugu, ez dakit...
E.B.: Ez dakit profesionalizatzeko gai izango garen, baina gure defentsan, talde gisa bi jabetzen berri eman nahiko genuke: 12 euroko pendrive bat eta Steven Xauxar tabernako zerbitzari ohiak emandako bateria. Konforme gaude dugunarekin, oraingoz.
Zein da zuen aurreikuspen Sanmielei begira?
E.B.: Lehenik eta behin, esker ona adierazi nahi diogu Poxta Zaharri emandako aukeragatik eta egiten ari den lanagatik. Aurreikuspenari dagokionez, gure kontzertu jendetsuena izatea espero dugu. Pandemia osteko Sanmielak bereziak izango direlako eta jendeak gogo handia duelako.
D.C.: Jendea gogotsu egotea espero dugu. Testuinguru horretan, agian, kontzertua are erakargarriagoa izango da. Horrez gain, herritarrei parte hartzeko, kantak gomendatzeko eta, nahi izanez gero, taula gainera igotzeko gonbitea bidaltzen diegu.