Nola otu zitzaizuen gau elektronikoa antolatzea Urnietan?
Mikel Garcia: Betidanik eduki dut elektronika Sanmieletan txertatzeko nahia. Gainera, gaztetatik, musika elektronikoarekin harremanduta egon naiz, beraz, nire herrian oso gogoko dudan musika jaialdi bat egitea izugarria da, amets bat. Hori gutxi balitz, fama nazionala duen eta ezagutzen ditudan DJak datoz. Esan beharra dago, hau guztia antolatzeko jai batzordearen eta Udalaren babesa ezinbestekoa izan dela.
Sergio Amado: DJ gisa ia duela hogei urte hasi nintzen eta zenbait jai antolatu izan ditut. Horregatik, Mikelek ideia hau aipatu zidanean, laguntzeko prest nengoela adierazi nion.
Zer da musika elektronikoa zuentzat?
M.G.: Niretzako bizi-estiloa da. Ostiralean Urnietako gazte batekin egingo dut saioa eta Techno musika landuko dugu, bizia eta indartsua. Horrek guztiak egunerokotasunean aurrera egiteko indarra eta bizia ematen dit; entzuleak nirekin batera gozatzeko gogo handia sorrarazten dit.
Gauza bat esango dizut, nire aitak gorrotu du musika hau, baina, neurri batean, zentzua bilatzen dio; hau da, bere semeari izugarri gustatzen zaio, bizi egiten du. Sarritan esan izan dit: "Musika nahasketak egiten hasten zarenean, aldartea aldatzen zaizu".
S.A.: Kultura da, beste edozein musika mota bezalaxe. Egia da ere, oso zaila dela musika hau entzun ez duen norbait bilatzea, gogoko musika izan edo ez. Galdera zaila da; musika elektronikoa sekula entzun ez duen norbaiti zer den azaltzea oso konplexua da. Nire amari ere ez zaio batere gustatzen musika mota hau, baina egiten dudanaz gozatzen ikustea poztu egiten du.
Nola ikasi zenuten musika elektronikoa egiten?
S.A.: Gaztea nintzenean Hernaniko Young Play diskotekara joaten ginen Mikel eta biok. Gara hartan, jakin-min handia sortu zitzaidan musika elektronikoaren gainean; harrigarria egiten zitzaidan biniloekin nahasketak egiten ikustea eta gehiago jakitera bultzatu ninduen. Gaur egun, DJak ordenagailuarekin eta beste hainbat tresnekin hasten dira, baina, duela urte batzuk, manualki egiten zen dena. Horiek horrela, gutxinaka nire musika egiteko tresnak erosten eta probatzen hasi nintzen, gaur arte. Esango nuke, egun, ibilbide nahiko luzea duen DJa naizela.
Musika mota hau gazteen artean geroz eta entzunagoa al da?
M.G.: Asko entzuten da, batez ere, technoa. Duela urte batzuk musika mota hau modu ezkor eta txar batean etiketatuta zegoen. Azken urteetan, berriz, musika hedatua eta popularra bilakatu da. Adibide garbia, udan egin zen Monegros jaialdia izan liteke; 55.000 pertsona bertaratu ziren techno musika oinarri duen jaialdira. Hori hamar urte atzera pentsaezina zen.
Zein aurreikuspen duzue Urnietako gau elektronikoaren gainean?
M.G.: Jendetza gerturatuko da. Herritarrak gogo bizia dute ostiralerako; guztiak harrituta geratu dira antolatu dugun jaialdiarekin. Kanpotik ere elektronika zaleak gerturatuko direla pentsatzen dut.
Zenbait DJek parte hartuko dute, ezta?
M.G.: Sei izango gara, horietatik hiru urnietarrak. Horrez gain, Sergio Astigarragan bizi den andoaindarrak, Nuria bizkaitarrak, Julius zestoarrak girotuko dute herria.
S.A.: Bertako DJak ekartzeko apustua egin dugu. Hasieratik, Julius ekartzeko nahia eduki dugu, nazioarte ikuspegiko DJa delako eta erakarpen indar handia duelako. Lehen jaialdia izateko, maila handiko musikariak ekarri ditugula pentsatzen dugu.