Gozamenetik abiatutako hitzordua da Urnietan dantza-soka. Horrelaxe bizi du hasiera-hasieratik Asun Fernandez herrikideak. Orain dela bi urte batu zen sokara, berriz, Paula Sanchez. Hamargarrenez irtengo dira aurten urriaren 2an, igandearekin, tradizio kutsu handiko ikuskizunari aire berritzailea emateko, eta festa-giroari modu ezin hobean.
Plazara aterako zarete datorren igandean, dantza-soka hamargarrenez dantzatzera. Zenbaki biribila… Nola bizi duzue?
Asun Fernandez: Oso pozik nago, herrian dantzari lotuta egiten ditugun ekitaldi guztien antzera, izan ere, oso gustuko dut dantzatzea. Gainera, lan handia egin dugu herriari begira, eta giro ederra sortzen da Urnietan, edozein dela arrazoia ere, dantza egitera ateratzen garenean.
Paula Sanchez: Hamargarrenez egiten den ekintza bat da eta, herrian, pozez hartzen da. Belaunaldiz belaunaldi igaro den eguna da; esperientzia luzeagoa duten horiek bezain gustura hartzen dugu parte taldean sartu garen gazte guztiek. Betiko doinuez gain, ospakizunari keinu berezi bat egite aldera, Urnietako musika txertatu dugu, Txanbolin Txistulari bandari eskerrak emateko eta beren lana balioan jartzeko, egiten dutenagatik: Koda Marizulo, Urnietako Ereserkia eta Urnieta 400.
A.F.: 2009. urtean hasi ginen honekin, dantza eskolei ekin genien momentu bertsuan, gutxi gorabehera. Herritar pila bat elkartu ziren lehen irail horretan. Garai hartan, indar handia zuten Urnietan herri ekimenek, eta bultzada horretaz baliatu ginen gu: gure betiko jarduera, dantza, kalera atera genuen. Pozik bizi dut hamargarrena: lehen urteak errazagoak izan ziren antolakuntzari dagokionez, baina, urtez urte, ahalegin handiagoa eskatzen digu, jendeak oraindik ez duelako lur hartu uda girotik irailean.
Kutsu berezia du ekitaldiak, jaiari amaiera ematen baitio. San Juan plaza beteta egon ohi da beti.
A.F.: Urduritasunez hartzen dut, bai, jende asko hurbiltzen delako. Aspaldiko dantza da eta oso garrantzitsua iruditzen zait ohitura berreskuratu izana.
Zertan datza dantza-soka?
P.S.: Tradizioari estuki lotutako dantzak dira, baina oso errazak ikasteko. Alegia, ez da beharrezkoa euskal dantzak ezagutzea gurera batzeko. Herri guztiari irekitako proposamena da, ez soilik dantzan aritzen diren horientzat. Ez da perfekzioa bilatzen, gozatzea baizik.
Zergatik dantza-soka, eta ez soka-dantza?
P.S.: Urnietari ekarpen handiak egin zizkion Maria Arizmendik horrelaxe deitzen zion, dantza-soka, Joxe Mari Zalduak egindako elkarrizketa batean eta beste zenbait audio-artxibotan. Bada, guk formula hori berreskuratu genuen. Koreografia batzuen lotura da: soka bat osatzen da, aurreskulariarekin nahiz atzeskulariarekin. Aire berritzailea txertatu diogu, gurera moldatu: tradizionalki, genero rolak oso banatuta izan dituen dantza da, eta guk apurtu egiten dugu horrekin: esate baterako, emakumezkoak izango dira aurreskularia zein atzeskularia. Hori garrantzitsua da, emakumeoi, oro har, ahalegin handiagoa eskatzen digulako garrantzia duten jendaurreko rolak hartzea, lotsa medio. Bestalde, ikusleak plazara ateratzen ditugu, nahiz eta ez dantzatu, gurekin batera soka osatu eta egituratu dezaten.
Hitzordu parte hartzailea da, hortaz.
P.S.: Hori da gure lehen helburua, jakina. Herritarrek herritarrentzat egindako erakustaldia da dantza-soka.
A.F.: Hori da. Nire ustez, jendeak ez du parte hartzen Egape Dantza Taldearen zerbait dela pentsatzen duelako. Egape Dantza Taldeak antolatzen du ekitaldia, baina, bai, edonori zuzenduta dago.
Emanaldia baino zenbat denbora lehenago ekiten diezue entseguei?
P.S.: Pare bat aste lehenago, taldea apur bat antolatu eta dantzak ezagutzeko. Edu Muruamendiarazek, gainera, taldeko premiei eta gaitasunei begira osatzen du emanaldia. Hau da, ez da sekula inor kanpo gelditu.
Betiko aurpegiez gain, jende berria sartzen da urtero.
A.F.: Beti dago ondo jende berriak parte hartzea, baita gazteek ere.
P.S.: Aire freskoa ematen diogu taldeari. Guztiek egiten dugu batera ikuskizuna, desberdinkeriarik gabe. Urnietan behintzat hainbat belaunaldik osatzen dugu soka.
A.F.: Gainera zorionekoak gu, dugun irakasleagatik, Edu, eta Txanbolin Txistulari bandagatik. Ez gara jabetzen, sarri, herrian dugun ondare kulturalaz; beraz, hori ere plazaratu nahi dugu.
Geldialdiaren ondoren, igandean, kalera irtengo zarete berriro. Urduri?
A.F.: Baina ilusioarekin!
P.S.: Niretzat oso berezia da, amarekin egiten dudalako dantza.
A.F.: Gainera, ikusleen artetik herritarrak ateratzen ditugu jendaurrera; ondorioz, ikusmira sortzen du, eta, oso hunkigarria da. Animatu dadila jendea!