Sanmielak 2022

Manifestazioa egin du Elkartasun Ekimenak, Jon Lizarribarri eta Ruben Gelbentzuri elkartasuna adierazteko

Aiurri 2022ko ira. 29a, 20:12

Jaia bai, baina baita aldarria ere. "Utzi pakean Euskal Herria" lemapean, manifestazioa egin du Urnietako Elkartasun Ekimenak, Jon Lizarribar eta Ruben Gelbentzu herrikideei elkartasuna adierazteko. San Juan plazatik abiatu dira, arratsaldeko 19:00tan, eta leku berean amaitu dute, herriari itzulia eman ondoren.

Honatx manifestazioaren amaieran egin duten irakurketa:

Gaur, irailak 29, San Migel eguna dugu. Eta nola ez, Urnieta festetan erabat murgilduta dago. Baina dena ez da ospakizuna gurean. Duela bi urte terdi, Audiencia Nacional-ak Jon eta Ruben bere jopuntuan kokatu zituen beste behin, 2020an eta 2021an sumario bana ireki dizkielarik.

Gaur hemen zaudetenak badakizue ez dela lehenengo aldia Jon eta Rubenen egoera mahaigaineratu eta salatzen dugula. Eta noski, estatu españolaren jazarpen zuzena jasotzen jarraitzen duten heinean, HAIEN EGOERA SALATZEN JARRAITUKO DUGU!

Hala ere, Jon eta Rubenen egoera ezin dugu modu isolatuan ulertu. Haien aurkako jazarpena, askatasunaren alde lerratu diren hamaika militanteren aurkako eraso sistematikoaren parte bezala ulertu behar dugu: epaile zapaltzaileek sumarioak irekitzen jarraitzen dute Euskal Herri osoan zehar, ehundaka preso espainiar eta frantziar ziegetan jarraitzen duten modu berean.

Egoera hau ez da normala. Egoera hau zapalkuntza da. Eta zapalkuntza borrokatu egin behar da! Horregatik, bertaratu zareten guztiei, zein bizilagun orori, Jon eta Rubeni elkartasuna adierazten jarraitzera animatzen zaituztegu, baita estatu español zein frantsesaren jazarpenen aurrean antolatzera eta borrokatzera!

HORREGATIK, INOLAKO LOTSARIK GABE, ARGI ETA OZEN DIOGU:

UTZI PAKEAN EUSKAL HERRIA!!!

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!