Urnietak ilusioarekin eta gogoarekin hartu ditu Sanmiel Jaiak bi urteko etenaren ostean eta festek iraun duten egunetan herritarren parte hartzea oso handia izan da. Inoiz baino jarduera gehiago programatu dira, gazte zein helduentzat ekintza mordoa eskaini delarik, izan ere, Kultura sailak, Jai Batzordearekin elkarlanean, ahalegin berezia egin du herritar ororen gustuak asetzeko, programazio aberats eta anitza osatuz.
Udalak jaien balorazio positiboa egiten du, oro har. Programaturiko jarduera guztiak normaltasunez aurrera eraman ahal izan dira nahiz eta irailaren 28an eta 29an ekintza batzuk lekuz aldatu behar izan ziren euriaren ondorioz. Gainerako jarduerak berriz, programaturiko guneetan garatu ziren.
Partaidetza altua
Herritarrek bultzaturiko jarduerak izan dira gakoa aurtengo Sanmieletan eta urnietarren partaidetza nabarmena izan da jaietako bost egunetan zehar. Irailaren 29an, Egape ikastolan ospaturiko Puro Relajoren kontzertuak, urriaren 1ean txosnagunean egindako kontzertuak eta urriaren 2an San Joan plazan buruturiko erromeriak batu du jende gehien. Halaber, txosnagunean jende andana ibili da egunero, egindako bazkari eta afari herrikoietan zein kontzertuetan. San Joan plazan, urriaren 1ean egindako kuadrilen arteko bazkarian ere herritar asko batu zen. Eta urriaren 1ean eta 2an egindako helduen eta haurren danborradek ere jarraipen zabala izan zuten. Gainera, herritarren iniziatibaz sorturiko bi jarduera berri egin dira aurten: irailaren 30ean, Urnietako Gau Elektronikoa eta, urriaren 2an, Kantazaun taldeak antolaturiko Kantu bazkaria.
Ikuskizun mordoa
Azpimarragarria da bestalde, irailaren 28tik urriaren 2ra izan den musika eta ikuskizun eskaintza anitza. Gozategi, Puro Relajo, Julius MC, DJ Nuria Jump, Oihan Vega, Liher, Lukiek, Ezpalak, Xiberoots, London orkestra, Nerea Garmendia, Zirko Txosko, Laiotz, Txabolin txistulari banda, Egape Dantza taldea, Bosko Anitz txaranga, Pasai txaranga, Eguzki txaranga eta Imanol Kamio egon dira besteak beste, Urnietako jaietan.
Haur eta gaztetxoek ere izan dute ondo pasatzeko eta gozatzeko aukera beraiei begira antolaturiko hainbat jarduera arrakastatsuekin: haur jaio berriei zapi-jartzea, Egapen egindako puzgarriak eta ekojolasak, Xaiborren diskofesta, Urnieta Selfie, Altxorraren bila jokoa, Magaleko haur danborrada eta Mielaren agurraren ondorengo zezen suzkoa izan dira aipagarrienak. Horretaz gain, irailaren 28an eta 30ean erraldoiak eta buruhandiak atera ziren.
Jai parekideak
Bestalde, aurtengoan, jaietako kirol jarduerak ahalik eta parekideen izateko ahalegina egin da, eta, bide horretan, programatu dira herri kirol proba mistoak aizkoran. Esku pilota jaialdian ere emakumezkoen eta gizonezkoen partidak izan dira eta Willy Etxeberria zesta punta memorialean partida mistoa programatu da. Jarduera horiek guztiek ere arrakasta eta ikusmira izan dute. Horrez gain, haurrentzako bizikleta jardunaldia egin zen Egape ikastolan.
Eraso sexistarik ez
Aurten, jaiei begira erasoen prebentzioan eta sentsibilizazioan eragiteko hainbat jarduera aurrera eraman dira. Jaiak hasi aurretik herritarrei zuzenduriko eta bereziki txosnaguneko zein Jai Batzordeko kideei bideraturiko formazioa eskaini zen, eraso sexistarik gabeko adierazpen instituzionala onartu zuen Udalak, herritarren sentsibilizazioan eragiteko hainbat euskarri (kartelak, parkarta, webguneko bannerra eta esku orrian kontraportada) sortu ziren eta txosnagunean ostiral eta larunbat gauez Puntu Morea (sentsibilizaziorako eta artatzeko gunea) egon da. Ekimen horiek guztiak aurrerantzean eraso sexistei aurre egiteko jai protokoloa sortzeko eta lantzeko abiapuntutzat jo daitezke. Bestalde, Udaltzainek eta Puntu Moreko kideek adierazi dute gai honekin loturiko salaketarik jaso ez dutela.
Eskertza herriko elkarte eta eragileei
Amaitzeko, Udalak eskerrak eman nahi dizkie jaien prestaketan eta garapenean parte hartu eta lagundu duten herriko elkarte eta eragile guztiei, beraiek gabe ezinezkoa izango baitzen jaiak modu horretan antolatzea eta aurrera eramatea. Jaiegunetan herritarrek izandako parte hartzea eta erakutsitako jarrera ere eskertu nahi du. Halaber, Udaleko sail desberdinek burutuko esfortzua eta ahalegina goraipatu nahi du, hala nola, kultura, kirola, gazteria, euskara, hirigintza udaltzaingoa eta brigada.
Aurrerantzean ere modu berean lanean jarraitzeko konpromezua hartzen du Udalak, etorkizuneko jai eta ospakizunak ere ahalik eta parte hartzaileenak, anitzenak, inklusiboenak eta berdinzaleenak izan daitezen.