“Gertutasuna ematen du kulturarteko jaiak”

Alba Cabrera Jauregi 2022ko urr. 13a, 08:57

Musika, tailerrak, joko kooperatiboak… Aspertzeko denborarik ez da izango urriaren 15ean Urnietan: kulturarteko hirugarren festa antolatu du Etxeberri auzo elkarteak. Aroa Guerra eta Estela Cuevas dira antolatzaileak.

Hirugarrenez, kulturarteko jaia egongo da Etxeberri plazan urriaren 15ean, larunbatarekin. Hala, askotariko kulturetatik etorritako jendea izango da, elkarren loturak sendotzeko. Horren atzean, Etxeberri auzo-elkartea dago, eta, tartean Estela Cuevas eta Aroa Guerra herrikideak; lanean, buru-belarri.

Hiru urteko ibilbidea du jada Kulturarteko azokak. Indartsu al dator aurtengo edizioa?

Estela Cuevas: Orain urte batzuk hasi ginen Egape Ikastolan, eta birritan egin genuen. Ondoren, herri osora zabaldu genuen, eta, aurten, hirugarrenez antolatu dugu. Oso berandu hasi gara lanean, eta, horregatik, pixka bat urduri gaude, nahiz eta jakin gauza guztiak ondo aterako direla. Oso etxekoak gara, ez gara profesionalak. Halere, jendea ez dut oso gogotsu sumatzen.

Aroa Guerra: Ez dago bolondres askorik, alegia, jaietara joan nahi dugu, baina ez dugu, ordea, horien prestaketan murgildu nahi. Giro hori nabari dut inguruan.

E.C.: Kosta egiten zaie beste herrialdeetako kideei antolatzaile izatea; egunean bertan animatzen dira, baina, aurreko prestaketan, ideiak ematen, kosta egiten zaie.

A.G.: Gainera, behin lanean jarrita, oso parte-hartzaileak dira. Aurreko prozesua falta delakoan naiz.

E.C.: Ez nago oso animoso; gogoa daukat, berez, baina ia nola ateratzen den. Hiruzpalau gaude taldeari bultzada ematen; beste batzuk ez daude hain modu aktiboan.

Kulturarteko plaza izan nahi du festak. Zein herrialdek hartu izan dute parte festan?

E.C.: Etiopia, Kamerun, India, Kolonbia, Frantzia, Mexiko, Maroko, Alemania, Argentina…

A.G.: Atzerriko jatorria duten herritar asko bizi da Urnietan.

E.C.: Inguruetako herritarak ere animatzen dira Kulturarteko festara.

Lehengo edizioan, jatorriz urnietarra den oso jende gutxi bertaratu omen zen. Zer dago horren atzean?

E.C.: Beraiekin harremana izango ez balu bezala bizi dute. Oro har, “itxiagoak” gara hemengoak, eta kosta egiten zaigu, adibidez, bestelakoak diren festetara joatea. Apur bat bereizi egiten gara kanpotik herrira bizitzera datozen kideekin. Horren adibide da, orain gutxi bizi izan nuena: etorkinen erregularizazioaren aldeko firma-bilketan, zenbait pertsonaren astakeriak entzun behar izan nituen. Orokorrean, kosta egiten da kultura ezberdin batera gerturatzea.

Hala, berrikuntza gisa, eta, horri aurre egiteko, Alarma Morea taldearen kontzertua egongo da. Nire ustez, horrela, jende gehiago etorriko da: euskaraz abesten dute, kutsu flamenkoarekin.

A.G.: Arrazismotik ere badu egoerak, izan ere, aurreiritzi asko daude, eta erreparoa du jendeak. Kulturarteko festak guztiak batera egotea ahalbidetzen du, alegia, erakusten du ez duela zertan desberdinkeriarik egon.

E.C.: Gertutasuna ematen du kulturarteko jaiak: bazkaria partekatzeak edo norbaitek hennaz zure eskua margozteak, nolabaiteko konplizitatea sortzen du.

Egun osoko egitaraua antolatu duzue, joko kooperatiboetatik hasi eta musika-kontzertura bitarte.

E.C.: Paraxutaren jolasa egingo dugu goizean, haurrei begira, eta, horrela, ondorengo bazkarirako janaria jasoko dugu, baita giroa sortu ere. Bakoitzak zerbait ekarri behar du bazkarian parte hartu ahal izateko, eta guztion artean partekatzeko. Bestalde, alkoholdun eta alkoholik gabeko sangria egongo da, doan. Bazkalostean, tailerrak izango dira: henna tatuajeak egingo dituzte Indiakoek nahiz Marokokoek; horrez gain, etiopiarrak arduratuko dira ileko trentzak egiteaz, eta, berriz Puochi Nah proiektuko kideak oihal afrikarrekin izango dira eskulanetan.

A.G.: Munduko merkatua antolatu dugu arratsaldean: belarritako postuak ipiniko dituzte Mikkka eta Uhara artisauek; Zaporeak ere egongo da, Puochi Nahko kideak oihal afrikarrekin eta baita herrikide bat ere, xaboiekin eta artisau kosmetikarekin. Borobiltzeko, talde irlandar batek, Txoko Berri¥s Bandek joko du eta aurretik aipaturiko Alarma Morea er eizango dugu. Horrez gain, esan jaima ipiniko dugula tearekin eta pastekin. Halaber, foodtruck delakoa ere izango da.

Jantzi tradizionalak armairutik ateratzeko deialdia egin duzue.

E.C.: Bai, hala da, ea gu ere behingoz animatzen garen!

Zergatik da garrantzitsua horrelako topaguneak egotea?

E.C.: Inflexio puntua izan da festa herrian, jendeari nabaritu baitiot bestelako gertutasun bat. Hernanin, bada oso erreferentzia ona den espazioa, kulturarteko plaza feminista. Horrela, ez da urteko egun bakarrera mugatzen lanketa, eta jarraikortasuna ematen zaio. Hemen ere horrelako bat izatea ederra litzateke.

A.G.: Gure bizitzaren parte da kulturartekotasuna, eta, arrazoi handiagoarekin, egun, gero eta jende gehiago lekualdatzen dela munduan. Jendea ezagutzeko, aurreiritziak alde batera uzteko eta harremanak sendotzeko espazioa da kulturarteko festa.

Urriak 15, larunbata

12:00 Joko kooperatiboak.

13:30 Janari harrera.

14:00 Dastaketa.

16:00 Tailerrak, azoka.

17:00 Txoko Berri's Band kontzertua.

18:00 Alarma morea kontzertua.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!