"Pentatloia oso lehiaketa osoa da"

Andoni Urbistondo 2022ko urr. 17a, 07:08

Olatuaren aparrean dabil Nerea Arruti urnietarra. Pentatloiko finala irabazi ostean,  komunikabideen gurpilean sartuta eman ditu azken asteak.

Olatuaren aparrean, eta bere egunerokoa ahaztu gabe: lana, Orion, eta, entrenamenduak, han eta hemen.

Nor zaitugu, Nerea?

Nerea Arruti naiz, urnietarra, Lekun baserrikoa (32 urte). Ingeniaritza ikasi nuen eta Orion egiten dut lan. Urtebete eskas hasi nintzen pentatloia eta aizkora txapelketak prestatzen, eta hortxe nabil.

Gauzak probatzea gustuko duzu. Conquistador saiotik ere pasa zinelako egin zinen ezagun!

Bai, bat eta azkena, telebista saioari dagokionez. Kirola egitea gustuko izan dut oso, eta, lanetik irtenda, beti egin izan dut, arnas pixka bat hartze aldera.

Nola murgildu zara herri kiroletan?

Judo egindakoa naiz gaztetan, Espainiako selekzioarekin ibilia naiz. Etxetik joan nintzen, eta bueltan crossfit egiten hasi. Klase batera Gipuzkoako Herri Kirol federazioko kide batzuk etorri ziren, eta diziplina batzuk erakutsi zizkiguten. Beti ikusi dut ezinezkoa herri kiroletan aritzea, eta hala aitortu izan diot sarri aitari, baina hasi nintzen. Ostolaza sendiarekin Aian, Luxarberekin Astigarragan, eta Gabriel Saralegirekin Leitzan. Hortik aurrera, ba ezin frenoa bota.

Zale soil izatetik protagonista nagusi izatera igaro zara urtebete eskasean. Nola izan da prozesu hori?

Binakako urrezko aizkora izan zen parte hartu nuen lehen txapelketa, Nerea Sorondo aizkolari bikainarekin. Urnietan izan zen, gainera, eta beldurtu egin nintzen zeharo. Gabriel irakaslea akabatu nuen ia, aizkorak ihes egin baitzidan. Lasaitu nintzen, hobetzen hasi pixkanaka, eta nerbioak gainditu. Gabrielek esan bezala, plazetara ateratzen nintzen neurrian lortuko nuela lasaitzea, eta hala izan zen. Gipuzkoako Banakako Txapelketan izena eman nuen ondoren, eta irabazi egin nuen. Nola ez dakit, oraindik, azken enborrean zeharo nahastu nintzelako.

Jendetasuna badaukazu, presiopean, edo jendaurrean aritzeko trebezia.

Pentatloiko lehen bi probetan kale egin nuen Azpeitian… Kosta zitzaidan neurria hartzea, hara bertaratu zirenek halako indar bultzada handia eman zidatelako. Lehen bi probak pasata, buelta ematen hasi nintzen, ikaragarri gozatzen. Plazak adrenalina ematen dizu, zerbait berezia.

Pentatloiko finalean, baina, urduri sumatu zitzaizun hasieran. Ze oroitzapen duzu une haietatik?

Aurkezpena egin zuten unean atera nintzen plazara, lehenago ez. Atera eta dena kontra bilakatu zitzaidan: jendea, giroa, presioa… Prestaketa lan, guztiak Gabrieli utzi nizkion, eta horrek ere kalte egin zidan, normalean nik neuk egiten baititut prestaketa lanak. Azpeitian ere hala egin behar nuen.

Harri-jasotzean komeriak, jasoaldi bat baliogabea, eta giza proban ere hainbestean. Zer pasa zen?

Jabetu nintzen jasoaldi bat ez zidatela balekotzat eman. Harriko lanak atzerapen handiegia pilatu gabe bukatu nituen, lehiatzeko prest, artean, baina giza proban ere eskas aritu nintzen. Arropa berezirik gabe prestatu nuen proba hori, entrenamenduetan, eta pausoak modu egokian emateko ere gaizki ibili nintzen. Arropaz aldatzea ere pentsatu nuen, lauzpabost aldiz jausi bainintzen. Kontzentrazioa galdu nuen: bukatu, arropa ezin kendu… Aizkoran, mundua irauli zen arte. Aurrea hartu nuen berehala, eta abantaila onarekin ekin nion txinga probari.

Are gehiago, aizkorako proban hautsi zenuen finala.

Bai. Aurkariak harrapatu eta atzean utzi nituen aise, eta horrek indarra, konfiantza eman zidan. Gabriel ondoan zegoen, eta horrek asko lagundu zidan. Minutu bateko errenta neukan aizkora bukatuta, eta txingak bukatuta Karmele Gisasola bigarren sailkatua oraindik txingekin hastear zela ikusi nuen, eta txapela lor nezakeela sinesten hasi nintzen. Korrika lasai egin nezakeela ikusi nuen, eta horrek eman zidan azken bultzada, normalean korrika baldar samar moldatu izan naizelako. Finalekoa izan da korrika eginez gaizki pasa ez dudan une bakarra. Finaleko kilometro eta erdia motz-motza egin zitzaidan. Aurrez egindako saio guztietan oso gaizki ibilia nintzen.

Aizkoran infernutik zerura pasa zinen 6-8 minutuko tartean. Azkena ekin, lider irten, eta txapela buruan, ia-ia. Nola bizi izan zenuen hori?

Lehen bi probak bukatuta, dena haizea hartzera bidaltzea ere pentsatu nuen. Gero buelta eman, eta nire gorputzak neke guztiak ahaztu zituen, probari berriro ekiteko prest. Burua %50 da halako probetan, eta buruari baietz esaten diozunean, aginduak jarraitu egiten ditu.

Urtebete ere ez da, aizkoran behatz bat txikitzeko zorian izan zinela.

Bai, eta Gabriel-i burua moztu ere bai ia-ia… Babesak jartzen ditugu, oinetako guztiak erabat txikituta baitauzkat. Lehen bi egunetan aizkoran aritu, etxera bueltatu, eta nire buruari ‘ze krixto egiten ari naiz’ galdetzen nion.

Pentatloiko diziplina zailena al da aizkora?

Bai, zalantzarik gabe. Indar handia eduki dezakezu, baina teknika menderatzen ez baduzu, jai daukazu.

Korrika ari zinela, txapela ziurra buruan, norekin oroitu zinen?

Oilo ipurdia jartzen zait oraindik. Jende guztia entzuten animatzen, nire izena oihukatzen. Mallabiko eta Julen Gabirondoren koadrilakoek ere jarrera bikaina izan zuten. Esker mila denei.

Zergatik erakartzen du hainbeste pentatloiak?

Zure burua bost diziplina ezberdinetan txukun antzean aritzeko gai zarelako, akaso. Onena izan gabe, neurria eman behar duzu denetan. Zure buruari ahal duzula erakustea. Dena ez da indarra, aerobikoki eta teknikoki gai zarela erakutsi behar duzu. Oso lehiaketa osoa da.

Prestakuntzak ez du samurra izan behar.

Ez, oso zaila da. Korrika balitz bakarrik. Enborrak moztu behar dituzu, eta Leitzara joan behar duzu. Denbora da, enborrak erosi, garestia... Harriarekin ere 63 kiloko bola asko entrenatu behar duzu. Giza proba ere non egin? Astigarragan utzi ziguten, baina zaila da tokiren bat topatzea.

Bistan da, komeriak komeri, zu lotu zaituela…

Bai. Amalur Arbelaitzekin binakakoan parte hartu nuen lehen txandan lotu ninduen pentatloiak. Irabazi genuen, eta banakakoan lehiatzea erabaki nuen. Parte hartu, irabazten saiatu eta aurrera. Oso polita da, eta ahal duenari probatzea aholkatuko nioke.

Gorpuzkerari dagokionez ere, herri kiroletako kirolarien itxura fisikoa zeharo aldatu da, atletak zarete.

Bai, herri kirolak ez da estereotipo bakarreko kirola, jende pottokoa aritzen zen ohiko kirol diziplina. Kirolari berriak sartu dira, asko crossfit-etik etorritakoak, eta horrek beste kutsu bat ematen dio Herri Kirolen diziplinari. Pentatloiak erakarri egiten du jendea. Nesketan, Amalur bera dago, Karmele Gisasola eta Lucia Orbe, eta beste bi neskek ere probatu dute.

Ospakizun berezirik egin al zenuen Azpeitian?

Ez, garagardo bat hartu eta etxera, ze koadrilakoak ere nekatuta zeuden, egun guztian Azpeitian bueltaka. Igandean bazkari oparoa egin nuen etxekoekin. Zaindu egin behar dut oraindik hilabete pare batean, lehiaketak baititugu oraindik urtea bukatu arte. Gipuzkoa eta Euskadiko Txapelketak ditugu aizkoran, eta, azken,a San Tomas eguneko jaialdia. Entrenatzen jarraitu behar du bai edo bai.

Pentatloiak ez du sosik ematen.

Batere ez. Gastuak, eta asko. Babeslerik ez daukat, eta bakarren bat animatzen bada, ongi etorria izango da. Arropak, aizkorak, enborrak, orduak, kilometroak… Ez ordaindua, eta ezta eskertua ere, esaera zaharrak esaten duen moduan.

Komunikabideekin pentatloian adina aritu zara azken astetan. Ondo moldatu al zara?

Gustuko dudan kontu bati buruz ari bazara ederra da itxura ona ematea. Bestelakoan oso urduri jartzen naiz hitz egiterakoan.

Zer nolako harrera egin zizuten Orion lankideek astelehenean, finala irabazita?

Proba ikustera joan ziren asko, eta kartel bat jarri zidaten lanera iritsi nintzenean. Berandu iritsi naizen egun bakarra izan da, bost minutuko atzerapena.

Herrian zu eta Julen Gabirondoren tamainako bi goi mailako kirol edukita, zerbait egin beharko da, edo dute…

Ea ba, Aiurriko elkarrizketa hau irakurtzen duten… (barrez).

Mutilen finala ikusten egon zinen?

Bai, bai, arreta handiarekin eta oso urduri, gainera. Julen berak aizkorako lana bikain egin zuen, baina korrika saioan ezin izan zion bueltarik eman. Pena.

Entzuten zen, Azpeitiko zezen plazan bildutakoen artean, korrika saioa azkena izateak akaso ikusgarritasuna, suspentsea kentzen diola pentatloiari. Proben ordena aldatuko zenuke?

Beno, hori aldatu baino, beste zerbait egingo nuke lehenago: emakumeok eta gizonek proba berberak egitea. Batzuei buruko min handia emango lieke horrek, ez garela gai pentsatzen baitute. Mutilek egiten duten lan bera egiteko gai garela erakutsi nahi nuke, jendea isilarazi.

Zerbait esan al dizute, bada? Gutxiespen keinuren bat?

Esan didaten azkena pentatloia gutxiesten dugula izan da. Mutilen lan erdia egiten dugunez lehiaketa itsusten dugula. Ulertzen dut neskak erakartzeko ezin dela lan gogorregia eskatu, baina lan berdina egingo dugun unea iritsiko da. Ahobero asko dabiltza suelto.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!