Euskaraldia | Urnieta

Zabalik dago Euskaraldian parte hartzeko aukera

Aiurri 2022ko urr. 21a, 12:12

Hemen da, hirugarren aldiz, Euskaraldia. Hamabost egunez izango da euskaraz jarduteko ariketa, azaroaren 18tik abenduaren 2ra, "hitzez ekiteko garaia" dela aldarrikatuta. Euskararen erabilera sustatzeko nahia duen eta bere hizkuntza ohiturak eraldatu nahi dituen orok har dezake parte Euskaraldian.

Euskaraldiak jakinarazi duen bezala, bakoitza erosoen sentitzen den rolean  aritzeko deia egin dute antolatzaileek: ahobizi edo belarriprest. Aurten ere entitateek arigune izateko aukera edukiko dute.  

Ahobizi

 

Euskaraz ulertzen duten guztiekin euskaraz egiten dut uneoro. Kideek euskaraz ulertzen ote duten ez dakidanean lehen hitzak, beti, euskaraz egiten ditut; euskaraz ulertzen badute, euskaraz jarraitzen dut. Batzuetan zaila izan arren, elkarrizketa elebidunetan ere euskarari eusten diot kideek ulertzen dutenean.

 

Belarriprest

 

Aldiro erabakitzen dut euskaraz noiz eta norekin egin. Agian, beti ez dut euskaraz egingo ulertzen duten guztiekin, baina euskara dakitenek niri euskaraz hitz egitea nahi dut, eta horixe eskatzen diet modu esplizituan.

 

 

Arigune

 

Mota guztietako entitateek hartu ahal izango dute parte (erakunde publikoak, gizarte eragileak, enpresak, kooperatibak, kultur eta kirol elkarteak, eta abar), ariguneren bat badute. Ariguneek, edo euskaraz aritzeko guneek, euskaraz hitz egiteko aukera bermatzen dute uneoro, izan entitate barruan edo izan entitateak herritarrekin duen harremanean. Talde hauetako kideek ahobizi eta belarriprest modura jardungo dute Euskaraldiak iraungo duen bitartean, baina ariketa modu kolektiboan gauzatuko dute ariguneetan.


Ariguneak izan daitezke entitate baten baitan ohiko dinamika duten eta kide guztiek gutxienez euskara ulertzen duten taldeak (sailak, atalak, ekipoak, sekzioak, zerbitzuak, taldeak…). Edo, arigunea izan daiteke baita ere entitatean herritarrekiko harreman-espazioa, uneoro belarriprest edo ahobizi bat egongo dela bermatzen bada; hau da, herritarrek uneoro euskaraz artatuak izateko bermea badute (jendaurreko edo harrera postuak, supermerkatuetako kutxak, telefono bidezko arreten arduradunak, tabernariak, dendariak…).

Izen-ematea

Euskaraldian parte hartu nahi duten urnietarrek aukera desberdinak dituzte izena emateko. Bi modutara:

  • Online
  • Aurrez aurre: mahai bat jarriko da ondorengo egun eta orduetan

               - Urriak 24, astelehena: Etxeberri plazan, 17:00-19:00
               - Urriak 26, asteazkena: Lekaioko sarreran; 17:00-19:00
               - Urriak 27 osteguna: Zaldundegiko plazan, 17:00-19:00

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!