Lekaio Kultur Etxeko bere bulegoan egin du Aiurrirentzat euskarak herrian duen egoeraren analisi gordina.
Nor zaitugu, Jon?
Urnietarra, euskara teknikaria 1997az geroztik. Hasieran itzultzaile eta interpretari aritu nintzen, baina berehala teknikari lanean herrian, baita Buruntzaldea eskualdean ere.
Zein da zure ardura?
Bi atal daude. Udaleko euskalduntze prozesuaren ardura eramatea, eta herri mailakoa. Xanti Gorrotxategi lankidea arduratzen da Udaleko zereginaz: lantaldeko hizkuntza eskakizunak, euskara maila hobetu nahi duenari lagundu, klase partikularren bat edo beste… Neu herriko euskararen jarraipenaz arduratzen naiz, batez ere: ikastetxeak, merkataritza, elkarteak… Bulego lana izaten da, batik bat. Sustapen arloko langileak gara, eta lan transbertsala egiten dugu, hainbat arlotakoa.
Zein da euskararen egoera Urnietan? Zein da teknikariaren diagnosia?
Kale erabileraren neurketa bost urtez behin egiten da. 2001ean egin zen lehena, eta ondoren 2006an, 2011n, 2017an eta 2021a azkena. Egoera orokorra ez da sobera aldatu, baina jaisten ari da etengabe. 2006ko erabilera datua % 23.1 zen. Kalean entzuten ziren hamar elkarrizketetatik bi, euskaraz. 2011an, % 22.98ra pasa zen datua, eta 2017an % 22ra. % 0.9ko murrizketa. Iazko datuak % 0.9ko beste jaitsiera bat erakusten du, eta erabilera % 21.1ekoa da.
Nola egiten da neurketa hori?
Neurtzaile bat ibiltzen da kaletik tablet batekin, eta entzuten dituen solasaldiekin egiten du kalkulua, inori galderarik egin gabe. Ñabardura bat egin behar da: kanpoko hizkuntzen erabilera handitu egin da azken mende laurdenean. 2006an, % 0,03koa zen, eta, egun, % 0,4koa. Alegia, laukoiztu egin da kanpoko hizkuntzen erabilera. Frantsesa, ingelesa, arabiera eta Afrikako zenbait dialekto jaso dira. Jendea etorri izan zaigu diru-laguntzak eskatzera, afrikarra, bost hizkuntza hitz egiten dituena. Pentsa…
"Egoera kritikoa dela eta alarma gorrian gaudela. Laurden batetik bosten batera pasa gara"
% 21.1eko datua ikusi, eta zein ondorio ateratzen duzue?
Egoera kritikoa dela eta alarma gorrian gaudela. Laurden batetik bosten batera pasa gara. Joera orokorra da, Gipuzkoa osokoa, ez Urnietakoa soilik. Eredugarritasuna da egoeraren gakoa, nire ustez. Helduok joera handia daukagu gazteak edo umeak euskaraz ez direla mintzatzen esateko, baina horren erantzuleak helduok gara, eta datuekin frogatuko dut.
Bota.
45-64 urte arteko adin-tartean erabilera % 13,8koa baino ez da. Oso datu txarra da, ez sinesteko modukoa. Zu eta ni adin tarte horretakoak gara. Sumatzen al dugu errealitate latz hori gure inguruan? Ziurrenik, ez. Gazteei dagokienez, 15-24 urte arteko tartean, antzekoa da datua: % 13.5. Adinekoen artekoek, 64 urtetik gorakoek dute denetan datu txarrena: % 13.1 bakarrik. Datu onenak 2 eta 14 urtekoek ematen dituzte, % 26.1, eta 24-45 urte artekoek: % 32.6. Zergatik ematen da euskara erabileran haustura handi hori 14-25 urte arteko tartean? Datuak txukunak dira gazteenen eta 25-44 adin tartean, baina bien arteko multzoan nahiko txarrak dira. Adin tarte horietako herritarrak, gainera, eta Urnietan hazi eta hezi badira, D ereduan ikasi duten herritarrak dira denak.
Eredugarritasuna aipatu duzu. Zertan, zehazki?
Helduak txakurrari eta haurrari euskaraz egiten dio etxean, baina bere bikotearekin erdaraz, biak euskaldunak izanda ere. Hori oso ohikoa da. Haurrak, umeak, 15 urteko gazteak, bizitzako une garrantzitsuan, bere etxean, erdaraz hitz egiten dela ikusten badu, erdaraz egingo du. Zer esan sare sozialen gainean: dena erdaraz. Telebistan ere euskarazko ikus-entzunezko ekoizpenik ez dago apenas. Faktore asko batzen dira.
Eta kuadrilla askotan ere erdararako joera sumatzen da, denak euskaldunak izanda, edo bakarren batek euskara ez badaki.
Bai, eta hortaz jabetu gabe askotan. Zenbatetan afari bat egin lagunekin, eta biharamunean kideren batekin batekin solastatu, "atzo erdaraz gehitxo aritu ginen, ezta?". Antzeko egoerak errepikatu egiten dira, baina egoera hori iraultzea ez da zaila. Indarra egin behar da euskaraz egiteko, egiten bada segida ematen zaiolako. Ez da gaitasun falta, ohitura aldaketa baizik. Hortik ‘Euskaraldia’-ren moduko ekimenen garrantzia. Eskala edo maila handian hainbat ertz daude, ihes egiten dizkigutenak, baina gure esku dagoen esparru edo eskala horretan eragin dezakegu. Gu geu izan gara gure teilatura harria bota duguna. Gertatu izan zait bulegora euskara ikasi nahi duen atzerritarren bat etorri, eta natural esan: "Jode, porque me han pedido en el trabajo, porque si no, no hablais euskara. Saber, sabeis, pero no hablais". Jakina, tonto aurpegiarekin geratzen zara, egia gordina delako.
‘Euskaraldia’ bi urtez behin egiten da. Sarriago egin beharko litzateke?
Urtero askotxo litzateke, monotonian jausteko arriskua legokeelako, baina, bi urtez behin, halako ekimen potolo bat egitea funtsezkoa da. Eta hori bezain garrantzitsua: norbanakoen eguneroko ekintza xumeak. Bernardo Atxagak esaten zuen, xaboia eta hizkuntza justu kontrakoak direla. Xaboia, erabili ahala, gastatu egiten da. Hizkuntza, aldiz, erabili ahala, aberastu egiten da. Hizkuntza bat erabiltzen ez bada, galdu egiten da, hori garbi eduki behar dugu. Gutako edozeinek bizi izan du egoeraren bat, non bi lagun euskaradun peto ikusi, eta erdaraz hitz egiten sumatu. Hori aldatu behar da.
Nola irauli erabileraren datu txar hori, egunoroko joera gaizto horiek? Ba al du erremediorik?
Ez daukat formula magikorik, baina mezu itxaropentsua zabaldu nahi nuke. Ahalmen itzela daukagu, ezagutza oso handia delako. Euskara ezagutza oso ona dutenak Urnietan % 60 baino gehiago dira. Ahobizi gisa definitu ditzakegunak. Eta Eustat-en estatistiken arabera, ia euskaldunak direnak, alegia, belarriprest izango liratekeenak, euskaraz aritzeko gai, beste
% 15. Horrek % 75eko ezagutza maila ematen digu Urnietan. Gaitasun handia da hori, baina ez diogu etekinik ateratzen. Zerbait egiten hasi beharra daukagu, baina herrian bertan aurrena, nazio esparru edo eskalan baino lehenago. ‘Euskaraldia’-ren moduko ekimenak beharrezkoak dira, baina egunerokotik hasi behar dugu.
Neurri zigortzaileak hartzeko punturaino iritsi beharko al dugu, euskararen erabilera hobetzeko?
Gaur egungo jendartean ezinezkoa da halakorik egitea. Askatasunaren gizartean bizi gara. Euskal Telebistan ‘Memoria eraikiz’ saioa ikusi nuen, pasa den astean, eta Guda Zibila irabazi zutenek agur hitza nola debekatzen zuten erakutsi zuten, agiri batzuekin. Antzeko kasu asko erakutsi zituzten. Ezin dugu egoera hartara bueltatu. Zigor neurriak eskuin muturreko alderdi politikoen ondare dira.
Eta nola suspertu, animatu, eragin?
Ez daukat edabe magikorik, esan dut lehenago. Gure txikian saiatuz, nahiz eta lan handia izan, eta sarri etsigarria. Herriko kirol elkarteetan, 16 urtez azpiko taldeetan euskaraz hitz egiteko araua dago indarrean, baina, batzuetan, ez da betetzen. Betearazten saiatuz. Keinu txikiak egin behar dira, egin behar ditugu denok. Ezinezkoa da
% 75eko erabilerara iristea, hori garbi dago, baina beheranzko joera irauli eta % 21etik % 25era pasako bagina, aurrerapauso handia litzateke.
‘Euskaraldia’ hilabete barru hasiko da, azaroaren 18an. Nola dago egoera Urnietan?
Beno, Sanmieletan, ekitaldiren bat egiteko asmoa geneukan, txekor-dastatze egunean, hain zuzen ere, baina antolakuntza arazo batzuk izan genituen, eta ezin izan genuen ezer prestatu. Badago euskara batzorde bat, bilduko gara eta ekitaldiak antolatzen saiatu.
Datorren azaroaren 5erako egin nahi genuke zerbait, ea posible den. Hortik aurrera herria suspertu, pankarta, logo eta besteekin.
Badira ‘Euskaraldia’ itxurakeria baino ez dela diotenak. Alegia, euskararen alde zerbait egin dugula esateko balio duela, baina hortik aurrera ezer gutxi egiten dela. Zer diozu?
Beno, errazena kolkoan txapa jartzea da. Lau urte atzera ia mila lagunek jarri genuen txapa Urnietan. Sekulako kopurua da. Hiru ekitaldi publiko handi egin ziren, hamaika hamaikako osatu, parte-hartze handiarekin… Oso polita izan zen, baina txapa eramateak esan nahi du jarrera egoki hori eduki behar dela azaroaren 18tik abenduaren 2ra arte, gutxienez. Ondoren, jarrera hori urte osoan mantentzea da gakoa.
Euskara maite dugula erakutsi behar dugu, egunero.