Ibilketa nordikoko Gipuzkoako hirugarren txapelketa izango da Urnietan

Aiurri 2022ko urr. 25a, 09:27

Ultreia taldeak Gipuzkoako ibilketa nordikoko hirugarren txapelketa egingo du Urnietan, azaroaren 6an, igandearekin. Goizeko 10:30ean hasiko da hitzordua.

Ultreia Martxa Nordikoa Kirol Elkarteak antolatuko duen probak 3,88 km-ko zirkuitua izango du, eta parte hartzaile federatuek 3 aldiz inguratu beharko dute, guztira 11,64 km osatuz. Federatu gabeko parte-hartzaileek, berriz, 2 itzuli emango dituzte, 7,76 km-ko ibilbidea eginez. Irteera eta helmuga Pintore kalean kokatuko dira, udal kiroldegiaren aurrean.

Txapelketa azaroaren 6an, igandean, jokatuko da 10:30etik aurrera. Dortsalen banaketa azaroaren 5ean, larunbata, egingo da 18:00etatik 20:00etara Urnietako kiroldegian eta lasterketa egunean bertan 9:00etatik 10:00etara. Bestalde, lehiaketa hasi aurretik, 10:00etan, informazio-hitzaldi bat egingo da, probarekin zerikusia duen guztia azaltzeko eta momentuan sor daitezkeen zalantza guztiak argitzeko.

Izen-ematea

Lehiaketa honetan 16 urte edo gehiago dituzten guztiek parte hartu ahal izango dute, baldin eta izena emanda badaude eta parte hartzeko baldintzak betetzen badituzte. Bestalde, Euskal-Nafar Kopan FEDMEn edo edozein federazio autonomikotan federatutako pertsonek bakarrik parte hartu ahal izango dute. Hala, Gipuzkoako 3. Txapelketan parte hartzeko, eta sariak eskuratzeko, beharrezkoa izango da federazio-lizentzia izatea GMF-FGMko klub baten bitartez.

Parte hartu nahi dutenek azaroaren 2ra arte eman dezakete izena herrikrosaren webgunean HEMEN klik eginda.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!