"Migratzaileak" disko-liburua aurkeztuko du Aukeran Dantza Konpainiak Chillida Lekun

Aiurri 2022ko urr. 26a, 09:03

"Migratzaileak" disko-liburua aurkeztuko du Aukeran Dantza Konpainiak, ostiral honetan, goizeko 11:00etan Txillida Lekun egingo duten prentsaurrekoan, bere mende laurdeneko ibilbideari aitortza egiteko. Izen bereko ikuskizunaren musikan, testuan eta koreografietan oinarritutako ilustrazioak biltzen ditu proiektuak. Agortu egin dira gonbidapenak jada.

Ondoren, arratsaldeko 18:30ean, publikoari irekitako aurkezpen osagarria egingo da, hitzak eta dantzak parkeko eskulturekin uztartuta.

Migrazioa mugimendua da. Mugitzea, funtsean, gorputz bat lekuz aldatzea. Lekuz aldatzean gorputzaren barruko guztia mugitzen da harekin: ametsak, beldurrak, minak eta itxaropenak. Migrazioa mugimendua da. Eta mugimendua arintasuna, mugarik eza. Gorputzak irekitasuna behar du mugitzeko: irekia egon mugimendua abiatzeko, irekia egon mugimendua jasotzeko.

Ikuskizunaren estreinaldia, DFerian
Donostiako DFeria arte eszenikoen jaialdi ezagunean ikusi zuen argia lehenengoz obrak, aurtengo martxoaren 12an nahiz 13an. Edu Muruamendiarazen gidaritzapean, Oier Guillan idazleak ipini dizkio hitzak egitasmoari, ibilbide oparoa osatu du gaur gaurkoz, Victoria Eugeniako estreinalditik hasi eta makina bat herritatik igarota. 

“Zer da migratzaile izatea ez bada, funtsean, mugitzea: gorputz bat lekuz aldatzeko prest egotea, eta leku berri horretan norbera den gorputza berriro deskubritzea”. Ikuskizunaren bidez, zer hausnartua utzi nahi du konpainiak publikoaren artean, “mugimenduari irekitzeko ariketa bat” proposatzen dio ikus-entzuleari. Hala, ahotsaren, dantzaren eta musikaren bitartez, historiari, istorioei begiratu nahi die, “gure mina besteena ere badela oroitzeko”.

Honatx, EITB kulturak egindako ikus-entzunezko laburpena:

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!