Protesta egin dute kiroldegiko langileek, lan-baldintza duinen alde

Aiurri 2022ko urr. 27a, 09:47

Lan-baldintza duinak eskatu dituzte kiroldegiko langileek: hamarkada bete daramate mantenu-lanetan,  monitore gisa eta arretan dabiltzan langileak soldata berarekin, izoztuta. Kiroldegi-zerbitzua Bizkortzen enpresak kudeatzen du, azpikontratazioz.

ELA sindikatuak adierazi duenez, orotara, hamalau langilek daramate kiroldegiko gestioa eta horietatik bik, soilik dute lanaldi osoko kontratua; gainerakoak lanaldi partzialeko kontratua dute, eta "astean, hamaika orduko lanaldia duenik ere badago". 2012. urtetik, ez soldata igoerarik, ez lan baldintza hoberik, izoztuta, eta, langileek aditzera eman dutenez, duten hitzarmena "ez da sektorerako espresuki egina dagoena. Enpresak hainbat kontzeptu ere ez dizkigu aplikatzen, adibidez antzinatasunarena". Hori ere auzitan ipini nahi dute. 

Enpresarekin berarekin nahiz Urnietako Udal gobernu-taldearekin jarri dira harremanetan,  eta biekin bildu dira beren egoeraren berri emateko, eta "bai batak eta bai besteak beste alde batera begiratu dute". 

Nazkatuta daudela aldarrikatu dute langileak, "gure lan eta bizi baldintzak hobetuko dituen hitzarmen bat beharrezkoa ikusten dugu". Hala, aurrera begira, mobilizazioekin hastea erabaki dute, "Kiroldegiko lnagileak lan hitzarmenaren alde!". 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!