Ate-joka da Euskaraldiaren hirugarren edizioa, “hitzez egiteko garaia” dela aldarrikatzeko. Hori horrela Euskal Herriko makina bat txokotan, ospakizun hitzorduak antolatu dituzte hizkuntza ohituretan eragitea xede duen ariketan murgiltzen hasi daitezen herritarrak. Azaroaren 28tik urriaren 2ra bitarte egingo da aurten Euskaraldia, eta, Urnietan, hori iragartzeko festa izango da larunbat honetan, hilaren 5ean.
Eguerdi partean, Zubitxo plazan, ekitaldi nagusia egingo dute tokian tokiko antolatzaileek, herria girotzen joateko hainbat ekintza antolatzearekin batera. Bertan, Egape Dantza Taldeak koreografia bat dantzatuko du, Kantazaun elkarteak zenbait abesti kantatuko ditu eta bertso eskolako kideen bertsoak entzuteko aukera ere izango da.
Hortaz gain, gune ibilitaria egongo da, Euskaraldiko arropa eta materiala erosteko aukerarekin. Euskaraldian parte hartu nahi dutenek izena emateko aukera ere izango dute. Horretarako, euskara norekin eta zenbatetan erabili nahiko duten pentsatu beharko dute: ahobizi edo belarriprest rolean aritzeko.