Xabier Madinak 69 urte ditu, baina oso aktibo mantentzen da martxa nordikoari esker. Euskal Herriko lehen txapelketa antolatzen ari da buru belarri egun hauetan. Urnietan jokatuko da, eta 100-120 lagunen parte hartzea espero du. Jatorriz nordic walking, martxa nordikoa izena duen diziplinaren nondik norakoak xehatu ditu Aiurri aldizkariarentzat.
Zer da ‘nordic walking’-a, Xabier?
Martxa nordikoa. Ipar martxa ere esan geniezaioke. Ibiltzean datza, bastoien bultzadarekin.
Nola izan zenuen diziplina horren berri?
Kasualitatez. Donejakue bidea egin dut hainbat aldiz, eta egin nuen aukera batean google-eko bilatzailean jarri nuen “bastoiekin ibili”, bi lagun bastoi berezi batzuekin ikusi nituelako. Erreferentzi apur batzuk topatu nituen, baina Euskadin ezer ez. Nordic walking-a ez zen existitzen gurean duela hamabost urte. Martxa nordikoko Espainiako Federazioko Evelin Feussner buruarekin harremanetan jarri nintzen, hastapen ikastaro bat egin, eta hiru hilabetera lehen mailako irakasle titulazioa lortu nuen.
Gurpila jiraka hasi zen, eta orduz geroztik ez da geratu.
Zorionez ez. Euskadi osoan ikastaroak ematen hasi nintzen, eta formazioarekin jarraitu nuen, bigarren mailako ikastaroa osatuz. Alfa coach eskola edo diziplinako gaitasuna ere lortu nuen, orduan sei lagunek bakarrik genuena Espainia osoan. Hirugarren mailako gaitasuna da. 2017az geroztik formazioan murgilduta nago. Hainbat bideo publikatu ditut, martxa nordikoa zabaltzeko asmoz, helburu ekonomikorik gabe. Esan nezake martxa nordikoko erreferente bilakatu naizela azken urtetan.
Atentzioa eman dit Mendi Federazioko kide dela martxa nordikoa, eta ez atletismokoa. Zergatik?
Politika kontuak dira. Frantzian atletismo federazioko kide da martxa nordikoa, baina gurean mendikoa. Italian bi federazioetan daude. Mendiko lasterketetan ere polemika egon zen. Zer da, atletismoa edo mendia? Lizentzia kopurua lortzeko aukerak halako egoerak sortzen ditu.
Zergatik egin beharko genuke martxa nordikoa?
Osasun arrazoiengatik. Munduko Osasun Erakundeak astero bi ordu eta erdiko kirol jarduna aholkatzen du, bihotz eta hezur arazoak saiheste aldera, baina ez du aholkatzen ze kirol diziplina egin. Nik, noski, martxa nordikoa aholkatzen diet herritarrei. Ekonomikoki ez da garestia, eguneko edozein unetan egin dezakezu. Eguraldi txarrarekin ere egin daiteke. Ñabardura bat egin nahi nuke. Paseatzea edo ibiltzea ez da martxa nordikoa. Martxa nordikoa aktiboki ibiltzea da; ondo ibiltzea, gorputzeko atal asko erabiliz, eta bastoiak gehituz. Korrika egiteak artikulazio eta hezurretan arazo asko sor ditzake. Bizikleta egokiagoa da, baina hanka zuztarrak lantzen dituzu batez ere. Martxa nordikoa ipar eskitik edo eski nordikotik dator, eta diziplina hori kirol diziplina osoenetakoa da, gihar edo gorputz atal gehien erabiltzen duenetakoa.
Non sortu zen?
Finlandian, XX. mendeko 30. hamarkadan. Elurrik egin ez zuen neguren batean sortu zuten, entrenatzen jarraitzeko. Eski nordikoko bastoiekin, noski. Sauvakavely deitzen diote Finlandian, eski bidea euskaraz. 90. hamarkada arte erdi ezkutuan egon zen, baina orduan Marko Kantanevak tesia egin zuen martxa nordikoari buruz, eta orduan mundu guztian barrena bastoiak saltzeko proiektu komertzial erraldoia gorpuzten hasi zen. Alemanian izan zuen segida urte batzuk geroago. Han alfa sistema delakoa garatu zuten, jendearen osasuna hobetze aldera. Alfa hitzeko a hizkiak tente eta zuzen esan nahi du; l hizkiak besoa luze, f hizkiak hirukia osatu hanka eta bastoien artean, eta azkeneko a hizkiak pausoa egokitu.
Bastoien erabilera ezinbestekoa da martxa nordikoan. Zergatik?
Bultzada eta oreka ematen diolako ibilerari. Bastoiekin pauso luzeagoa egingo duzu, eta oinez baino azkarrago joaten zara. Teknika berezia ikasi behar da, eta ikastea ez da erraza, hori aitortu behar da. Ordu batzuk egin behar dira ikasten, eta teknika hobetzen.
Esan duzu ikastea ez dela erraza. Zergatik?
Oso diziplina teknikoa delako. Hasieran jendea ez da jabetzen teknika zaila dela. Jende asko dago bizitza osoa korrika edo oinez ibilitakoa, baina bai korrika, edo bai oinez trakets, gaizki ibiltzen dena. Bultzada da gakoa, bultzadaren keinua ondo egitea. Ikastaro bat eman ondoren parte hartzaileei hobetzen jarraitzeko bitartekoak eskaintzen dizkiet. Martxa nordikoak badauka paradoxa bat. Zenbat eta hobe menperatu teknika, orduan eta gutxiago nekatzen zara, odolaren oxigenazioa handiagoa baita teknika hobetzen duzun heinean.
Zein da martxa nordikoaren egoera Euskal Herrian eta Urnietan?
Mikel Izagirre eta Leo Carmona dabiltza sutsuen herrian une hauetan. Gipuzkoan 70 bat lagun egongo dira federatuta, denera, eta kirolariak, guztira, 200 bat inguru dabiltza Ultreia MN elkartearen baitan. Urnietan 20-30 bat lagun gabiltza egurrean.
Ultreia esan duzu. Zer esanahi du izen horrek?
Donejakue bidera bueltatzen gara berriro. Bide horretan bidegileek elkarri botatzen dioten agurra da, latineko hitza: segi aurrera esan nahi du.
Urte batzuk atzera jendeak arraro begiratzen zintuzteten, bastoiekin ziztu bizian eta modu berezian ibiltzen zinetelako. Aldatu al da egoera hori?
Beno, oinarrizko akats baten ondorio da pentsaera hori. Jendeak bastoiekin ikusten gaitu, eta adineko jendearentzako kirola dela uste du. Ez da hala. Edo gaixoentzat dela, bastoiekin zoazelako. Golf-ak ere kirol erraz edo sinplearen sona du, baina oso kirol teknikoa da. Martxa nordikoa antzera.
Lehiaketa antolatu duzue iganderako. Xehetasunak ematerik bai?
Ez da erraza lehiaketetan parte hartzea, teknika ondo menderatu behar delako parte hartzeko. Lehiaketak, dena den, kirol diziplina honen %10 baino ez dira, izozmendiaren punta baino ez. Niri formazioa, eguneroko jarduna interesatzen zait gehiago.
Nolakoa da zirkuitua, eta nondik nora doa?
Zirkuituak 3,8 kilometro ditu, eta federatuek hiru itzuli eman beharko dizkiote. Open kategoriakoek, federatu gabekoek, bi itzuli. Kiroldegian hasiko gara, Lekundik Ergoien industria-poligonoraino joan, errepidea gurutzatu, eta Oianumeko atzealdetik IAT-raino. Handik herrira buelta, eta kiroldegira iritsi baino lehenago, Akan kalean, berriro zirkuituari ekin, Belandi kaletik Lekun aldera eginez. 10:30etan hasiko da federatuen lasterketa, eta federatu gabekoak federatuek lehen itzulia osatu ondoren. Sei epaile egongo dira lehiakideen teknika zaintzen. Kilometroa sei minutuan egiten dute azkarrenek. Hori oso erritmo bizia da korrika egin gabe!
Zenbat lagunen parte hartzea espero duzue?
100-120 inguru. Kopuru ona litzateke hori.