“Inflexio puntua da Euskaraldia, egunerokoan ditugun ohituren alde”

Alba Cabrera Jauregi 2022ko aza. 4a, 10:36

Azken egunetako prestaketa-lanetan murgildu da Lide Serrano herriko Euskaraldiaren koordinatzailea. Hirugarren edizioa berriro ere martxa hartzeko aukera dela uste du.

Hemen dator “hitzez ekiteko garaia”; hemen da, ate joka, Euskaraldia: azaroaren 28tik, abenduaren 2ra bitarte, kalera aterako dira ahobiziak eta belarriprestak, ariguneak. Hamabostaldi hori prestatzeak, ordea, badu erantzukizuna. Hain zuzen ere, horretan dabil Lide Serrano Belaustegigoitia Urnietako Euskaraldiaren koordinatzailea.

Gero eta gertuago dago Euskaraldia. Zu ere azken txanpan murgilduta izango zara…

Orain, girotze-fasean gaude, herritarrak hurbildu daitezen eta Euskaraldia hemen dagoela jakin dezaten. Askotariko ekintzak ari gara pentsatzen, deialdi gisa: handiena azaroaren 5ean egingo dugu, larunbatarekin. Zubitxo plazan elkartu gara (Guria tabernaren eta polikiroldegiaren artean), eguerdi partean. Alde batetik, gune iblitaria egongo da, Topaguneak ipinitako furgoneta, Euskaraldiko materiala saltzeko. Beste alde batetik, banderak ere izango ditugu salgai 5 eurotan.

Horrez gain, Euskaraldiko erronkaren panela ipiniko dugu, herritarrek gainerako herrikideekin aurtengo edizioari lotuta dituzten erronkak eta konpromisoak partekatzeko.

Era berean, herriko eragileen emanaldiak izango ditugu. Egape Dantza Taldeak erakustaldia egingo du, Euskaraldirako espresuki prestatutako pieza batekin, hain justu ere, edizio honetako kanta koreografiatu dute dantzariek. Ildo beretik, zenbait kanta abestuko ditu Kantazaun taldeak, baita gaiarekin lotutako hainbat bertso bota ere herriko bertso eskolak.

Lehengo astetik aurrera, Tiktokaldia ipini dugu martxan: hutsunea dago gazte jendearen parte-hartzean; horrela, Tiktok aplikazioak duen pisua ikusita, eta sare sozialetan euskararen presentzia urria dela jabetuta, honako proposamen hau ipini dugu martxan: aurtengo edizioko kantarekin Tiktok-a asmatzea. Parte-hartzaileen artean, zozketa egingo da, eta euskararekin nahiz euskal kulturarekin zerikusia duen oparia banatuko da. Euskaraldia hasten den egunera arte izango du jendeak aukera parte hartzeko. 13-16 urte bitarteko nerabeek ere izango dute parte hartzerik, nahiz eta horiek ez ditugun sare sozialetan zabalduko, irudien babes arauengatik; aldiz, 16 urtetik aurrera, Tiktokean hala onartuta, beren bideoak zabaldu egingo dira. Eta, nola egin hori guztia? Tiktoken "euskaraldia.urnieta" kontua jarraitu, bideoa egin kantaren zati batekin, traolak ipini, @euskaraldiaurnieta aipatu, eta, listo!

Azaroaren 12an, euskarazko bi yoga ikastaro egingo ditugu, doan, ordubetez, Saroben, Oihana Mellado urnietarraren eskutik: goizeko 10:00etan eta eguerdiko 12:00etan. Jende asko mugitzen duen ariketa da yoga, bada, hori ere euskarara ekarri nahi dugu. Izena emateko, Euskaraldiko telefono-zenbakira idatzita edota deituta (688 60 37 77), baita helbide elektronikoan mezua utzita ere (urnieta@euskaraldia.eus).

Bigarren edizioa pandemian izan zen; indartsu al dator aurtengoa?

Berriro martxa hartu beharrean ikusten dut Euskaraldia. 2020. urtekoa nahiko ikusezina egin zitzaidan, pertsonalki, eta, orain, bultzada hartu behar dela uste dut. Ahobizietan jarri da begirada, erdigunean ipini dira, indar gehien duen kolektiboa plazaratzeko. Entitateei ere, ariguneei, garrantzi handia ematen ari zaie. “Hitzez ekiteko garaia” lelopean dator aurtengo edizioa, lehen hitza euskaraz emateko, jendarteko askotariko eremutan euskaraz jarduteko.

Hasi da jada izen-ematea Urnietan; zer moduz?

Gehiago behar ditugu. Link-a zabaldu dut, baita izen-emate postuak antolatu ere, aurrez aurreko tratua izateko herritarrekin. Izan ere, jende askorentzat muga da bide elektronikoa, batez ere, adinekoentzat. Hala, Euskaraldiko telefonora idatzita ere eman daiteke izena, baita eskuz egin ere.

Aurretik parte hartu duenak ez du izena eman beharko, berretsi, soilik. Inork rolez aldatu nahiko balu, berresteko unean adierazi beharko du.

Aurten ere, belarriprest nahiz ahobiziez gain, ariguneak ere izango dira, aurreko edizioaren antzera. Zein nolako harrera izan du ariguneen proposamenak Urnietan?

Orotara, 32 arigune ditugu. Irailaren 27an hartu nuen nik koordinatzaile zeregina eta Sanmielak tarteko, hilaren 30ean amaitu zen entitateek izena emateko aukera. Hortaz, zapore gazi-gozoa utzi dit horrek, ez baitut denborarik izan aurrez aurre guztiekin hitz egiteko. Dena dela, joan den edizioan baino hamabost bat gehiago izango dira aurten.

Arigune gisa herriko bi ikastetxeak izango ditugu. Lan handia egiten ari dira, barne lanketa sakona. Euslider proiektua ere tartean dago: AEKtik abiatutako egitasmo indartsua da. AEK-ko kideek ikasgelako irakurketa egiten dute, hizkuntza ohiturak arakatzeko.

Horren harira, eusliderrak aukeratzen dituzte; ikasle kopuru zehatz horri formakuntza ematen diete, gerora, beraiek bere parekideei erreplika egiteko.

Beroketa-fasean, euskara batzordea ipini da martxan. Zein nolako harrera eduki du?

Urnietan aktiboki Euskaraldian lan egiteko talde bat da. Urriaren 13an antolatutako bilerara zazpi kide gerturatu ziren, eta gazteenak 40 urte zituen. Eragile falta beraz, kuantitatiboki, baina era berean, adinari dagokionez, kualitatiboki. Gazteen falta nabaritzen dut, aurrera eramateko proposamen berriak ailegatu daitezen.

Joan den Aiurri astekarian Jon Lizaso herriko euskara teknikaria elkarrizketatu zuen Andoni Urbistondo kazetariak. Datu kezkagarria plazaratu zuen hark: euskararen ezagutza Urnietan % 75ekoa da, baina erabilera % 21ekoa da. Zer deritzozu?

Oso larria da egoera. Are gehiago, kontuan izanda, Urnietan bizi garela, Gipuzkoan, euskara gehien erabiltzen den lurraldeetako batean.

Non jarri begirada horri aurre egiteko?

Migrazio-fluxu nabarmenak dauden jendarte batean bizi gara. Hala, iruditzen zait euskara ez dela iristen atzerriko jatorria duten herritar horietara, izan gazte, izan heldu. Orduan, beste formula bat asmatu behar da kolektibo horrek gure hizkuntza eta kultura maite eta bere senti ditzan. Euskal identitatetik hurbil bizi den jendeari Euskaraldiaren oihartzuna iristen zaio, baina ez gara iristen ari jendarteko beste ertzeetara; are gehiago, dinamikatik kanpo sentitzen direla esango nuke, baztertuta. Izan ere, Ekuatoretik hiru seme-alabekin, bakarrik datorren emakumeak, eta adineko pertsona baten zainketan buru-belarri lanean egongo denak, zein harreman izango du euskararekin? Hor, besteak beste, badago zer hausnartua.

Bestalde, lotsa ere jokoan sartzen dela esango nuke: “Barre egingo didate, ez dut perfekto hitz egiten, oihura falta daukat, jariotasun eza…”.

Euskaraldia bezalako proposamenek lagundu al dezakete hutsuneei aurre egiten?

Bai, baina, esan dizudan bezala, beste lan ildo bat sortu behar da kanpotik hona bizitzera datorren jendearekin: euskararen murgiltze inklusiboa, parekidea. Testuinguruan kokatu eta hurbilpen bat eman, beren hizkuntzaren eta gurearen artean, konexio puntuak topatzeko.

Euskaraldiak irauten duen bitartean, txapa jantzi bai, baina txapa horri dagokion rola betetzeko konpromisoa behar da, ezta?

Inflexio puntua da Euskaraldia, egunerokoan ditugun ohituren alde. Hausnarketarako unea da, lan egiteko, eta lorpenak ikustarazteko, baina, jarraipena izan ezean, ez du ezertarako balio. Pertsonaletik asko badu ere, kolektiboa ere behar du ariketak.

Euskaraldia eta gero zer? Hizkuntza ohituretan benetan utziko al du arrastorik?

Arrastoa utzi behar du ariketak. Bihotzetik gertu zintzilikatzen dugu txapa, bada, horrela izan dadila urteko gainerako egunetan ere. Ariketatik kanpo, aurrerapausoak ematen jarraitzea da helburua.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!