Egurra inork gutxik baino hobeto irakurtzen du Luis Eraso artisau berastegiarrak. Hamarkada luzeak igaro izan ditu egurretik, tolesturak, zirrikituak eta kolore ederrenak nabarmentzen, enbor batetik figura erakargarriak ontzen. Nola, baina? Motozerrarekin. Hala, ikusgai dago bere obra Urnietako Oianumen, hilaren 13ra bitarte. “Ni egiten aritu naizen bezain gustura egon bazara ikusten, ni konforme”, dio sarrerako horma-irudiak.
Noiztik duzu harremana egurrarekin?
Gaztea nintzela, hamalau urterekin, eskola amaitu eta lanean hasi nintzen. Hasiera batean, irabazi handiak omen zituen gremiora jo nuen, galdaragintzara. Tailer txiki asko izaten ziren garai hartan, eta asko eta asko itxi egin ziren urteekin, baita neurea ere. Ondoren, hiru urtez, mendian izan nintzen lanean, zuhaitzak mozten.
Aizkolari gisa ere ibilitakoa zara.
Herriko festetan, asko ibilitakoa naiz. Munduko Aizkolari Txapelketa egin zen Atotxan, eta bostpasei nazio etorri ziren lehian. Bi australiar hemen gelditu ziren pare bat astez. Hain justu ere, txapelketa horren ondoren, aizkora apustu bat zegoen Tolosan. Hori amaitzean, bi australiar horietako batek enbor bat hartu eta motozerrarekin aulki bat egin zuen.
Hala, herriko festetan gauza bera egin genuen: bost lagunek hartu genuen parte eta 20 minututan aulki bat egitea zen erronka, motozerrarekin. Hiru zurgin ipini genituen puntuazioa jartzen. Datorren urtean, lan konplexuagoa proposatu genuen, basurde bat egitea. Zirauki (Nafarroa Garaia) aldeko gazte batzuek guk egindakoa ikusi eta beren herriko festetan gauza berdina egitera gonbidatu gintuzten. Furgonetan egur batzuk sartu eta harantz joan ginen. Horrela hasi ginen, gaur arte.
Garai hartan, Xabier Euzkitzek “Sorginen Laratza” saioa zuen Euskal Telebistan, beste kide batzuekin batera. Gauza berritzailea zenez, telebistara joan ginen, erakustaldia egiten. Horren ondoren, gure etxeko telefonoak su hartu zuen! Deika eta deika, jendea; uda hartan, 73 herri bisitatu nituen.
Inertziaz hasi zena ikusmira handiko hitzordu bihurtu zen…
Garai hartan, Amasa-Villabonako enpresa batean nengoen lanean, errelebotara. Bada, hiru urteko eszedentzia hartu nuen, baita geroago lana utzi eta autonomo egin ere, hortara espresuki dedikatzeko. Izan ere, geroz eta urrutiagotik deitzen ziguten: Toledo, Ciudad Real, Jaen, Girona... 800 herritik gora igaro ditut, egurrez betetako nire atoiarekin; toki guztiak koaderno batean ditut apuntatuta, eskaera eta guzti; berriro, hara joan behar izanez gero, figura ez errepikatzeko. Horrela 22 urte, 41 urterekin hasi eta, orain pare bat urte arte, erretiroa hartu nuen arte. Lehen erakustaldien ondoren, enkarguak eskatzen hasi zen jendea; horrela, 2005. urtean pabilioi bat egin nuen Berastegin, lantoki eta biltegi gisa.
Jaietako erakustaldietan sortutako eskulturekin zer egiten zenuten?
Herrian bertan gelditzen ziren, bertakoentzat. Zozketak egiten hasi ziren: Donostiako inprenta batetik lortzen nituen boletoak eta antolatzaileei ematen nizkien, euro batean saltzeko. Guri ordaintzeko eta irabaziak edukitzeko adinako diru-kopurua eskuratzen zuten. 2.000 lagun izan ditugu begira, eta boletotan bost euro uzten zituen jendeak, gutxienez. Pentsa!
Noiz izaten zenuen lan-kopurua handiena?
San Isidroetan hasi eta azaro aldera arte. Eguberrietan tokatu izan zaigu San Jose eta Ama Birjina egitea.
Erakustaldietan, aldatu al da denborarekin motozerra erabiltzeko modua?
Oro har, orain, lasaiago ibiltzen dira, mantsoago lanean. Gure garaian, korrika eta presaka egiten genuen, zirt-zart, erlojuari begira, atzerakontuan. Arrakasta handia izaten genuen.
Denborarekin egurra lantzeko estiloa aldatu al duzu?
Bai. Erakusketetarako “pobre” samar gelditzen baitzen, esaterako, erakustaldietan hasiera batean egiten genituen aulkiak. Denetatik egiten dut, altzarietatik hasi eta figura abstraktoetaraino. Nire lanik zailena Gaztela-Mantxan egindako On Kixote eta Santxo Panza figurak dira, ordubete eta hiru ordu laurdenetan. Bereziena Onkologikoari eman nion figura, bertan egon bainitzen ni ebakuntza batean 2016. urtean; oso ondo osatu nintzen, eta denbora luze izan nuen hausnartzeko. Hantxe dago sarreran, modu batera edo bestera, jaso nuen tratu ona eskertzeko. Nire gaitzarekin zerikusia du figurak: egur bat barrutik hutsa, gaixo dagoen pago bat bezala; barrualdean, egur gazteagoa jarri nion, aurretik aipatu dudan egur zahar hori indartzeko, neu ere horrela atera nintzelako, indartuta.
Zer nahiago: aizkora ala motozerra?
Aizkorarako afizio handia izan dut, baina etorkizuna motozerrak eman dit. Txikia nintzenean, trebea nintzen marrazketan, Hortan erraztasuna izateak laguntzen du motozerra hartzen duzunean. Egur bat ikusten dudanean, beti galdetzen diot neure buruari ea zer egingo nukeen horrekin. Egurrari bere koloreak ateratzea gustatzen zait. Berezkoa ez baldin baduzu, zaila da. Egurra zutik jarri eta inolako markatik gabe hartzen dugu motozerra, proportziorik gabe. Arkatza batekin, orria zuriaren gainean aritzean bezalaxe, gu, motozerrarekin, enborrean. Erakustaldietan, gainera, denbora mugatuan egin behar dugu, ikusleak aspertu ez daitezen. Azkar eta ondo egitea zen meritua.
Zer eduki behar du egurrak zuk begiz jotzeko, zure arreta pizteko?
Berastegiko basoetatik hartzen ditut gehienak, egur zahar asko baitago inguru horietan. Gainera, sua egiteko egur hori ez omen da egokia izaten, puskatzeko zaila delako. Nik erabiltzen ditudanek horrenbeste urte dituztenez, denborarekin, ez zaizkie zirrikituak ateratzen, alegia, emandako formari eutsi egiten dio. Askotan, bere berezko formak aprobetxatzen ditut, eta, beste hainbatetan, nik bilatzen dizkiot forma berriak.
Zer egin soberako egurrarekin?
Guztia aprobetxatzen dut, sutarako erabiltzen baitut soberakina.
Motozerra batekin soilik egiten al duzu figura osoa? Edota bestelako baliabideez ere baliatzen al zara?
Orokorrean, guztia motozerrarekin egiten dut. Ondoren, leuntzeko, koskak kentzeko, eskuak ere darabilzkit, besteak beste.
Urnietara etorrita, zenbat piezek osatzen dute zure obra?
40tik gora, aulkietatik hasi eta figura abstraktuetara bitarte; oso dotoreak. Baserritarrek, eraikuntza munduko jendeak edota egurzaleek oso gustuko dituzte horrelakoak: gertutik ikusi, ukitu… Piezaren bat erosteko interesa duenak, galde diezadala. Hementxe izango da erakusketa, igandetik igandera, azaroaren 13ra arte.