“Dantzari bat, bi dantzari, hiru dantzari galdezka. Lau dantzari, bost dantzari, sei dantzari galdezka. Zazpi dantzari, zortzi dantzari, zortzi dantzari galdezka. Zer da mugimendua? Zergatik mugitzen gara? Zein da mugitzeko dugun beharra? Zer da mugitzera bultzatzen gaituena?”. Migrazioari buruz hausnartzeko jakin-mina sartu zitzaion orain hilabete batzuk Aukeran Konpainiari. Makina bat ezbai, duda, eta horiei guztiei erantzuteko… Mugimendua, zer, bestela? Bada, erantzunak dantzatu eta, are gehiago, erretratatu ditu konpainiak, berriki labetik atera berri duen “Migratzaileak” disko-liburuan. Joan den ostiralean, urriaren 28an aurkeztu zuten, Txillida Lekun. Bertan izan ziren, Edu Muruamendiaraz zuzendaria Char-Lee Mito obraren ilustratzailea, Oier Guillan idazlea nahiz proiektuko gidoilaria eta Lorea Bilbao Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kultura zein Kirol diputatua. Orain bi urte hasi zen konpainia buruari eragiten, bere mende laurdeneko ibilbideari modu berezi batean gorazarre egiteko: disko-liburuak hamaika afera ukitzen ditu, hamaika kantetan, Xabier Aburruzaga musika-konposatzailearen sormenez. Hitzak Oier Guillanek ipini dizkio, eta, Muruamendiarazen adierazpenez, oso “hunkigarriak” dira: “Esanahiez betetako testuak dira. Disko-liburu honi zentzua handia ematen diote hitzek”. Bestalde Char-Lee Mito marrazkilariak ipini die proiektuari "kolorea eta originaltasuna"; David Herranz argazkilariaren irudietatik, nahiz entseguetan bizitakoagatik ondu ditu ilustrazioak.
Hitzak eta marrazkiak
Ez dago oso ohituta dantzariekin lan egiten Oier Guillan idazlea, baina gogotsu eutsi zion erronkari, bidea “apasionantea bezain polita” izan baita, eta horren emaitza —besteak beste, disko-liburua—, “luxua”. Zortzi dantzarik migrazioari buruz zituzten ezinegonen isla dira hitzak, idazlearen ustez, “prozesu horren guztiaren oihartzuna, unean uneko ispilua”. Barruko ezinegonari hitzak jartzeko ariketan trebatu da, beraz, Guillan, “lerro gutxi izan arren, lerroartean asko esaten dute poema txikiek”. Bestalde, Mito marrazkilariarentzat “plazer hutsa, txundigarria” izan da lanaren parte izatea: “Arrue anaien lanean oinarritu naiz; anaia txikiaren kolore-paleta eta lan egiteko modu piktorikoa gustatzen zaizkit”. Hori horrela, irudietan, naturari estuki lotuta dauden animalia migratzaileak ageri dira. Gainera, erronka izan da irudiegilearentzat konpainia oso bati begira lan egitea, elementu edo pertsona batek baino gehiagok hartzen zutelako garrantzia: “Marrazkiak koralagoak dira; normalean, ni erretratistagoa naiz”. Bilbao izan zen aurkezpen-ekitaldian azkena hitza hartzen 25 urtek eman dutena “alferrikakoa ez dela” adierazteko: “Eskerrik asko, modu batean, zuek izan zaretelako migratzaile: dantza tradizionaleko erosotasunetik atera eta migrazio bati ekin zenioten. Sarri, askotan, behar den besteko berotasunik gabe, hotza zein beldurra sentituta eta migrazioak berak dituen gabeziak sentituta. Baina 25 urte geroago”, azpimarratu zuen, “hemen zaudete, koloretsu, argiz, eta hainbaten berotasunaz, elkargune izateko gaitasunarekin”.
Disko-liburuaren aurkezpenak
Konpainiaren mende laurdeneko ibilbideari aitortza egiteko, izen bereko ikuskizunaren musikan, testuan eta koreografietan oinarritutako ilustrazioak biltzen ditu proiektuak. Ondoren, prentsaurrekoaren egun berean, arratsaldean, publikoari irekitako aurkezpen osagarria egin zen, hitzak eta dantzak, parkeko eskulturekin uztartuta. Hala, gonbidapenak azkar batean amaitu ziren eta 200 lagun inguruk izan zuten aukera parkeko berdeeguneetan, hego haizeko iluntzea dantza bidez, Aukeraren eskutik, gozatzeko.