Nerea Arruti olatuaren aparrean, Sherpa.ai Aizkolari Txapelketa Nagusia irabazita

Aiurri 2022ko aza. 14a, 09:58

Nerea Arruti eta Julen Alberdi (Txikia IV) txapeldun bilakatu ziren, atzo goizean, Bilbao Arenan, Sherpa.ai Aizkolari Txapelketa Nagusiaren hirugarren edizioan. Horrez gain, musika-artista entzutetsuek parte hartu dute aizkoraren euskal ekitaldian. 

Emakumezkoetan, Nerea Arrutik irabazi zuen, 12 minutu eta 16 segundoko abantailarekin, 45 hatzbeteko 4 enbor ebakiz. Bigarrena, Irati Astondoa izan zen, 15 minutu eta 58 segundu eginda eta, hirugarren postuan, Uxua Ansonegui sailkatu zen, 17 minutu eta 52 segundurekin amaituta. Urnietarrak maila ikusgarria erakutsi du txapelketan eta marka harrigarria lortu du bigarren sailkatuari 12 minututik gora aterata. 

Gizonezkoetan, berriz, Julen Alberdi (Txikia IV) txapeldunak, hamabi enborrak (4 kana erdi, 4 ontza eta 4 oinbiko ) 42 minutu eta 39 segundotan ebaki zituen. Bigarrenak, Eneko Otañok, 45 minutu eta 16 segundotan, eta, hirugarrenak, Mikel Larrañagak, 46 minutu eta 08 segundotan.

Ikusmira handia

3.000 ikusletik gora gerturatu ziren Bilbao Arenara, aizkolariak ikustera. Horrez gain, saio ederra eskaini zuten Süne, Zetak eta Zea Mays taldeek.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!