2005. urtetik aurrera, martxan dabilen akademia da Amesti. Eskolako lanetan ikasleen bidelagun izatea du xede espazioak, modu pertsonalizatuan bideratutako klaseekin. Horrez gain, urte osoan, askotariko tailerrak antolatzen dira bertan. Bertako irakasleak dira Ane Garcia eta Ainhoa Garcia.
Arigune gisa, Euskaraldian parte hartzen duzuen lehen aldia al da?
Bai, eta gogotsu gaude erronkari eusteko. Hezkuntzari bideratutako espazioa izanik, garrantzitsua iruditzen zaigu ariketa honetan inplikatzea.
Zuen balioekin bat egiten al du Euskaraldiak?
Euskara dugu espazio honetan lanabes, eta D ereduan ikasi ohi duen jendea dator gurera. Beraz, bai, badu lotura Amestik Euskaraldiak oinarri dituen balioekin, eta, behin ariketa amaituta ere, jarraipena emango diogu espazio honetan euskarari ematen diogun garrantziari.
Nolakoa da langileen euskararen ezagutza, eta erabilera?
Ezagutza eta erabilera maila ona dugu Amestiko langile guztiek. Hala, kalitatezko zerbitzua ematen diegu gurera bertaratzen diren ikasleei. Eduki guztiak euskaraz lantzen ditugu, bestelako hizkuntzak (adibidez, ingelesa edota gaztelania) kenduta, jakina.
Nolanahi ere euskara dugu oinarri langileon artean, baita ikasleekin ere.
Eta bertaratzen diren ikasleena?
Ikasleek, oro har, euskara maila altua dute, bai beren ama hizkuntza delako, bai D ereduko ikasleak direlako. Halere, ezagutza ona badute ere, zenbaitetan, erabilerari dagokionez, gaztelaniara jotzeko joera dute gurekin harremantzeko edota beren artean hitz egiteko. Hala, uneren batean, gurekin, elkarrizketa elebidunak izan ohi dituzte: guk euskaraz hitz egin, eta beraiek gaztelaniaz erantzun.
Zein aurreikusten duzue izango dela zuen erronkarik zailena?
Bada, hain justu ere, berriki aipatu dizuguna. Erabilerari dagokionez, salto hori egitea. Ikasleek euskaraz bizi daitekeela jabetu behar dira, modu batera edo bestera, ulertzeko euskara ez dela soilik esparru akademikoari begirako hizkuntza bat, eskolatik at ere badela hitz egiterik.
Garrantzitsua iruditzen al zaizue Euskaraldia bezalako hizkuntza-ariketak sortzea?
Bai, jakina. Gurea bezalako hizkuntza gutxitua kalera ateratzea ezinbestekoa delako. Espazio guztiak hartu behar ditu euskarak, ikusgarritasuna emateko eta hizkuntzari berari merezi duen balioa emateko. Euskaraldia ez da irtenbidea, abiapuntua baizik. Horrelako ekintzen bidez, herritarren kontzientzian eragina izan eta, hamabost egunetan egiten den ariketari, urteko gainerako egunetan, jarraipena ematea da gakoa.