Zein harreman daukazu euskararekin egunerokoan?
Betidanik izan dut harreman estua euskararekin: nire ama hizkuntza da euskara, eta gurasoek horrelaxe hitz egin didate txikia nintzenetik. Biak ala biak euskaldunak dira, bai etxean, bai bertatik kanpo. Horrez gain, nire bizitzako aldi eta arlo guztietan jaso dut euskara, besteak beste, euskal eskola publikoan ikasi dudalako, eta, gaur egun, unibertsitate ikasketak euskaraz gauzatzen ari naiz. Beti egiten dut euskaraz; euskararekin dudan konfiantza ez daukat beste hizkuntza batekin; gainera, ama hizkuntzan azaltzeko dudan erraztasuna nire alde izan dut beti. Nire aisialdiari dagokionez, nahiz eta eremu guztiak ez izan euskaldunak, elebitan izan ohi ditut elkarrizketak.
Parte hartzen duzun lehen aldia al da? Zein roletan aritu izan zara, eta aurten?
Ez dut beti parte hartu. Lehenenego edizioan, parte hartu nuen, garai hartan hamasei betetzen nituelako. Bigarren edizioan, ez nuen izena eman, eta, aurten, berriro ere, txapa jantziko dut. Guztietan ahobizi rolean aritu naiz. Gasteizen bizi naiz unibertsitate-ikasketengatik; hala, lehen hitza euskaraz egitea erronka handiagoa izango da.
Zergatik da garrantzitsua horrelako ekimenak egitea?
Horrelako ekimenekin, ikusgarritasuna ematen zaio hizkuntzari: “Uste nuena baino jende gehiagok ulertzen eta hitz egiten du euskaraz”. Izan ere, askotan, aurreiritziak medio, jende askok lehen hitza gaztelaniaz egiten du. Hori horrela, euskaraz hitz egitearen aldeko apustua sustatzen du txapa jantzita eramateak.
Erronka pertsonalik finkatu al duzu Euskaraldirako?
Erronka pertsonal nagusirik ez. Baina, lehen esan dudanaren harira, lehen hitza beti euskaraz egitea dut erronka; alderdi hori zaindu nahi dut.
Euskaraldia eta gero zer? Hizkuntza ohituretan benetan utziko al du arrastorik?
Euskararekin orain gutxi harremana hartu duten horientzat oso lagungarria izan daiteke Euskaraldia. Hamabost egun horietan, praktika lortuta, euskararen bidean jarraitzeko motibazioa eta interesa areagotzeko aukera da Euskaraldia.