Zein harreman daukazu euskararekin egunerokoan?
Euskaldun peto-petoak gara familian, eta euskaraz jandun izan gara beti emaztea eta biok, baita gure hiru alabekin ere. Beti erabili izan dugu euskara, eta horrelaxe jarraituko dugu etorkizunean.
Parte hartzen duzun lehen aldia al da?
Lehengoan eman nuen izena, herrian egin zen Euskaraldiaren aurkezpen-ekitaldian. Txapa eskuratu nuen, baina ez da hori soilik, bada erantzukizunik. Ea nola moldatzen garen, nire lehen aldia baita.
Zergatik da garrantzitsua horrelako ekimenak egitea?
47 urte igaro dira jada hona bizitzera etorri ginenetik. Euskara entzuten bada ere, nahi baino gutxiago, asko erdaldundu baita Urnieta. Aberasgarria izango dela iruditzen zait, zenbat eta gauza gehiago egin, hobe.
Erronka pertsonalik finkatu al duzu Euskaraldirako?
Ez, bereziki. Behar bada, ariketak iraun bitartean, sortuko da zerbait.
Euskaraldia eta gero, zer? Hizkuntza ohituretan benetan utziko al du arrastorik?
Inguruan, euskara erabiltzen ahalegintzen naiz. Hilabete bakoitzaren azken ostiralean, kalera ateratzen gara kantari Kantazauneko kideok. Zaletasun horrekin jarraituko dut, bai eta, ahal dudan beste, jendearekin euskaraz hitz egiten ere.