Zein harreman daukazu euskararekin egunerokoan?
Beti ahalegintzen naiz hasieratik euskaraz zuzentzen. Lehen, ez nintzen ausartzen, baina konfiantza hartu dut: nahiz eta, batzuetan, zalantza izan ea parekoak euskaraz dakien ala ez, nik beti, lehen hitza euskaraz. Ulertzen ez badu, hizkuntza aldaketa egiten dut. Oso inportantea da niretzat euskaraz hitz egitea; horrela bizi naiz.
Parte hartzen duzun lehen aldia al da? Zein roletan aritu izan zara, eta aurten?
Aurreko edizioetan parte hartu dut, baita antolaketa-lanetan egon ere: ahobizi rolean aritu naiz, baina, oraingoan, belarriprest. Ahobizi izatea bezain garrantzitsua da belarriprest rola.
Zergatik da inportantea horrelako ekimenak egitea?
Oso garrantzitsua dela iruditzen zait. Garai batean, ezinezkoa zen horrelako zerbait burutik pasatzea. Euskaldun berria naiz ni eta aski tematuta ikasi dut euskara. Hala, bidean den jendeari bultzada ematen die ariketak; posible dela ikusten dute. Gure jarrera beti izan behar da euskararen aldekoa.
Erronka pertsonalik finkatu al duzu Euskaraldirako?
Ahaleginak egingo ditut euskaraz hitz egiteko, eta, bide batez, niri ere horrelaxe zuzentzeko.
Euskaraldia eta gero, zer? Hizkuntza-ohituretan benetan utziko al du arrastorik?
Maite dut euskara, nire barnean daramat. Hamabost egunean, kalera atera behar dugu euskara; bada, hortik aurrera, indar handiagoa hartu dezala. Baliogarria da hizkuntzaren alde egiten den guztia.