Zuen balioekin bat egiten al du Euskaraldiak?
Amaia Amutxastegi: Erabat. Euskara eta euskal kulturaren transmisiorako sortu zen Egape Ikastola. Horixe izan dugu helburu eta lan-ildo: ezagutza, erabilera, sustapena, zabalkundea...
Aitziber Zipitria: Egun, helburu berbera badugu ere, ekintzak garaian-garaian moldatzen joan gara.
Zein lanketa egin duzue ikasleekin Euskaraldiaren harira?
A. Z.: Urte osoan jorratzen ditugu euskararen aldeko ekintzak. Hala, Euskaraldiaren harira, adin bakoitzari egokitutako kanpainak egiten ditugu, batez ere, euskararen erabilera areagotzeko.
A.A.: Euskaralditik kanpo, hizkuntza-normalkuntza planean, jarduera mordoxka ditugu, eta horiekin jarraitzen dugu. Azken urteetan, Euslider programan hartu izan dugu parte, ikasleak, euskararen sustapenean, parte-hartzaile aktibo izan daitezen, AEKren formakuntza jaso ostean. Aurten, gurean horiek ipini ditugu Euskaraldiaren kanpainan protagonista, ohiko jarduerez aparte: pankartak ipini zituzten, herriko Euskaraldiaren koordinatzailearekin beraiek bildu ziren…
Lan-talde bat daukagu lanean hizkuntza-proiektuan, eta ikasleekin biltzen dira. Hala, gogoz ikusten dira ikasleak parte hartzen.
A.A.: HH-LH-n, Euskararen Astea egiten dugu, azaroaren 28tik abenduaren 2ra bitarte, askotariko ekintzak izango ditugu gurean euskararen bueltan (jolasak, pelikulak…). Euskaraldiko azken egunean ospatuko dugu guk Euskararen Eguna, abenduaren 3a larunbata delako.
Zuenera etorrita, zenbateko presentzia du euskarak eskolako korridoreetan?
A.Z.: Erabileran dugu guk erronkarik handiena. Gelan bai, baina hortik kanpo…
A.A.: Erronka baino, arazoa esango nuke nik, eta handia, gainera. Urte asko daramatzat hemen, eta, klaseak eman gabe, bost, zuzendaritzan nagoelako. Batzuetan, zaintza egitea tokatzen zait, eta ikaratu egiten naiz. Izugarri jaitsi da erabilera; gaztelaniaz aritzen dira denbora osoan. Lehen, ikasleak euskaraz zuzentzen zitzaizkion irakasleari; orain, ez. Oso kezkatuta gaude erabilerarekin.
A.Z.: Txiki-txikien kasuan, beren gurasoak euskaraz ikasitakoak dira. Baina, dena dela… Gainera, aisian, gaztelania da nagusi, eskola-kirolean, adibidiez.
Garrantzitsua iruditzen al zaizue Euskaraldia bezalako hizkuntza-ariketak sortzea?
A.A.: Euskararen aldeko edozein ekimen da inportantea. Euskaraldia baliagarria izango da, behintzat, zenbait kontzientzia astintzeko.
A.Z.: Guk beti jarraituko dugu lanean euskararen alde.