Hitzorduz beteriko egitaraua Urnietan, datozen egunetan

Aiurri 2022ko aza. 25a, 07:16

Elkarretaratzea deitu du Urnietako Udalak, ostiral honetan, San Juan plazan, 18:00tan hasita.

Hamaika ekitaldi antolatu dira Urnietan, azaroaren 25aren bueltan, Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Eguna dela eta. Hori horrela, bezperako ekintzari jarraipena emate aldera, Setem Hego Haizearen eskutik antolatutako  "Fabricando Mujeres 2.0" zineforuma, elkarretaratzea egingo da ostiralean bertan. San Juan plazan biltzeko deia egin du Urnietako Udalak, eta, bertan, adierazpen instituzionalaren irakurketa egingo dute.

Askotariko hitzorduak

Hilaren 29an, asteartearekin, iluntzeko 19:00tan, "Magma Mia" bakarrizketa taularatuko du Saroben Beatriz Egizabal aktoreak. Hona dio, labur, bere sinopsiak: "Haserre nago, sutan nago, irakiten nago... Presio gehiegi eta zulo guztiak itxita mantentzeko hezi naute. Sumendia lehertzear dago...". Hamasei urtetik gorako herritarrei begirako ikuskizuna da, eta gonbidapenak, doan, lehenagotik eskuratu beharko dira, Saroben bertan edo Bibe plataforman.

Bestalde, "Mutil berdinzaleak haztearen erronka" hitzaldia gidatuko du Ibai Fresnedo ekintzaileak eta Iruki Larrosa talde eragileko kideak azaroaren 30ean, asteazkenean, Lekaioko areto nagusian, arratsaldeko 19:00etan. Doako izen-ematea da, eta ateak irekita egongo dira iteresa duen edonorentzat, lekuak bete arte. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!