Ohiko osoko bilkurara eraman zuten Udal Kiroldegiko langileek protesta

Aiurri 2022ko abe. 1a, 13:15
Kiroldegiko langileek beren haserrea adierazi zuten Udal pleno aretoan.

Hiru greba egun: azaroaren 16a, 24a eta 29a. Hiru mobilizazio egin dituzte Urnietako kiroldegiko langileek, “lan-hitzarmen duin baten alde”. Horrez gain, azken lanuztearen egun berean, udaletxean bertaratu ziren plenoan beren egoeraren berri emateko. Bertan, langileez gain, hainbat herritarrek elkartasuna adierazi zieten. 

Hala, galdera irekien tartean, moztu egin zuten zuzeneko emisio telematikoa. Nolanahi ere, langileen ordezkariak  hitza hartzeko aukera izan zuen Ainara de Miguel EH Bilduko zerrendaburuak afera mahaigaineratu ondotik. Horren harira, ikuspuntu kontrajarriak elkargurutzatu ziren bilkuran. 

Gaur gaurkoz, egoera berean jarraitzen dutela jakinarazi dute kiroldegiko langileek, eta Bizkortzen enpresa ez da beraiekin harremanetan jarri. Hala, aurrera begira, jarraipena emango diete mobilizazioei. Ildo beretik, sinadura-bilketa bati ekin diote grebalariek, herritarren babesa jasotze aldera. Kiroldegian bertan dago aukera sinatzeko. 

Lan-hitzarmen duina

ELA sindikatuak adierazi duenez, orotara, hamalau langilek daramate kiroldegiko gestioa eta horietatik bik, soilik dute lanaldi osoko kontratua; gainerakoak lanaldi partzialeko kontratua dute, eta "astean, hamaika orduko lanaldia duenik ere badago". 2012. urtetik, ez soldata igoerarik, ez lan-baldintza hoberik, izoztuta. Langileek aditzera eman dutenez, duten hitzarmena "ez da sektorerako espresuki egina dagoena. Enpresak hainbat kontzeptu ere ez dizkigu aplikatzen, adibidez antzinatasunarena".

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!