“Realak bi Liga irabazi zituenekoa naiz, zale sutsua”

Andoni Urbistondo 2022ko abe. 4a, 09:00

Lana eta burua Caceres iparraldean ditu Alberto Urkiak, baina bihotza eta arima Andoainen, udaro etortzen baita senideak bisitatzera.

Agerikoa da Alberto Urkiaren hizkeran Caceres aldeko hots soinua. Euskal Herrian jaio zen, eta Andoainen egin bere bizitzako lehen hilabeteak. Patuak, baina, Caceres aldera eraman zituen bera eta bere familia, Alberto oso-oso gaztea zenean. Han egin du bizitza orduz geroztik, futbolari lotuta. 14.000 biztanle dituen Coria herrian, hain zuzen ere. Herri hartako futbol taldeko jokalari izan zen luze, bigarren entrenatzaile ondoren zazpi urtez, eta pasa den udan taldeko aginte-makila eman zioten klubeko arduradunek. Kopako lehen kanporaketa gainditu zuen Coriak, eta bonboak Albertok bere ametsetan irudikatutako ‘gordo’-a, sari nagusia oparitu zion: Reala aurkari.

Zergatik, bada? “Bizitza osoa daramat Corian, baina lotura estua dut Andoain eta Irunekin. Sendia daukat han, eta udaro joaten naiz egun batzuk pasatzera. Pisua ere badaukagu Andoainen. Donostiara, Getariara eta beste ere sarri joaten gara”. Gipuzkoatik 600 kilometrora bizi da, baina jaiotzetik jaso zuen zaletasuna bizi-bizirik mantentzen du, ia mende erdi pasa bada ere. Realeko zale sutsua da Alberto: “Bihotzean daramat talde txuri-urdina. Nire aitak eta nire anai nagusiek sartu zidaten arra, eta hori ez da inoiz ahazten. Bi Liga irabazi zitueneko belaunaldikoa naiz, 1975ean jaioa. Ume bat nintzen Realak bi Liga haiek irabazi zituenean, eta hori betirako dago gordea nire oroitzapenean. Batez ere Gijongo Liga hura, eta Jesus Mari Zamoraren gola”.

Harro dio ez daukala bigarren talderik, bera Realekoa dela. “Beno, Reala eta Coriakoa ere”, dio barrez. Euskal Herrira etortzen denean Zubietara joateko ohitura handia dauka Urkiak, Realaren entrenamenduak ikustera. “Niretzat Aritz Elustondo edo Martin Zubimendi bezalako jokalariak entrenatzen ikustea gozamena da. Ume txiki baten pare joaten naiz, Olentzerok opariak ekartzen dizkionean bezala”. Zer esan Imanol entrenatzaileari buruz, Urkiak gurtuta baitauka. Idolo handia da berarentzat, eta hilaren 21eko neurketan, Oriokoa hurbildu eta bostekoa ematen dionean nerbioak jota egongo dela onartzen du: “Malkorik ez isurtzea espero dut, giza legez jokatzea”.

Oriotarraren iritzia eskatu diogu Albertori: “Ikaragarria da egin duena, egiten ari dena. Izen handirik gabeko entrenatzailea zen, eta lan handia egin behar izan du sona hartzeko. Gauza bereziak transmititzen ditu, jokalarien oso gainean egoten da, eta nabari da jokalariek bere proiektuarekin bat egiten dutela; oso inplikatuta sumatzen zaie”. Urkia irailean egon zen azkeneko aldiz Zubietan, Realaren lan saio bat ikusten: “Gozatu egin nuen, ze joko landua egiten zuten, beti baloia zelaian barrena erabiliz. Atletico Madrilen aurka jokatu behar zuen Realak, eta pentsatu nuen niretzat: ‘Ez dakit zergatik ari diren lan hori egiten, Atleticok ez dielako utziko euren joko moldea egiten’. Bana bukatu zen partida hura, baina erakustaldia eman zuen Realak, entrenatu bezala jokatzen dutelako”.

“Reala nahi nuen zozketan”

Kopako bigarren kanporaketako aurkaria erabaki zen egunean ikusmin handia izan zen Club Deportivo Coria taldearen egoitzan. Urkiak garbi esan zien kide guztiei, berak Reala egokitzea nahi zuela: “Hemengo jendearentzat erakargarriagoa zen akaso Atletico Madril taldea, diru gehiago biltzeko aukera izango genuelakoan. Klubeko presidenteak, ordea, nahiago zuen Reala edo Athletic egokitzea, Caceres iparraldean ez daukagulako talde horiek ikusteko aukera askorik. Madrilera, Sevillara joan gaitezke egun pasa, bertako taldeak ikustera, baina Reala edo Athletic ikustera joatea zailagoa da”. Bonboa jiraka hasi zen, eta Lehen Mailako ia talde guztiak atera ziren. Coriako kideen artean etsipena nagusitzen hasia zen, Bigarren Mailako talderen bat egokituko zitzaielakoan, baina ttak!, Coria Realarekin parekatu zuen zozketak: “Reala ikusi nuenean besoak jaso nituen oharkabean, poz-pozik. Ezin izan nuen disimulatu”, dio Urkiak.

Eta zer esan ote zion jendeak, bere sentimenduak hain garbi erakutsi ostean? “Ezagutzen naute, badakite zein den nire talde kuttuna. Corian jende dezente dago sustraiak Gipuzkoa aldean dituena, eta bada zale txuri-urdinik hemendik”. Zaletasunak zaletasun, Urkiak garbi du non egiten duen lan, eta noski, Reala garaitzen saiatuko dela hilaren 21eko partidan: “Noski, ezin du bestela izan. Gurea bezalako talde umil batentzat ametsa litzateke Reala bezalako talde bat gainditzea, eta haiek gainditzen saiatuko gara. Daukagun onena zelairatuko dugu, eta Realak ere hala egitea espero dut. Partida bakarra da, gure etxean, eta Kopan ezusteak areagotu egin dira azken urteetan. Munduko Txapelketan gertatzen ari diren ezusteko emaitzak, horren erakusle”.

Realaren aurkako partida erakusleiho ona da Coriarentzat. Urkiak dio 900 bat bazkide dituela taldeak, kopuru ona, herriak 14.000 bat biztanle dituela aintzat hartuta: “Bazkide leialak dira, eta Realaren aurkako partida telebistan ikusiko da. Sarrerekin lor dezakegun diruaz gain ikusgaitasuna emango digu, eta bazkide gehiago lor genitzake. RFEF kategoriako Bigarren Mailan gaude, bigarren denboraldia, dagoeneko. Bertan egonkortu nahian gabiltza, eta ari gara pausoak ematen, pixkanaka”.

“Oyarzabal gure aurka itzultzea nahi nuke”

Esan dugu Alberto Urkiak oso gustuko duela Imanol entrenatzailea. Jokalari kuttuna ere badu, noski: “Bai, noski. Mikel Oyarzabal da. Taldeko ikurra da, kapitaina, eta hilabete asko daramatza zelaietatik kanpo. Niretzat, pertsonalki, eta Realeko zale gisa, sekulakoa litzateke Mikel gure aurkako partidan bueltatzea zelaira. Futbola gustuko dutenentzat ere berri pozgarria litzateke, jokalari aparta delako. Pentsa gure taldeko jokalari batentzat zer suposa dezakeen Oyarzabal-en aurka jokatzea; zoratuko dira!”.

Lehen Maila eta maila apalagoan jokatzen duten taldeen arteko kanporaketetan zintzotasun handia izan ohi da, batez ere partida bukatzen denean. Talde apalenean jokatzen duten jokalariek kamisetak eta beste eskatzen dizkiete Lehen Mailan jokatzen duten taldeko kideei. Alberto Urkiak ere bakarren bat eskatzeko asmoa dauka: “Niretzat egun hori bizitze hutsa sekulakoa da, baina zerbait eskatuko diot jokalariren bati, edo klubari. Imanolekin, edo jokalariren batekin argazki bat egiteko aukera badut ere, konforme”.

Urkiak bizitza osoa darama Corian, gustura gainera, baina amua bota diogu, Realak eskaintzaren bat egingo balio, Donostiara etortzeko, ea onartuko lukeen. Edota klubeko ordezkariren bati bere CV-a emango ote dion, begira dezaten, badaezpada: “Jode, nola esango diet ezetz ba? Txantxetan ala? Berdin zait benjamin edo infantil mailako talderen bat gidatzea eskaintzen badidate ere”. Barrez erantzun du Urkiak, baina serio jarri da, Corian eta bertako futbol taldeko entrenatzaile jardunean oso gustura dagoela ziurtatzeko: “Niregan konfiantza handia erakutsi dute, eta asko eskertzen diet hori zuzendaritzako kideei. 10 urte atzera taldeko entrenatzailea izango nintzela esan izan balidate ez nuke sinetsiko, eta klubari eskerrak eman beste aukerarik ez daukat”.

Jasoa testigantza. Urkiarentzat gero eta gertuago dago bere kirol ibilbideko egunik garrantzitsuenetakoa. Hilaren 21ean Coria-Reala, Kopako bigarren kanporaketa.  

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!