Joan den astean azoka izan zen herrian. Egun batzuk igaro dira harrezkero... Zein zaporez gogoratzen duzu eguna?
Zapore gozoarekin gelditzen naiz: ilusio handiarekin ikusi nuen jendea, eta irribarre urduriak ikusten ziren azoka ipini behar zuten merkatarien artean.
Harrera ona izan al zuen egunak herritarren artean?
Bai, oso ona. Hasteko, eguraldia lagun genuen eta asko erraztu zigun horrek antolaketa. Batez ere, azokak bere horretan izan zuen arrakasta handiena. Lehen aldia zen 0Km-ko merkatua ipintzen zela eta gertutasun horrek emaitza ona izan zuen. Era berean, orain zazpi bat urte ez zirela taloak ipintzen eta horri ere ondo baino hobeto erantzun zioten herritarrek. Egape Ikastolako ikasleen postuan ere jendea ibili zen hara eta hona.
Tokian tokiko merkataritza sustatzeko proposamen polita da...
Herri askoten bihotza izan ohi da azoka. Bertan biltzen da jendea, hor ikusten da herriaren kohesioa: ekoizleak, mugimendua… Horrelako espazio bat falta du Urnietak eta oso garrantzitsua iruditzen zait, puntualki bada ere, merkatua egotea. Halaber, tokian tokiko saltzaileak elkar saretzeko inportantea da. Ia horrelako ekimenekin jende herrian gelditzea lortzen dugun.
Ezohiko hitzordua izan zen larunbatekoa Urnietan. Aberastasuna ematen al diote horrelakoek herriari?
Kalterik behintzat ez dio egin; hori garbi. Asko eskertu du jendeak kaleko giro ona. Gainera, herriko zenbait eragile izan ziren parte hartzen: Egape Ikastola, Kantazaun, Egape Dantza Taldea… Aberasgarria izan zen, herria bizirik mantentzeko.