Hainbat urteren ostean, azken txanpan murgilduta dago Bertso Txapelketa Nagusia. Luzea izan al da itxaronaldia?
Pandemiarengatik bost urte izan dira, gainera. Egia da guztia ez dela txapelketa eta tartean izaten direla askotariko bertso saioak, baina, bai, gogo biziz jaso dut. Asteburu honetan, finala izango da, festa. Astebururo izan gara hara eta hona, bada, finalean, guztiak elkartuko gara. Ilusio berezia egiten dit Nafarroan izateak; bere xarma dauka IruÒeak. Espazioa aldatzeaz gain, txapelketako aurpegiak ere aldatu dira: gazte gehiago izan dira parte hartzen, lehen aldiz, finalean emakume bat baino gehiago… Guztiok hartu ditugu ilusioz aldaketak.
Buru-belarri, txapelketa gertutik jarraitu duzun bertsozalea zara.
Aurrez aurre ikusi ez badut, etxetik jarraitu dut telebistan, baita “Hitzetik hortzera” saioan ere. Donostiara joaten ahalegindu nintzen, baina sarrerak amaitu ziren. Gerora, saioan parte hartzen zuten bertsolariei nahiz tokiari erreparatu diot, aurrez aurre ikustera joateko; final aurreko saioek ere morboa ematen dute: Irunen, Baionan eta Durangon izan naiz.
Finalean egongo ez direnen artean, zein nabarmenduko zenuke?
EÒaut Martikorenak ezusteko atsegina eman digu, berezia izan da, arrastoa utzi baitu. Jone Uriak ere oso saio onak egin ditu, baina puntuazio baxua jaso du: zaplasteko asko jasotzen dituzte bertsolariek txapelketan, gehiago merezita, puntu-kopuru eskasa jasotzean. Ane Labakak ere bigarren fasera igarotzeko moduko saioa egin zuen, baina kalean gelditu zen, esaterako.
Ganbarako zein gaik inspiratu zaitu gehien?
Orain gutxi, txapelketaren aitzakiapean, gaiak proposatzeko ariketa bat jarri zigun Eli Pagolak bertso eskolan. Honako hau izan zen nirea: “Orain arte isilik egon zara, baina, gaur, erantzutea erabaki duzu”. Eta, hara, nolako kasualitatea! Amurrioko saioko ganbarako gaia izan zen!
Oso gai irekiak, irekiegiak jartzen dituzten ganbarako ariketan, eta bertsolari bakoitzak bere interpretazioa egiten du. Adibidez, asko harritu ninduen Nerea Ibarzabalek nola bideratu zuen Baionako saioko ganbara: “Bihar da egun handia; ez joatea erabaki duzu”. Hileta bat hartu zuen egun handitzat.
Umorea ardatz, zein bertsoaldi iruditu zaizu interesgarriena?
Umorerako zenbait momentu egon dira, nahiz eta, guztietan, ez den publikoa lehertu. Baina, nire ustez, Elizondon, Alaia Martinek eta Joanes Illarregik zortziko txikian egindako ariketa da txapelketako unerik barregarriena: “Joanes, semea eta, Alaia, gurasoa zarete. Zu, Joanes, denda erotiko batean hasi berri zara lanean. Lehen lan eguna duzu gaurkoa. Denda ireki duzu eta zure lehen bezeroa sartu da: Alaia, zure gurasoa”. Oso ondo harrapatu zuten gaia biek eta beren hartu-emana oso ona izan zen, naturaltasunez, gainera.
Irungo zortziko txikia ere oso ona izan zen, Miren Artetxe eta Sustrai Colina mikrofonoan: “Sustrai eta Miren, lagunak zarete. Sustrai, etxean erreforma egin nahi zenuen, eta, Miren, boluntario azaldu zen zuri laguntzeko. Hasi da lanean, eta, ohartzerako, behar ez zen horma bat botatzen ari dela konturatu zara”. Oso erantzun ona eman zion Artetxek, eta barrez lehertu ginen guztiak.
Egon al da hunkitu zaituenik?
Goraipatzekoa da nola biluztu diren bertsolariak txapelketan. Nork beretik kantatzea, hainbeste jenderen aurrean, ez da erraza izan behar. Horrelakoetan, hunkitu egiten da entzulea, identifikatuta sentitzen delako bertsolaria abesten ari denarekin. Oso gustuko dut errealitatea islatzen dutenean bertsoek, entzulearekin konektatzen dute. Baionakoa oso hunkigarria izan zen, oso sakona. Eta, gehien, lehen aipatu dudan Nerea Ibartzabalen bakarkako ariketak, ganbarakoak ukitu nau.
Edizioz edizio, emakumeen parte-hartzeak gora egin du, baita protagonismoak ere.
Lehen ahaztu aipatzea: Oihana Iguaran ez da finalera igaro, baina izugarrizko erakustaldia egin du. Tamalez, puntu-erantzun batean poto egin eta kalean gelditu zen. Oso gustagarria egiten zait emakume bertsolarien artean dagoen konplizitatea, begiradetan, jarreran. Adibidez, Alaia Martini borobil joan zitzaion Elizondoko saioa; bada, esan zuen hor ondoan sentitzen zuela Onintza Enbeita, babesa ematen. Era berean, Enbeitak lodifobiari buruzko bertsoak abestu, eta, esertzean, Martinen besarkada jaso zuen. Oso polita da hori, bakarkako lehia bada ere, talde baten parte direlako. Txapelketatik harago, talde izaera horrek ematen dizu, nolabait, nahiz eta zuk ondo ez egin, besteengatik pozteko motiboa.
Maiz, ezbaian jarri izan da gai-jartzaileen lana. Nolakoa izaten ari da zure ustez beren jarduna?
Harrituta utzi ninduen Bilbon metalgintzako grebaren gaia atera izana. Izan ere, orain denbora batetik gaiak prest zituztela pentsatzen bainuen. Bada, duela gutxi lehertu den gai bat mahaigaineratu zen, gaurkotasunari garrantzia emanda. Baionan ere, euskaraz azterketak egiteko duten zailtasunaz jardun ziren. Oso ondo landu dira gaiak, eta, aberasgarria da, era berean, tokikotasunari eman ohi zaion garrantzia, alegia, saioa egingo den tokiko jendea ibiltzea gai-jartzaile lanetan.
Bestalde, ez zait gustatu bigarren itzulian egin duten dinamika: ganbarako ariketan, puntu-erantzunak ziren lehenik, eta, ondoren, bakarkakoa. Alde batetik, bertsolarientzat proposamen horrek zaila izan behar duela iruditzen zait, puntu-erantzunak ariketa zailenak izan ohi direlako, eta, gero, jarraian, gainera, bakarkakoa abestu behar dutelako. Beste alde batetik, entzuleari dagokionez, errepikakorra suerta liteke, puntu-erantzunetan gai berbera jarrita, Baionan, esate baterako, hiruk ideia berdina erantzun zuten, bukaera berbera erabilita.
Bi bertsolari ailegatuko dira buruz burukora abenduaren 18an. Zein bi izatea gustatuko litzaizuke?
Askotan, ziurtzat jotzen dira zenbait aurpegi finaleko oholtza gainean. Bada, txapelketa honetan, ezustekoak egon dira, eta finalean daudenek erakutsi egin behar izan dute merezimendua. Nork bere onena ematea espero dut, lehia polita egotea, guztiek zapore onez amaitu dezaten.
Nire ustez koxka bat gainetik dago Maialen Lujanbio, eta ilusio handia emango lidake Ibarzabal pasatzea, asko bizi izan baitut bere ibilbidea. Dena dela, era berean, Amets Arzallusek 2017. urteko arantza kentzea gustatuko litzaidake, eta Aitor Mendiluzek bere txapelketen ibilbidea laster amaituko omen duela entzun dut.
Hala… Nor ikusi nahiko zenuke abenduaren 18an txapela jantzita?
Guztiak ikusi nahiko nituzke... Bat esatekotan, Maialen Lujanbio.