Hainbat urteren ostean, azken txanpan murgilduta dago Bertso Txapelketa Nagusia. Luzea izan al da itxaronaldia?
Pixka bat luzea egin zaigu, bai, bost urte itxarotea. Egia da bertso-saio arruntetara ere joaten garela, normalean. Beste formatuko saioak, esaterako, bertso-afariak. Laburbilduz, bertsolaritza bere alor zabalean kontsumitzen dut. Finalera begirako itxaronaldia ez zait luzea egin, oso ondo pasa dugulako emazteak eta biok sailkapen faseetan. Asteburu honen ostean, plan berriak pentsatu beharko ditugu!
Buru-belarri, txapelketa gertutik jarraitu duzun bertsozalea zara.
Lehenengo kanporaketetan, ez ginen saio guztietara joan, batzuetan, sarrerarik gabe geratu ginelako. Horrez gain, finalaurreko faseetako saio guztiak ikusi ditugu zuzenean.
Azken horiek ere badute bere xarma, ezta?
Finalean, zortzi bertsolarik hartuko dute parte, baina bidean geratu direnek ere ekarpen ikaragarri onak egin dituzte. Bat esaterako, Aitor Bizkarra ez nuen ezagutzen eta asko harritu nau; bai hizkuntza aldetik eta bai mezuari dagokionez. Gehiago ere esango nituzke, adibidez, Miren Artetxe, Oihana Iguaran, Saioa Alkaiza eta abar.
Finaleko zortzikotea kontuan hartu gabe, nork egin du, zure ustez, txapelketa oparoena?
Joanes Illarregi ez nuen askorik ezagutzen eta finalean sartu da, gainera. Baina, lehen esan bezala, Aitor Bizkarra. Horrez gain, iruditzen zait, emakumeen ekarpena ere ikaragarria izan dela. Emakumea lehian aritzeak kutsu berezi bat eman dio txapelketari, ikuspegi berri bat.
Txapelketako saioetan, bada ariketa berezia, ikus-entzuleek oso gustuko duten ganbarakoa…
Egungo gaiak nahiko irekiak dira eta, beraz, bertsolariei garapenerako aukera handiak ematen dizkiote. Ganbarako gai guztiek eduki dute zerbait; ate ireki bat dute aurrean. Lehen, ganbarako gaiak itxiagoak edo zehatzagoak izan ohi ziren, egun, berriz, irekitasun horrek bertso oso onak lantzeko eta entzuteko aukera ematen du.
Umoreari dagokionez, ba al da irribarrea atera dizun bertsoaldirik?
Normalean umorezko bertsoak zortziko txikian egiten dira, saioa arinagoa eta bizkorragoa izateko. Bilboko saioan, Maddalen Arzallusek eta Aitor Mendiluzek oso ariketa polita egin zutela iruditzen zait, nahiz eta pena eman Arzallus apur bat trabatu izana. “Aitor eta Maddalen, bikote zarete. Bizkaia forntoira etorri zarete pilota-partida ikustera. Aitor, partida hasi aurretik, Maddalen kantxara joan da, eta, denen aurrean, berarekin ezkontzeko eskatu dizu”. Oso dibertigarria izan zen, lan ederra.
Ba al da barrenak mugitu dizkizun bertsorik?
Ganbarako gaiak esaten dituztenean, batzuetan, pentsatzen duzu ea bertsolari bakoitzak nondik tirako dion gaiari. Irungo saioan, Maddalen Arzallusek amari kantatu zion. Ama hil berria dute eta oso hunkigarria izan zen: “Kalean zoazela, haren ahotsa entzun duzu. Hunkitu egin zara”.
Edizioz edizio, emakumeen parte-hartzeak gora egin du, baita protagonismoak ere.
Normalizatzen ari da. Gai aldetik ere asko zaintzen da genero ikuspegia. Bertsolariak eta bertsolaritza eguneratzen ari dira. Gizonezkoek ere beste sentsibilitate bat dute gaiarekiko.
Ezin aipatu gabe utzi, lanean diharduten gai-jartzaileak. Batzuetan, ezbaian jartzen da beren lana.
Oso zaila da guztientzako neurri bereko gaiak jartzea, neurtzea. Hala eta guztiz ere, iruditzen zait izugarrizko lana egiten ari direla eguneroko gaiak ekartzeko eta baita guztientzako orekatua egoteko ere.
Bertsolariak izugarri bustitzen dira. Asko dira gai oso pertsonalak kanporatzen dituztenak, izan jasotako jazarpenari, izan familiako kontuei edo, izan buru-osasunari lotutakoak.
Tarteka alanbre baten gainean aritu behar dira errimekin dantzan bertsolariak. Ikus-entzule gisa, urduri jartzen al zara horrelakoetan?
Bai, jakina. Malko ugari bota ditugu ikus-entzuleok, identifikatuta, kantua sentitzen duzulako edota bertsoa modu pertsonalean bizitzen duzulako. Beraz, ukitua, bai, behin baino gehiagotan.
Bi bertsolari ailegatuko dira buruz burukora abenduaren 18an. Zein bi izatea gustatuko litzaizuke?
Oso galdera zaila. Guztiak ditut gustuko, ez dut ideiarik ere: Alaia Martin oso fuerte ikusten dut, eta Aitor Mendiluze oso segurua da.
Hala… Nor ikusi nahiko zenuke abenduaren 18an txapela jantzita?
Aitor Mendiluzek irabaztea nahiko nuke.