BTN finala 2022

Epaileen azalean, belarriak zorrotz

Alba Cabrera Jauregi 2022ko abe. 17a, 07:00

"Bertsolaritza: txapelketaren ikuspegitik" hitzaldia izan zen Saroben iragan astelehenean, herriko AEKren eskutik, Bertso Txapelketa Nagusiaren finalaren atarian. Iker Goñi aritu zen hizlari.

Ez da izan lan makala izan. Ez da izan lan makala izan bidea igande honetan mikrofono aurrean, 13.000 zaleri begira so egongo diren zortzi bertsolarientzat, ez eta, sailkapenean, oholtzatik jaitsi behar izan direnentzat ere. Nor bere izerdiekin, beldurrekin, nor bere doinu eta neurrian ailegatu da Iruñeko Nafarroa Arenaren ateetara, 18. Bertso Txapelketa Nagusian azken bider abesteko, erakusleihorik handienean: irailaren 24tik hona, 42 bertsolari aritu dira jendaurrean. Tartean, izan dira isiltasun deserosoak, izerdi hotzak, azala tentetzerainoko doinuak eta txalo zaparradez betetako kantaldiak. Baina nola erabaki zein izen-abizen izango diren zortzi bertsolarien zerrendan?

Bada, galdera horri erantzuteko borondatez batu ziren dozena bat herritar joan den astelehen arratsaldean Sarobe arte eszenikoen gunean, Urnietako AEKren ekimenez, eta Zilegi Eskola medio, izan zen hitzaldian: "Bertsolaritza: txapelketaren ikuspegitik". Bertso munduan aspaldi murgildutako Iker Goñik zuzendu zuen hitzordua, finala ate joka den honetan, sasoira ondo baino hobeto egokitutako gaia hizpide: epaileen lana ikuspegi kritikoz begiratzeko zertzeladak eman zituen hitzaldian. Hitzaldia, ordea, solasaldi bihurtu zen, izan ere, bertaratu zirenek behin baino gehiagotan hartu zuten hitza.

Bertsoen galbahea

Unean-unean, tokian-tokian abestu behar dute bertsolariek; hala, epaileek ere bat-batekotasunez hartutako erabakien arabera ipintzen diote puntuazioa hitz-sortari, 0tik 10era bitarte. Hizlariaren hitzetan, zaila da iritzi pertsonalik gabeko balorazioa egitea, “horregatik daude zazpi epaile saio bakoitzeko, objektibotasunera ahalik eta gehien hurbiltzeko”. Hala, epaimahaiaren sariaren eta zigorraren arteko joan-etorria azaldu zuen Goñik ikastaroan, Bertsolari Txapelketa Nagusiko web orrialdean irakurgai dauden epaiketa irizpideei jarraiki. Honatx laburpenaren laburpena, zortzi irizpide, zortzi bertsolarien inprobisazioari erradiografia egiteko: 

GAIA

“Entzuleak eta bertsolariak abiapuntu berean ipintzen dituen bitartekaria” da gaia, Goñiren hitzetan, “eta, ondoren, nork bere bidea egiten du”. Hala, edukiari eta hori bera formulatzeko moduari erreparatu behar zaio. Ikastaroan azaldu bezala, gaiari lotutako erreferentziak eta baliabideak erabiltzea mesedegarria da, nolabait, “entzulea kokatzeko baliagarria delako”. Binaka ari direnean, “elkarrizketa bat, hari bat osatu behar dute bertsolariek”, alegia, bertso bakoitza elkarren segidakoa izatea baloratzen da. Horrek kohesioa eduki behar du, kontraesanetan erori gabe.

HIZKERA

Ahozko jarduna da bat-bateko bertsolaritza; ondorioz, zuzena izan behar du bertso hizkerak, ahozko mintzairaren zenbait ezaugarriz baliatzeko aukerarekin, beti ere koherentzia baten barruan: emaztea/emaztia, gara/gera. Horrez gain, parean den publikoa ere kontuan hartu behar delakoan da GoÒi: “Euskal Herri osoaren aurrean da Bertsolari Txapelketa Nagusia; ez da zertan euskara batu garbian egin, baina ez da komeni, era berean, txokokerietan erortzea”. Bertsolariak hartzen duen rolari egokitutako erregistroaren hitzak eta hizkerak ongi baloratzen dira, sinesgarritasunaren alde.

NEURRIA 

Kantatua eta errimatua da bertsoa, baita neurtua ere. Hori horrela, doinu bakoitzak eskatzen duen neurrian aritu behar dira bertsolariak, hankamotz edo hankaluze gelditu gabe. Doinu batzuek etenaldiak dituzte eta horiek errespetatzea ezinbestekoa dela uste du hizlariak: “Bertsolariak asko moldatzen du bere bertsoera txapelketara epaiketa irizpideengatik, publikoari ez ezik epaile-taldeari ere ari zaiolako kantatzen”.

ERRIMAK ETA OINAK

Bertso orok behar ditu bere errimak; hari horri tiraka, hoskidetasunari eman ohi zaio garrantzia, Goñik adierazi legez: “Belarriak esaten digu nolako bertsoa bota duen. Oinak zenbat eta hoskideago izan, hobe”.

Era berean, asko baloratzen da gaiari erreferentzia egiten dion hiztegia erabiltzea oinean bertan. Bestalde, akats nabarmena da potoa, hau da, bi
oin berdin erabiltzea: bi puntu edo bi puntu eta erdi kendu ohi dira.

DOINUA

Garrantzi handia hartzen du doinuak ariketan, kantatua delako bertsoa: hortaz, GoÒik dio komunikazio egoerari egoki joango zaion melodia erabaki behar dela: “Oro har, zortziko nagusiak tonu serioago batera jotzen du; aldiz,  umoretik abesten da zortziko txikia”. 

TESTUA

Mamitsua behar du edukiak, alegia, ez da betelanik egon behar. Bertsoa luzea izate hutsak ez du balio, aspergarria baldin bada: garia eta lastoa bereizi behar dira.

BALIABIDE PARATESTUALAK

Hitzetatik harago doan komunikazioari ere begiz jo ohi diote epaileek, besteak beste, gorputz jarrerari. Alabaina, Iker Goñik aditzera eman duenez, “ez du balio esan ezin duzun hori keinuekin adieraztea”. Pisu handiena hitzak duen arren, keinuei ere erreparatzen zaie, “osagarri diren neurrian, eta ez estalgarri".

DENBORA

Dagoen irizpiderik objektiboena, ziurrenik: gaia edo puntua ematen zaionetik bertsotan hasi arte edo, saiokideari erantzuten hasteko, bertsolariak hartzen duen denbora. Epaiketa irizpideek diote, binaka ari direla, gehienez 30 segundo igaro baino lehen bota beharko dutela bertsolariek lehen bertsoa. Erantzuteko, ordea, 10 segundo utziko zaizkie. Bestalde, puntua jarri eta 5. segundorako hasi behar da puntuari erantzuten, eta, bakarka ari direnean, kantatu beharreko bertso adina minutu izango dituzte: adibidez, hiru bertso, hiru minutu.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!