Aurten ezin izango da ilargi betearekin egin, urtarrilean izango baita hurrengoa. Ilargi berriaren egunarekin egingo da irteera, ilargi amandreak mendizaleei beharrezko argia emateko esperantzarekin. Bi hitzordu egingo dira, ohiko legez: iluntzeko 17.30an San Juan plazan, Besabira ahalik eta auto gutxien igotzeko helburuarekin, eta 18.00an Besabin bertan, igoerari ekiteko. Zanpatuz mendi taldeak itzain edo sherpa koadrila aberatsa antolatu du gidari eta zaintza lanak egiteko, eta edonork egiteko moduko irteera dela gogorarazi nahi du, lasai eta tentuz igotzen bada. Mendizaleek frontala edo buruko argia eman beharko dute derrigor, eta neguko arropa, eguraldia petraltzen bada. Itzulera gaueko 21.00ak alderako espero da, eta ez da izenik eman behar inon. Plazara edo Besabira azaldu eta kito.
Federatu-txartela
Mendi taldeak, bestalde, 2023ko federatu txartela egiteko epea dagoeneko zabalik dela jakinarazi nahi du. Elkarteak bere webgune berria osatu du (www.zanpatuz.eus), eta bertan klik eginez federatzeko aukera izanen da. Agertzen den fitxan zuen datuak sartu, aukeratu duzuen estaldurara + gehigarriak adierazi, eta bankuko txartel bidez egin beharko da ordainketa.
Tramitazio lanak erraztu asmoz, hilabete bakoitzaren erdialdean egingo dira federazioko tramiteak. Abenduaren kasuan, hilaren 23-a izango da azken eguna. Hurrengoa, urtarrilaren erdian, hilaren 15aren bueltan. Gogoan izan, beraz, urtarrilaren 1etik aurrera federatuta egon nahi baduzue, datuak bidaltzeko azken eguna abenduak 23 izango dela. Ahal dela, ez utzi tramiteak azken ordurako, eta federatu zaitez!!