Gabonak | Urnieta

Olentzero eta Mari Domingi, hilaren 23an Urnietan

Aiurri 2022ko abe. 18a, 07:00

Abenduaren 24ko gauez utziko dituzte opariak, Urnietan. Egun bat lehenago, ordea, herriko haurrekin batera egoteko aukera izango dute. Egape Dantza Taldeak antolatuta, Berrasoeta parketik San Joan plazarainoko ibilbidea egingo dute, 17:30ean hasita.

Desfilean, herriko taldeen laguntza izango dute Olentzerok eta Mari Domingik. Txanbolin txistulari banda, Anabas eta musika eskolako trikitilariak gertu izango dituzte, ibilbide osoan. 19:00ak aldera, Santa Leokadia ermitaren aurrean eseri eta herriko haurren gutunak jasotzen ariko dira.

Gabon kantari, abenduaren 24an

Abenduaren 24an Gabonetako kantuak abestuz ibiliko da herritar talde bat, Kantazaun taldeak lagunduta. Deialdia irekia da, urnietar guztiei zabalik. Asteartean egin zuten lehen entsegua eta datorren abenduaren 20an egingo dute bigarrena.  Arratsaldeko 18:30ean izango da Udal kiroldegiko boxean.

Abenduaren 24an arratsaldeko 16:30ean abiatuko dira San Joan plazatik. Parte hartzeko dei egin dute: "Animatu nahiko genituzke entseguan eta egunean bertan parte hartzera, eta herria girotzera".

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!