Gabonak | Urnieta

Hitzordu seinalatuak Urnietan, hilaren 23an eta 24an

Aiurri 2022ko abe. 22a, 14:10

Olentzero eta Mari Domingi izango dira herrian, hilaren 23an. Eta 24an talde ezberdinak kantari aterako dira.

Olentzero eta Mari Domingik hilaren 23an egingo diete bisita herriko haurrei: arratsaldeko 17:30ean, Berrasoetako parketik hasita, San Joan plazaraino, Urnietako kaleetan barrena ibiliko dira, Egape Dantza Taldeak antolatuta.

Desfilean, herriko kultur eragileen laguntza izango dute bi protagonista magikoek. Izan ere, Txanbolin txistulari banda, Anabas eta musika eskolako trikitilariak gertu izango dituzte ibilbide osoan. 19:00ak aldera, Santa Leokadia ermitaren aurrean eseri eta herriko haurren gutunak jasotzen ariko dira.

Abenduak 24, Gabon kantari

Bide beretik, hilaren 24an bi jarduera garrantzitsu izango dira herrian. Alde batetik, Urnietari itzulia emango dio herritar talde batek Gabonetako doinuekin, Kantazaun taldearen ekimenez. Parte-hartze irekia du proposamenak eta 16:30ean abiatuko dira San Joan plazatik. Bestetik, jarraian, musikak lagunduta, elkartasun betez aterako da kalera Urnietako Elkartasun Ekimena. Hala, arratsaldeko 17:00etan elkartuko dira herritarrak, San Juan plazan kantu-bira egiteko. Horrez gain, "elkartasun saskia" zozkatuko dute hitzorduan bertan.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!