Greba mugagabeari ekin diote kiroldegiko langileek

Aiurri 2023ko urt. 9a, 12:51

Greba mugagabean murgildu dira Udal kiroldegiko langileak, lan-baldintza duinak eskatzeko: hamarkada bete daramate mantenu-lanetan,  monitore gisa eta arretan dabiltzan langileak soldata berarekin, izoztuta. Kiroldegi-zerbitzua Bizkortzen enpresak kudeatzen du, azpikontratazioz.

Azaroan lehen greba egunean murgildu ziren kiroldegiko langileak. Adostasunik lortu ez zutenez, azaro amaieran eta abendua lanuzte gehiago egin zituzten. Zenbait bileren ostean eta egoera aldatzea lortu ezinda, greba mugagabeari ekin diote langileek.

ELA sindikatuak adierazi duenez, orotara, hamalau langilek daramate kiroldegiko gestioa eta horietatik bik, soilik dute lanaldi osoko kontratua; gainerakoak lanaldi partzialeko kontratua dute, eta "astean, hamaika orduko lanaldia duenik ere badago". 2012. urtetik, ez soldata igoerarik, ez lan baldintza hoberik, izoztuta, eta, langileek aditzera eman dutenez, duten hitzarmena "ez da sektorerako espresuki egina dagoena. Enpresak hainbat kontzeptu ere ez dizkigu aplikatzen, adibidez antzinatasunarena". Hori ere auzitan ipini nahi dute. 

Bestalde, Urnietako Udalak adostasuna lortzeko lanean jarraituko duela azpimarratu du: "Lanean jarraituko da lehenbailehen normaltasuna berreskuratzeko eta urnietarrek kirol instalazioak ahalik eta lasterren erabili ahal izateko".

Kuotaren itzulketa

Gogorarazten da Urnietako Udalak kiroldegiko bazkide kuoten eta bertan eskaintzen diren ikastaroen zati proportzionalak itzuliko dituela zerbitzurik ematen ez den egunengatik.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!