“Egoera tenkatzera behartu gaituzte”

Aiurri 2023ko urt. 10a, 17:42

Greba mugagabeari ekin diote kiroldegiko langileek: ostiralean, iluntzeko 19:00etan, manifestazioa egingo dute, beren egoeraren berri eman eta salatzeko. Beraiekin hitz egin du Aiurrik. 

Greba mugagabeari ekin diozue, arazoak bertan dirauelako. Nola bizi duzue egoera?
Joan den asteko asteazkenean, alkatea bitartekari, bilera bat izan genuen enpresako ordezkaritzarekin. Inolako eskaintzarik gabe azaldu ziren azken horiek bilerara. Ondoren, ostegun iluntzean, proposamen berri bat jaso genuen: guztia, gutxi gorabehera, hemendik urte eta erdira martxan jarriko litzatekeen kontratu berri batekin lotuta. 

Nola hasi egoera desblokeatzen?
Jakin badakigu kontratu itxiak direla eta nahi dugun guztia orain, egun batetik bestera lortzea ezinezkoa zaigula: hortaz, hasteko, KPIari lotutako zenbait igoera planteatu genituen, eta, gerora, kontratu berri batekin, aldaketa bat, beste toki batzuetan dauden hitzarmenen antzekoa. 

Momentuz, enpresak ez digu irtenbide azkarrik eskaintzen, eta beren urte eta erdi barruko proposamena gauzatzea ere ez da hain erraza. Hala, prozesua graduala izatea proposatzen dugu: gauza batzuk, orain, eta, beste batzuk, urte eta erdira, pixkanaka, egoera desblokeatzen has dadin. 

Udal erakundeek zerbait egiterik ba al dute zuen ustez kasu honetan?
Erakunde publikoek ere ardura dutela uste dugu. Izan ere, gu grebara joanda, enpresaren ekoizpena baino, zerbitzu publikoa eteten dugu. Eta, azpikontratazioa bada ere, ez digu balio ezikusiarena egiten ibiltzea.

Hilaren 9an, astelehenarekin, kontraproposamen bat bidali genion enpresari zenbait eskakizunekin. Beren zain gaude. Gauzak  luzatzen ari dira beraiek eta prozesua azkartu nahi dugu guk, ez gaitezen egon horrela hilabeteak eta hilabeteak. Udalari ere bidali diogu gure kontraproposamena, jakinaren gainean egon dadin.  

Noraino iristeko prest zaudete?
Lehenengo grebekin, nahikoa izango zela pentsatzen genuen. Baina konturatu gara ezetz, behartu egin gaituztela egoera tenkatzera. Greba egun solteak egin genituen hasieran, abisu moduan, denborarekin eta lasai. Ez genuen negoziaketarik lortu. Ondoren, bost eguneko grebaldiarekin ere, ezer ere ez. Orain, lanuzte mugagabearekin, badirudi, zerbait lortzen ari garela, baina hora iritsi behar izatea ere…Udala eta enpresa gaiarekin arduratuko zirela pentsatzen genuen, baina, orain arte, gauzak atzeratu besterik ez dira egin. 

Bilera bat izango dugu ostiralean; ia aurrerapausoak ematerik dugun bertan. Jada, ez dago gure esku. Lantaldea egonkor, sendo dago eta, momentuz, zerbait lortu arte, ez gara geldituko. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!