Meteorologia gero eta gertukoago zientzia da herritarrengan. Igogailuko elkarrizketa famatu haiek iraganak eraman ditu, eta igogailutik kale bueltako solasaldietara pasa da eguraldia: hango eta hemengo muturreko fenomenoak, datorren eguraldia jakiteko nahia, aisia eta oporrak antolatzeko… Jendartea bera baldintzatzen du eguraldiak, eta ez agendari bakarrik dagokionez. Eguraldi jakin batek edo besteak eragin zuzena omen du jende askoren izaeran. Euskal esaera zaharrak hainbat esaldi ditu jasoak, horren harira: hego-mendebal, tormento en general, adibidez. Azken hiru astetan gurean nagusi izan dugun hego haize epela, hain zuzen ere. 20 graduko tenperatura egunero, Gabonetan. Irekiko ez du ba, leihoa, eztabaidarako?
Beterri eskualdean estazio meteorologiko asko daude. Euskalmet bezalako erakunde ofizialek jarritakoak batzuk, eguraldi zaleek jarritakoak besteak: Imanol Fernandez andoaindarrak, adibidez. Urnietan ez zegoen halako neurgailurik oraino, herren zegon herria, baina akabo gabezia hori. Urnietak eguraldi estazioa dauka, eta dotore askoa. Azkonobieta baserriko belaze batean jarri du gailua Ainhoa Larrea bertako alabak, eta datuak uneoro daude ikusgai sarean, musu truk.
Larreak 44 urte ditu, baserrian bertan bizi da, eta sagardoa ekoizteko sagar landaketa du bizibide urte batzuetatik hona. Iazko apirilean bere fruitu landaketa aberastea erabaki zuen, eta ahuakateak landatu. “Gauza berriren bat probatze aldera, kuxkuxeatzen hasi nintzen, Asturias aldean zeukaten landatzeko modua, zenbat fruitu ematen zuen, gure klimaren eragina eta beste”. Urtebeteko heltze prozesua behar dute ahuakateek, eta lehen negua pasatzen ari dira dagoeneko Azkonobietako belazeetan.
Ahuakatea, jatorriz, eremu subtropikaletako fruitua da, eta arreta ematen du klima heze eta Atlantikoan haztea: “Egon, badaude, zuhaitz handi askoak, Indianoak ekarritakoak. 100 urte baino gehiagoko zuhaitzak dira, baina landatze intentsiboan-eta, ez dago bospasei urte baino gehiago duen lur sailik, eta negua nola pasatzen duten-eta jakitea komeni, badaezpada”, dio Ainhoak. “Dakigunez ura asko behar duen fruitua da, eta tenperaturari dagokionez, 3 gradu zero azpiko tenperatura jasateko gai dira zuhaitz handiak. Txikiak ze erresistentzia duten ez dakigu, ordea, eta jakiteko asmoz jarri dut eguraldi estazioa baserrian”.
Tramankulu handia jarri du, gailu profesionala. Uneoro ze tenperatura, haize dagoen erakusten duena. Baita rdu tarte jakin batean zenbat euri litro bota duen zehazten duena. “Ihintza ze tenperaturatik behera bota duen era esaten dit, ihintzaren hezetasun hori funtsezkoa baita landareentzat”. Eta guzti hori etxeko epeletik, datuak gailu ondora begiratzera joateko beharrik gabe. Datu guztiak baserriko sukaldean jarri duen pantaila batean azaltzen dira.
Estazio bat edo beste erosteko prozesua, gailua modu egokian jartzeko lanak ez dira errazak izan. Sarean milaka gauza ikusi zituen Ainhoak, baina informazio zehatzik ez zuen bilatu, eta Garbiñe ahizpari eskatu zion laguntza. GarbiÒek emandako hariari tiraka Urko Jalle Nafarroako meteorologia zalearekin harremanetan jarri zen Ainhoa (@Navarrameteo), Jallek eskarmentu handia baitu eguraldi estazioak kokatzen: “Beldurra neukan, tramankulu egokia erosi ez, eta akatsa konpontzeko, diru gehiago gastatu beharko ote nuen”, dio Ainhoak. Urkok behar beste xehetasun eman zizkion Ainhoari: “non kokatu tramankulua, datuak publiko egiteko non eman behar nuen alta eta beste, eta oso gustura nago”.
Haizeak ondo jotzen duen txokoan jarri du gailua Ainhoak, Urko Jallek horrela aholkatuta, eta altu samar, lurzorutik hiruzpalau metrora bai. “170 euro ordaindu ditut gailua erosteko, eta behin erosita, anaiari eskatu nion laguntza, ondo jartzeko, eusteko eta beste. Etxeko wifi-arekin konexioa osatzen ni aritu naiz. Buruhauste franko eduki ditut, ez pentsa. Ordu batzuk galdu, haserretu ere bai, baina tira, ja martxan jarri dut eta gustura”.
Ainhoa gozatzen ari da orain, sukaldera jaisten den aldiro eguraldi zenbakiak begiratzen. Baita sakelakoan aplikazioa erabili eta lagunei baserrian dagoen tenperatura erakusten, baserritik urrun edo munduko beste puntan egonda ere. “Pozgarria da edonork edonon edonoiz kontsulta ditzakeela datuak, eta horrek ere asetzen du hainbesteko lanak hartu ondoren”.
Eguraldi zaleen poza
Ainhoa Larreak jarritako tramankulua datuak ematen hasi zen aste batzuk atzera, eta Beterri eskualdeko eguraldi zaleak jabetu dira berrikuntzaz. Imanol Fernandez twitter sareko @MeteoAndoain erabiltzailea izan zen Azkonobieta baserrian jarritako gailu berriaz jabetu zen lehenetakoa. Imanolek egunero jartzen ditu Andoaingo hiru neurgailuetako datuak, eta azken egunetan Urnietako gailuarenak ere sareratzen ditu twitter-en, nahi duen orok kontsulta egin dezan. Ainhoarentzat pozgarria da bere gailuak meteorologia zaleei mesede egiten dielako, eta gogoratu du datuak ez direla galtzen, edozein egun eta ordutakoak kontsulta daitezkeela, nahieran, eta irekia, musu truk. Ezagunen bat adarra jotzen ere saiatu dela dio Ainhoak, Joxe Landa meteorologo ezagunari postua kendu nahi ote dion galdetuz. Etxean, amak daturen bat edo besteri buruz galdetu izanak harritu omen du Ainhoa, “batez ere haizearen ingurukoa. Guk baserria haize leku latza zela uste genuen, baina momentuz ez du bolada ikaragarririk neurtu. Gu ere ikasten ari gara!”.
Gailua Azkonobieta baserritik hegora dago, Xoxokara daraman errepidean ezkerraldean, eta 90 metroko garaieran. Azkonobietako eguraldia eta Urnieta edo Andoaingo beste txoko batzuetakoak ezberdinak dira. Urnieta eta Andoain baino garaiago dago Azkonobieta, eta Irurain gainetik gertu. Gain horrek eragin handia du, eguraldian, eta lau kilometro eskaseko tartean dauden bi herrietako eguraldia baldintzatzen du. Andoain hotzagoa da, orokorrean, kostatik urrunago dagoelako, Oria ibaiaren arroan, eta Tolosaldeako klimaren eraginpean. Urnietan, aldiz, agerikoagoa da Kantauri Itsasoaren eragina, eta neguak samurxeagoak dira, udako bero handiko egunak bezalaxe. Frantziparrak, ipar-ekialdeko haize finak jotzen duenean, ordea, Urnietan Andoainen baina hotz handiagoa egiten du, Urnieta Siberiako aire masa hotzetik gertuago dagoelako, geografikoki. Ainhoak berak esana: “Urnietara jaisten garenean, sentsazioa izaten da herrian gradu erdi epelago egiten duela”. Alegia, Azkonobietako gailuko datuak bertakoak direla, eta akaso, Urnietan, ezberdinak. Oraingoz neurgailu hori bakarrik dagoenez, horri egin behar kasu.
Ainhoa Larrearen erabiltzailea ERGOIEN 22 / IURNIE 4 da, eta ecowitt, wunderground eta weathercloud aplikazio edo web guneetan klik eginez aise bilatuko da erabiltzailea mapan, Urnietan dagoen bakarra delako. Ainhoa Larrearen gailua kontsultatze aldera zuzenean esteka hau klikatzea wunderground.com/dashboard/pws/IURNIE4 , errazena. Litekeena da klikatzen dugun lehen aldian datuak Farenheit neurgailuan azaltzea, hori erabiltzen baitute AEBetan. Ezarpenetan C edo Celsius aukera hautatzea nahiko, guretzat ezaguna den neurgailua aktibatzeko.
Ainhoa Larreak ahuakateak landa ditzakeen jakiteko jarri du gailua, baina eguraldi zalea ere bada, aspaldi: “Mapak ikustea-eta atsegin dut”. Ze negu tankera nahiko lukeen galdetuta, garbi dio, orain, agian, ez lukeela elurrik egitea nahi. “Orain arte bai, baina ahuakateentzako akaso ez da onegia izango… Hotza bai, nahi nuke, sagarrondoentzat ona delako, loraldi on bat izan dezaten, baina ahuakateentzat agian ez”. Tarteko irtenbidea proposatu du: “0 gradu egitea onena, hotza eta elurra, eta denok kontent!”, dio barrez. Hala bedi!