64 urte ditu Urruzolak, eta kito esan du. Hiru hamarkada daramatza egurrean Setien sagardotegian. Setien, edo Moko, batzuentzat. Urnietako ikur bilakatua zen sagardotegia azken urtetan, autorik gabe eta azken orduan joateko ematen zuen erraztasunagatik, baina akabo. Agurra bideo baten bitartez egiteko proposatu dio Aiurri-k, eta harritu egin da, Hollywood-en ote gauden galdetuta. Ixtearen arrazoiak, elkarrizketa honetan.
Setien sagardotegiak ateak itxiko ditu, Eugenio. Ez duzue bezerorik hartuko aurten. Ze bizipen, sentsazio dituzu, txotx garaia hasi bezperan?
Pena sentitzen dut, baina segidarik ez daukat atzetik. Bukatu da gure historia. Ilobek lana daukate, asteburuak libre nahi dituzte, gazte guztiek bezala, eta negozio honek ezin du aurrera egin asteburuetan lan egiten ez bada. Jabetzen ari naiz pixkanaka. Galdu samar ibili naizela aitortzen dut, txoke handi samarra izan baita txotx garaia hasi aurreko aste hauetan aurreko 30 urteetan egin dudana ez nuela egin behar konturatzeko. Denbora pixka bat beharko dut, bizi molde berrira egokitzeko, baina moldatu beharko dugu.
Nola mamitu da ixteko erabakia?
Urtebete atzera edo hasi nintzen bueltak ematen. 64 urte ditut, urtebete erretiroa legalki hartzeko, baina Gizarte Segurantzan egon nintzen, halako simulazio bat egin, eta bizitzeko adina neukala ziurtatu ostean, erabakia hartu nuen. Segidarik gabe, eta lanean madarikatzen egon baino, hobe ez egotea.
Lurdes arreba, eta Xabi eta Imanol ilobekin aritu zara urtetan. Zer diote beraiek?
Ondo pentsatutako erabakia izan da. Ilobek ez dute jarraitu nahi sagardotegian, euren bizitza dute, eta arreba ere ez dago bete-betean fisikoki. Xabi suhiltzaile lanean ari da, Imanol ere enpresa batean bulego teknikoan, eta erremontean… Nahikoa egin dute, euren lan orduak egin eta sagardotegira etortzen, laguntzera. Disfrutatzeko esaten didate, erretiroa irabazi dudala. Arrebarekin oso tratu ona izan dut, tarteka muturtu bagara ere. Urteak dira nik erretiroa hartzean berak ere hartu egingo zuela esan zidala, eta hala izan da. Berarekin egon nintzen egun batzuk atzera, eta aitortu zidan, errege bezperako garbiketa, azken xehetasunak, telefono deiak faltan botatzen zituela. Bota nion, hasteko gogoa gauza bat zela, eta hastea bestea, segituan damutuko zela.
30 urte daramatzazu sagardotegian, eta ateak itxi behar… Erraz esaten da.
Hori da geratzen zaidan arantza. Alegia, hirugarren belaunaldikoa naiz, eta nirekin bukatuko da familia negozioa. Famatua da lehen bi belaunaldiek lana egin, eta hirugarrenak ondarea jan egiten duela dioen esamoldea, eta nirea halakoxea izango da. Hori bai, ondarerik jan gabe. Segidarik bilatzen ez dudalako utziko dut negozioa, baina kezka hori bueltaka dabil etengabe.
64 urte dituzula ere esan duzu, eta sagardotegiko lana, nekosoa.
Bai, oso. Fisikoki ondo sentitzen naiz, baina osasunari ere erreparatu behar zaio. Gero eta gehiago, gainera. ITV-a ere pasatzen hasi behar dugu, gero eta maizago. Aurrera goaz, pixkanaka. Luzapenera iritsi gabe gaude, oraindik, baina ahal den hobekien bizitzen saiatu behar dugu, orain arte egin ez ditugunak egiten. Sagardotegia, gogorra baino gehiago, lotua da. Hau ez da bulego bat, edo tailerra. Aste bukaeratan ordu asko sartu beharreko negozioa da, eta belaunaldi aldaketek ohitura, lehentasun aldaketa ekarri dute.
Zu sagardotegian hasi zineneko garaiko gazteak, eta oraingoaz, ezberdinak direla, alegia.
Jakina. Ni sagardotegian lanean hasi nintzenerako banekien zer zegoen, ze lan, zenbat ordu. Damurik ez dut. Hasi eta segi, eta gustatu egin behar. Urteak aurrera joan ahala freskura galtzen joaten zara, eta horretaz jabetzea oso garrantzitsua da. Jendearen begietara lan egiten dugu, erre egiten zara, eta irudi ona eman behar duzu bai edo bai. Ostalaritzan ezin zaizu nabaritu ez zaudela gustura lanean, eta niri tarteka asko kostatu izan zait hori egitea. Gazteak ahal du, indarra, kemena, ilusioa duelako, baina adinean gora goazenontzat gero eta zailagoa da.
Hiru hamarkadatan dozenaka anekdota bizi izango zenituen. Ze balantze egiten duzu?
Oroitzapenak onak dira. Jende asko ezagutu dut, eta kontaktu eta lagun asko egin. Izan dira, noski, une bihurri samar batzuk. Normalean bezero onak, zintzoak izan ditugu, eta ez dugu arazo handirik izan. Gure etxera etortzen zenak bazekien zer eskaintzen genuen, eta askok errepikatu egiten zutela esango nuke, beraz ezin hobe.
Onean eta txarrean, pasadizoren bat botatzeko moduan?
Onak asko. Zurrutari ematen zaionean jendea aldatu egiten da, halako askatasunarekin jokatu. Katxondeo askoko egunak bizi izan ditugu. Sagardotegietara etortzen den jendea aldatu egiten da, futbolera joaten denean bezala. Pertsona jator bat ezagutzen duzu, eta futbolean zeharo aldatzen dela ikusi. ‘Ez da posible’, pentsatzen duzu, baina gertatzen da. Sagardotegian ere beste hainbeste. Txarrean, beno, koadrila bat etorri zen, 18-20 lagunekoa, eta ordaindu gabe egin zuten martxa. Imanol eta Xabi ilobek gaia komentatu zuten sare sozialetan, eta horri esker berehala lokalizatu genituen. Bestelakoan gauza larririk ez.
Setien Moko sagardotegia ikur bat izan da Urnietan, eta urnietar askorentzat. Autorik gabe bertaratzeko aukera, gertuko tratua, azken orduan etortzeko aukera… Herria triste jarriko da, ateak itxiko dituzula jakiten duenean.
Beno. Ahaztu baino lehen, eskerrak eman nahi nizkieke etorri diren bezero guztiei, eta batez ere urnietar guztiei. Herriko jende asko hartu dugu, eta ondo ezkondu gara. Jende asko ari da itxieraren berri jakiten, eta askok geratzen naute herrian, nolatan itxiko dudan eta beste, oraindik ez daukadala jubilatzeko adinik.
Eta zer esan diezu?
Momentua etorri dela, eta ez dudala beste erremediorik eduki. Legalki urtebete falta zait 65 urteak egiteko, baina beste bizimodu bat egiteko gogoa aspalditik daukat.
Sagardotegia itxiko da, baina ez da itxiko duen azken jatetxea izango. Ostalaritza toki askok bide berdina jarraituko dute epe laburrean, zure ustez.
Bai, hala da. Elkarteetan ere gertatzen ari da. Hamarkada bat atzera ezinezkoa zen elkarteetan bazkide egitea. Egun gero eta toki gehiago dago, bazkide zaharrenak hiltzen ari direlako, eta gazteek ez dutelako bazkide izateko grinarik. Egungo gazte belaunaldia ezberdina da, eta kito. Guk ez genituen lehentasunak dituzte: kirola, eta asteburuetan aisia. Lehen astelehen edo asteartetan jendea sagardotegira etortzen zen, urrezko aroa izan zen. Orain apenas etortzen da jendea astegunetan. Bizitza ere asko garestitu da. Kostuak, batez ere, eta soldatak ez dira neurrian igotzen. Sagardotegiko bazkari edo afaria 35-40 eurotan dago, eta justu antzean bazabiltza, normala da bizio horiek kentzea.
Sagardotegiek jatetxe kutsu gero eta agerikoagoa daukatela diotenekin ados al zaude?
Bai, erabat. Duela 10 urte janaria plateretan zerbitzatu beharko genuela zioten batzuk, eta erotuta ote zegoen botatzen genion orduan. Gaur plater bat ez, bi jarri behar ditugu, jendea ez delako konformatzen. Jatetxeen traza hartzen ari gara, dudarik gabe, eta sagardotegiko kutsua, txikitu egin da nabarmen. Dagoeneko ez da plater bakarretik jaten, zutik jaten da… Sagardoari beste garrantzia, balioa ematen zitzaion iraganean: kupeletik hartu, eta trago bakarrean, barrura. Orain jendea hor ibiltzen da, sagardo basoarekin, hara eta hona, garagardo zurito bat bailitzan. Xarma hori galdu egin da, eta edan ez behar baduzu, ez hartzea onena. Edan ez den sagardoa lurrera botatzea bezala… zer esan behar diozu bezeroari? Sagardoa ekoiztea zenbat kostatu zaigun jakin eta hori ikustea…
Min handia egiten dizue sagardo ekoizleei keinu horrek, ezta?
Ikaragarria, sekulakoa. Ni ez naiz txotx-ean lanean egon, baina egon izan banintz, eta norbait sagardoa lurrera botatzen ikusi, kargu hartuko nioke, ziur. Sagardoari balore bat emateko ezin da lurrera bota. Tristea da.
Etorkizunik ikusten al diozu sagardotegiei?
Bai noski. Krisi asko pasa ditugu, eta ikusi egin behar oraingoak ze eragin utziko dituen: kostuak, soldatak… jendeak sosik ez baldin badauka, ez da sagardotegietara joango. Eta igotzen den gauza, ez da jaisten atzera. Gure gazte garaian, 23-25 urterekin Bentara joaten ginen afaltzera: sarrerakoak, txuleta bana, postrea eta sagardoa. Handik Gure Txokoa dantzalekura joan, eta egurra. 1.000 pezetarekin ateratzen ginen etxetik, eta diruarekin itzuli etxera. Diruak balore bat zeukan, gauza asko egin zenitzakeen. Egun, eta konparatze aldera, sei eurorekin zer egiten da? Orduko plan hura egiteko gaur 100 euro behar dira, eta diru asko da. Eta halere, aurrera egingo dute sagardotegiek. Nik ezagutu dudan xarmarik gabe, baina bukatu da. Modernitatea etorri da, baina tradizioak zaindu gabe. Batez ere gauetan. Zenbatetan galdetu diot nire buruari, zertara datorren jendea. Ez jan, ez edan, zigarroa erretzen etengabe atarian… Nire onetik ateratzen naute jarrera horiek.
Zer moduz ari zara zure bizitza berrira egokitzen?
Kostata. Ari naiz, baina tira. Burua askoz lasaiago daukat: erreserbarik ez dago, elikagaiak eskatzeko beharrik ere ez dut… Bukatu dela sinetsi ezinik nabil, baina sinetsi beharko dut, egunek aurrera egin ahala. Ilusio falta apur bat izan dut, baina ari naiz martxa hartzen: ehiza dela, koadrilarekin bazkariren bat… Zereginak baditut, eta ondo moldatzen ari naiz. Baina txotx-eko garaia gerturatu ahala, oroitzapenak burura etortzen zaizkit.
Sagardotegietara joateko asmorik bai, orain asteburuetan libre zaudela?
Bai noski, baina ez pentsa halako grina berezirik daukadanik. Gorputzak ere mezuak bidaltzen dizkizu, eta zaindu beharra daukat. Osasunez ondo nago, baina tentsioa eta beste ere zaintzen hasi behar… Lehen bazkari, parranda guztietara joaten nintzen. Orain neurrian ibili beharko dut.