Iragan ostiralean Urnietako Quel Abogados taldeak irabazi egin zuen La Salle Legazpiren aurkako partida (13-30), Bikuña kiroldegian. Urnietarrak nagusi izan ziren partida hasieratik amaierara arte, eta minutuak igaro ahala gol-errenta handitzen joan ziren. Garaipen garrantzitsua lortu zuen UKEren taldeak sailkapeneko laugarren postuan kokatzeko, denboraldiko lehen itzulia bukatzeko neurketa bakarra falta denean.
Urnieta Artola Harategia taldeak, berriz, zorte txarragoa izan zuen eta 22-28 galdu zuen Indupime Basauriren aurka. Norgehiagoka parekatua hasi zen arren, lehen zatiaren erdialdean bisitariek gol errenta handitzea lortu zuten eta, atsedenaldira arte, mantentzea lortu zuten (11-15). Gorritxoak emaitza iraultzen saiatu ziren, baina bizkaitarrek ez zioten aukerarik eman etxeko taldeari.